Alfonbra gorririk gabeko zinema jaialdia hasiko da, gaur, Venezian

Hemezortzi film izango dira Urrezko Lehoia eskuratzeko lehian. Gitai eta Kontxalovskiren azken lanak izango dira ikusgai, besteak beste

Atzo azken prestalanak egin zituzten zinemaldiaren egoitzaren inguruan. ETTORE FERRARI / EFE.
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta hilaren 12ra bitartean egingo da Veneziako 77. Zinemaldia. Pandemia dela eta, jaialdiak segurtasun neurri ugari hartu behar izan ditu, eta, horren ondorioz, publiko kopurua murriztuko dute. Denera, hemezortzi ekoizpen izango dira Urrezko Lehoia eskuratzeko lehian, eta film gehienak Europakoak izango dira. Hain zuzen ere, azpimarratzekoa da aurten ez dela AEBetako zinemagilerik izango Sail Ofizialean. Lehiaketan izango dira, aldiz, Venezian aurretik ere lehiatu diren hainbat zuzendari, Amos Gitai israeldarra eta Andrei Kontxalovski errusiarra besteak beste.

COVID-19ak gogor jo du Italia otsailetik, eta Veneziako zonaldean bereziki eragin handia izan du. Dena den, Cannesen ez bezala, Venezian zinema jaialdia egitea lortu dute antolatzaileek. Ez da izar handirik izango, eta jende pilaketak saihesteko, alfonbra gorririk ere ez dute jarriko. 1932an jaialdia lehen aldiz egin zenetik, bi alditan soilik gertatu da hori: Bigarren Mundu Gerran eta 70eko hamarkadan, Veneziako Bienala eraberritu zutenean.

Jaialdia Daniele Luchetti zuzendari italiarraren Lacci filmaren lehiaz kanpoko emanaldiarekin hasiko da gaur. Urrezko Lehoia eskuratzeko lehen hautagaia, berriz, Nomadland izango da. Chloe Zhaok (Pekin, 1982) zuzendutako lana da, eta Frances McDormand aktorea du protagonista. 2008an AEBetan izandako Atzeraldi Handian girotutako lana da.

Kontxalovskik (Mosku, 1937) Dorogie Tovarischi! / Dear Comrades! filma aurkeztuko du Vennezian, 1962an Sobietar Batasuneko langileek egindako manifestazioetan oinarritutakoa. Gitai, berriz, (Haifa, Israel, 1950) Laila in Haifa pelikularekin izango da jaialdian; hiri horretako dantzaleku batean biltzen diren bost emakumeren istorioa kontatzen du.

Lehiaketan parte hartuko duten hemezortzi zuzendarietatik zortzi emakumeak izango dira aurten. Nicole Garcia (Oran, Aljeria, 1946) Amants filmarekin lehiatuko da, Emma Dante (Palermo, Italia, 1967) La Sorelle Macaruso-rekin, Mona Fastvold (Oslo, 1981) The World To Come-rekin, Susanna Nicchiarelli (Erroma, 1975) Miss Marx-ekin, Jasmila Zbanic (Sarajevo, 1974) Quo Vadis, Aida-rekin, Julia Von Heinz (Berlin, 1976) Und Morgen Die Ganze Welt / And Tomorrow The Entire World-rekin, eta Malgorzata Szumowska (Krakovia, Polonia, 1973) Sniegu JuzNigdy Nie Bedzie / Never Gonna Snow Again-ekin.

Lehiaketan arituko diren gainontzeko filmak Hilal Baydaroven In Between Dying, Kiyoshi Kurosawaren Wife of a Spy, Majid MajidirenKhorshid /Sun Children, Kornel Mundruzcoren Pieces of a Woman, Claudio Noceren Padrenostro, Michel Francoren Nuevo orden, Gianfranco Rosiren Notturno eta Chaitanya Tamhaneren The disciple izango dira.

Dokumental ugari

Urrezko Lehoia eskuratzeko lehian eta gainontzeko sailetan ikusi ahalko diren filmez gain, 11 dokumental estreinatuko ditu Veneziako zinemajaialdiak. Horien artean, Greta Thunberg aktibistaren inguruko bat, Greta, eta Willem Dafoe protagonista duen Sportin Life.

Bestalde, Tilda Swinton (Londres, 1960) aktoreak eta Ann Hui (Anshan, Txina, 1947) zinemagileak jasoko dute aurten Ohorezko Urrezko Lehoia, haien ibilbide profesional osoa aitortzen duen sari berezia. Swintonek gainera, Pedro Almodovarrek zuzendutako Human Voice film laburra aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.