Hamabost eguneko greba hasi dute Gestamp GTHko langileek, ituna eskatzeko

2018. urtearekin iraungi zen aurreko hitzarmena, Gestamp taldeko beste enpresetan baino baldintza kaskarragoak finkatzen dituena

Gestamp Tool Hardening (GTH) enpresako langileak, grebaren lehen egunean, Derion. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Urtarrileko lanuzte partzialekin helburua lortu ez dutela ikusita, greba luzearen bidea hautatu dute Gestamp GTHko langileek. Hamabost eguneko greba egunetatik lehena izan zuten atzo Bizkaiko parke teknologikoko enpresa horretako 150 langileek, lan itun berri bat eskatzeko. Agiri baten bidez, langile batzordeak azaldu du grebak erantzun zabala izan duela: «%100ekoa tailerrean, eta %85eko ingeniaritzan». .

Gestamp Tool Hardening autogintza sektoreko enpresa bat da, eta estanpazioko trokelak beroan egiten dituen lantegi bakarra Gestamp taldearen barruan. Konpainiak beste zazpi enpresa ditu Bizkaian: trokelgintza hotzean lan egiten duten beste bost fabrika, lantegi horiei zerbitzuak ematen dizkien azpikontrata bat, eta estanpaziorako lantegi bat, Abadiñon.

GTH enpresa 2010. urtean sortu zuten, Boroan (Zornotza, Bizkaia). 2011. urtean Gallartara eraman zuten, eta 2015. urtean mugitu zuten orain dagoen lekura, Derioko lurretara. Hogei langileko enpresa txikia zena asko handitu da azken urteetan, 150 langile izateraino. Horietako asko dira ingeniariak, 2017. urtean Diede ingeniaritza enpresa beretu zuelako.

Enpresa itun baten bidez arautu dira orain arte lan baldintzak, baina itun hori abenduaren 31n iraungi zen. Baldintza horiek Gestamp taldeko beste lantegiek dituztenetatik «oso behera» daudela ziurtatu du langile batzordeak. Sindikatu nagusiak, LABek, azaldu du GTHren iraupena kolokan zegoen garai batean sinatutako ituna zela, eta horrek lan baldintza kaskarragoak onartzera behartu zituela.

Gaur egun enpresa ongi doanez, baldintza hobeagoko itun bat nahi dute langileek. Irailean hasi zuten negoziazioa, baina, fruiturik ematen ez zuenez, urtarrileko lehen astean lanuzte partzialak egitea erabaki zuen langileen batzarrak. Orduz geroko bilerek ere ez dute «mugimendurik» ekarri zuzendaritzaren partetik, eta, horregatik, erabaki dute greba luze bat hastea, hamabost egunekoa.

Eskaera Jaurlaritzari

Langileen ordezkariek gogorarazi dute joan den astean Eusko Jaurlaritzak lau urterako lankidetza hitzarmen bat sinatu zuela Gestamp taldearekin. autogintzaren lehiakortasuna handitzeko. Autoen sektorea estrategikoa izanik, eta Gestampek horren barruan duen pisu handia ikusita, enpresaren ikerketa eta garapena lagunduko duela hitzeman zuen Gasteizko gobernuak, hark lehiakortasuna irabazteko. Gestamp bazkide duen aldetik, Jaurlaritzak «ez luke onartu behar» talde horretan «lehen eta bigarren mailako langileak» egotea, GTHko langile batzordearen arabera. «Gestampen lehiakortasuna ezin da oinarritu langileen multzo jakin bat prekarizatzean. Hainbat milioiren irabaziak lortu eta dibidenduak banatzen dituen enpresa batek pertsonetan ere inbertitu beharko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.