Donostiako Aste Nagusia 

Berrikuntzak eta tradizioa uztartuz

Euskal folkloreak egunero hartu du Konstituzio plaza Aste Nagusian, beste urte batez. Asteartean, Eskola Dantza taldearen txanda izan zen, eta ikusle ugari batu zituen plazan. Tradizioa oinarri hartuta, berrikuntzez betetako emanaldia eskaini zuten. Gaur, Trebeska dantza taldea igoko da taula gainera.

Donostia
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Dantza talde asko ari dira pasatzen egunotan DonostiakoKonstituzio plazatik. Eskola Dantza taldeak kolore biziekin hartu zuen plaza asteartean, eta Euskal Herriko txoko askotako dantzak ikusteko aukera eman zuen. Guztira, 30 dantzari inguruk eta sei musikarik hartu zuten parte emanaldian. 45 urte daramatzate jada urtero-urtero Aste Nagusian dantzatzen.

17:30erako hasi ziren prestakuntza lanak. Aulkiak jartzen amaitu, eta ez zen denbora asko pasatu horiek bete arte. 18:30 alderako, hamar bat soilik zeuden libre. Horietako hiru Aimar Arresek eta bere familiak hartu zituzten. «Plazaren ertz hau ozta-ozta harrapatu dugu. Hiru eserleku behar genituen eta zorte handia edukita, eserita ikusiko dugu», azaldu zuen Arresek. Urtero etortzen dira dantzak ikustera: «Ez dugu aukeraketa berezirik egin ohi. Aurten, gaur etortzea ondo egokitzen zitzaigun, eta hemen gaude. Euskal Herri osoko dantzak egingo omen dituzte, eta itxura ona du. Eguraldi txarra egiten badu ere, prestatuta gaude, aterkia hartuta etorri gara eta».

Plaza artean betetzen ari zen bitartean, dantzariak oholtza atzean zeuden arropa prestatzen nahiz luzatze ariketak egiten. Taldearentzat Konstituzio plazan dantza egitea oso berezia zela azpimarratu zuen Arkaitz Bastida Eskola Dantza taldeko dantzariak: «Gure herriko plaza da; guretzat, oso berezia da gaurko emanaldia. Urtero plaza bete jende aurkitzen dugu, eta plazer bat da hori». Iaz, 75 urte bete zituen dantza eskolak, eta aurtengoa aro berri baten hasiera dela azaldu zuen dantzariak: «Aurtengoa, 75+1 izango da, eta gure tradizioak zeintzuk diren argi utziko dugu».

75. urteurrenarekin batera, Eskola Dantza taldean zuzendari aldaketa izan zuten, eta horrek hainbat aldaketa sorrarazi dituela esan zuen Bastidak: «Ez dakigu publikoak nola hartuko dituen aldaketak eta bide berri hau. Gainera beste urteetan baino denbora gutxiagoan prestatu dugu. Normalean, urri aldera hasten gara emanaldia prestatzen, eta aurtengoan apirilean hasi gara, abenduan beste emanaldi bat izan baikenuen». Dantzarako ilusioz eta gogotsu agertu zen dantzaria, ordea.

19:15 alderako bete zen plaza. Eserita zegoen jende kopuru antzekoa zegoen zutik, emanaldia noiz hasiko zain. Zutik zeudenetako batzuk Eskolako dantzari ohiak ziren. Zutik ikusten dute beti, dantzarien oinak hobeto ikusteko. «Hor dantza egindakoa naiz, eta urtero etortzen naiz ikustera. Inoiz ez naiz esertzen, hankako detaileak ez dira-eta berdin estimatzen», azaldu zuen Ainara Vazquez dantzari ohietako batek. Ikusle rolean hamar urte daramatza, 2006an egin baitzituen azken dantzak Aste Nagusian. «Inbidia pixka bat ematen dit», aitortu zuen; «lagunak ditut bertan, eta lotura handia dugu dantzari ohiak garenok taldearekin». Dantza eskolari dagokionez, trantsizio momentu batean dagoela azaldu zuen: «Eskolaren ibilbidea adierazi nahi dute dantzekin, eta dantza tradizionaletako pausoetan oinarritutako koreografiak dantzatuko dituzte». Taldea horretan desberdintzen dela azaldu zuen, hau da, tradizioa mantentze horretan dagoela taldearen nortasuna.

Publikoan turistak ere baziren, tartean Xavi Samso bartzelonarra. Pirinioetan ibili ostean, Donostian egin zuen geldiunea. «Telebistan euskal dantzak ikusita nago, eta banuen gogoa aurrez aurre ikusteko», adierazi zuen Samsok. Aste Nagusiko programa asteartean bertan jaitsi, eta euskal dantzak ikusteko aukera zuela ikusi zuen. Ez zuen dudarik egin eta plazara gerturatu zen.

Emanaldia, hiru zatitan

19:30eko kanpai hotsekin batera igo ziren Eskola Dantza taldeko musikariak oholtza gainera, beltzez jantzita eta txapel zuriarekin. Berehala, dantzariak igo ziren musikarien martxan. Luzaideko (Nafarroa) Inauteriak dantzarekin eman zioten hasiera ekitaldiari. Jantzi koloretsuekin eta buruan kasko handi bat zutelarik dantza egin zuten. Irribarre aurpegiekin hasi ziren dantzan, eta emanaldi amaierara arte hala iraun zuten.

Emanaldia hiru zatitan banatu zuten. Dantza tradizionalak dantzatu zituzten lehenengo, eskolako koreografiak hurrengo, eta berriak azkenengo. Lehenengo saioa, atzera begiratzeko atala izan zen. Bigarrengoan, Josetxo Fuentes zuzendari ohiaren koreografiak dantzatu zituzten, eta hirugarrengoan dantza tradizionaleko pausoak erabiliz, koreografia berriak dantzatu zituzten. Oro har, dantza gehienak taldeka izan ziren, baina binaka nahiz banaka ere dantzatu zuten.

Publikoaren jarrera aktiboa izan zen emanaldi osoan. Dantza batzuetan, txalo egiten zuten dantzariek, eta ikusleek martxari jarraitzen zioten eurek ere txalo eginez, irribarretsu. Noiz edo noiz plazan biribilean jarri eta dantzara animatu zirenak ere baziren. Arratsalde osoan, aurresku batek ere izan zuen lekua; tradizionala izan zen, baina berritasun kutsu batekin.

Dantza deigarriena, berriz, 20:00etako kanpaiekin hasi zen. Dantzariak oholtzatik plazara irten ziren, eta dantzarietako bati hilkutxa bat zirudien egurrezko kaxara igotzen lagundu zioten. Horrek, kaxaren gainean bi dantza egin zituen. Txalo zaparrada batekin itzuli ziren oholtzara. Dantza, milaka sakelako telefonoetan grabatuta gelditu zen.

20:45 aldera heldu zen emanaldiaren amaiera. Lehenengo, musikariak agurtu ziren, eta gero dantzariak. Eskerrak emanez itxi zuten emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.