Olaberentzat, «aukera handia» da Europa liga: «Ez goaz oporretara»

Aurreko sasoikoa baino talde hobea dutela esan du kirol zuzendariak. Denboraldia «ondo» hasi dela dio, baina asko dagoela hobetzeko

Roberto Olabe Realeko kirol zuzendaria, atzoko agerraldian, Anoetan. REALA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Realeko kirol zuzendari Roberto Olabek agerraldi bat egin zuen atzo hedabideen aurrean. «Sarrera batekin hasiko naiz», ekin zion hitz-aspertuari, eta hamar minutu pasa aritu zen estreinako zati horretan, kazetarien galderei erantzun aurretik. «Denboraldi hau erronka polita da guretzat, gurea ezarriz joateko», adierazi zuen. Eta horretarako, hiru euskarri edo helduleku nabarmendu zituen: heldutasuna, exigentzia eta hazkuntza. Sasoi honek badu ezohiko txapelketa bat Realarentzat: Europa liga. Baina Olabek aparteko indarra jarri zuen baieztapen honetan: «Ezohiko egoera bakarra zalerik gabe jokatzea izan dadila lortu behar dugu. Beste guztia ohiko bihurtzea da gure erronka».

Bihar ekingo dio taldeak Europako ibiliari, Rijekan (Kroazia), eta kirol zuzendariak garbi asko adierazi zuen lehiaketa horrek zer izan behar duen Realarentzat: «Aukera handia da izan nahi dugun horretara heltzeko. Ez goaz oporretara. Ez goaz pizza jatera Napolira, ezta Adriatikoa ikustera Kroaziara, ez eta Amsterdameko kanalak bisitatzera». Uste du taldeak lehiaketa polita egin dezakeela.

Baikortasun horri hauspoa ematen dio liga hasiera onak: lider da Imanolen taldea. «Pozik nago, jakina. Nortasuna betikoa da; jokatzeko eredua ez da aldatu, baina taldeak beste sendotasun bat dauka orain». Honela definitu zuen jokoa: «Taldeak gauzak gertarazten ditu, eta ez da gerta daitezen zain egoten. Ezaugarri horrekin bat nator erabat». Baina exigentzia berriz ere: «Badugu zertan hobetu».

Hobekuntza edo eraldatze horretan kokatu behar da taldeko jokalari kopurua. 26 dauzka Imanolek, eta horren azalpena eman zuen Olabek: «Ezohikoa da denboraldia, osasun egoeragatik, batetik, eta lehiaketa asko jokatu behar ditugulako, bestetik. Horregatik osatu dugu talde handia eta luzea». Gaztetasunari eman zion garrantzia: «Batezbestekoa 25 urtetik beherakoa da, eta jokalari guztiak kontuan hartuta, batez beste zortzi urte daramate gurekin. Hori da izan nahi duguna». Reala eta Zubieta batzen dituen proiektua «oso bizirik» dagoela azaldu zuen. Egitasmoaren oinarria «belaunaldiak elkartzea» dela esan zuen.

Fitxaketa aldiaz gogoeta

Kazetarien galderen txandan heldu zion fitxaketak egiteko amaitu berri den aldiari: «Taldea hobea da orain, urtebeteko esperientzia dutelako elkarrekin jokatzen». Erdiko atzelari bat saldu, Diego Llorente, eta inor fitxatu ez izanak, jarduna eragin du klubaren inguruan. Taldeko erdiko atzelarien alde egin zuen Olabek: «Zalantza daukat taldetik kanpo dagoena taldekoa baino hobea den».

Aurrelarien inguruan, onartu egin zuen Carlos Fernandez espainiarra fitxatzen saiatu direla, baina Willian Jose goratzen saiatu zen: «Ikusi besterik ez dago haren datuak nolakoak diren Realean. Gainera, hemen geratu nahi izan du oraingoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.