Albistea entzun

Neskatoak, kanpoan lan egitera behartutakoak

1950eko hamarkadatik aurrera, emakume askok etxea utzi eta nagusiki Iparraldera joan behar izan zuten, etxeetan edota hoteletan lan egitera. Jon Abrilek haien testigantzak bildu ditu 'Neskatoak' dokumentalean.
<b>Uniformea soinean.</b> Pakita Burguete, Nati Beratsain, Mari Paz Lazkanotegi eta Pakita Beratsain Ziburun neskato aritu ziren.
Uniformea soinean. Pakita Burguete, Nati Beratsain, Mari Paz Lazkanotegi eta Pakita Beratsain Ziburun neskato aritu ziren. BERRIA

Iker Tubia -

2016ko martxoak 4 - Bera

Gerraren ondoren, 1950eko hamarkadan etxetik urruti lanera joatea egokitu zitzaion Hego Euskal Herriko jende askori. Haien artean, badira oharkabean igaro diren langile finak: neskatoak. Anitz izan ziren etxea utzi, eta beste batenean lan egitera sartu zirenak. Edota hoteletan lanaldi luzeak egiten zituztenak.

Bidasoa-Baztan inguruan oso ohikoa izan zen hura. Orain, etxeko lanetan aritzeko kanpora joan zirenei aurpegia eta ahotsa jarri die Jon Abrilek Neskatoak dokumentalean. Etxean hainbeste aditutako istorioak historiaren parte izan behar direlakoan. Etzi aurkeztuko du filma, Berako kultur etxean, 19:00etan.

Etxeetan beharra zegoen. Horrek eraman zituen Mari Carmen Tapia (Lesaka, Nafarroa, 1952) eta Inma Uranga (Zugarramurdi, Nafarroa, 1950) kanpoan neskato ibiltzera. Biak etxetik gertu hasi ziren: Lesakan Tapia, eta Dantxarinean Uranga. 12 urterekin lehenbizikoa, eta 15ekin bigarrena. «Haur bat nintzen», dio Tapiak. Biek ala biek gaizki pasatu zuten lehenbiziko lanarekin. Gerora, hartu zioten neurria.

Bigarren belaunaldiko neskatoak izan ziren. Lehenbizikoak haiek jaio ziren urte inguruan hasi ziren Iparraldera lanera joaten. Ez zuten baimenik, ezta pasaporterik ere. Mendia zeharkatu behar izaten zuten, gordeka. Orduko emakume haien lan baldintzak oso txarrak ziren. 1950eko hamarkada hondarrean lortu zuten pasaportea, baina hasieran mugatua zen; hirutan zeharkatzen ahal zuten muga.

Gerora pasatzeko arazo handirik ez bazen ere, Tapiak gogoratu du Carrero Blanco hil zutenean egoera nahastu egin zela. «Etxeko andrea bila etortzen zitzaigun Behobiaraino, eta lan eskutitzarekin ez zen arazorik izaten». Batzuetan urduri ere jarri izan zen. Izan ere, Telesforo Monzonen etxean ari zen garai hartan.

Mugarena zen erraztasun bakarra. Gainerakoan, erraztasun gutxi. Tapia 12 urterekin hasi zen neskato, Lesakan. «Nire unibertsitatea izan zen», dio, lanari erreferentzia eginez. Haurrak zaindu, etxeko lanak egin, eta, ondoren, eskolara. «Lan guziak eginda, gero eskolara? Ikasteko afizioa joan zen erabat», onartu du. Hala, 14 urterekin, Lesaka atzean utzi, eta Irunera joan zen lanera. 1.500 pezeta kobratzen zituen. Baina haren egoera ez zen beste neskato askorenarekin alderagarria: «Andrea fabrikatik ateratzen zen arratsaldeko lauretan, bazkaltzen zuen, eta joaten ginen biak hondartzara, edo Donostiara zinemara. Ezkongabea zen, eta alaba baten gisan tratatzen ninduen, primeran».

Iparraldera joatea deliberatu zuen 17 urterekin, ahizparekin batera lan egitera. 4.000 pezeta irabazten hasi zen Monzonen etxean neskato, Donibane Lohizunen. Bi urteren buruan, ahizpa ezkondu, eta bakarrik geratuko zela esan zien etxeko jabeei, baina 8.000 pezeta kobratuta. Onartu egin zuten.

Aukera bakarra, ateratzea

Zugarramurdin ez zen lanik garai haietan. Dantxarinean 750 pezeta kobratzen zituen Urangak, eta lau haur zaindu behar zituen. 17 urte betetakoan Ezpeletako etxe batera joan zen lanera. «Ez zen inor ere. Aste guzia bakarrik ematen nuen, eta hori gogorra zen niretako». Izan ere, Ezpeleta eta Kanbo artean zegoen etxe hura. Inguruan zelaia baizik ez zuen.

Hiru urte egin zituen han, eta, ondoren, Biriatun eta Miarritzen aritu zen, baina, etxe partikularretan aritu beharrean, hoteletan. «Hoteletan pixka bat gehiago irabazten zen, eta baziren propinak». Zortzi hilabetez aritzen ziren lanean, Aste Santuan hasi eta azarora bitarte. «Miarritzen lana oso gogorra zen: hotelekoa lan esplotazio hutsa zen. Goizeko zazpietan jaiki, eta lanean hasten ginen. Arratsaldean izaten genuen bi egunez bi ordu libre, arropa garbitzeko, eta segitzeko». Larunbat eta igandeetan lana, egun libreren bat hartzeko zailtasunak, eta udan, egunero-egunero, gelditu gabe.

«Orain inork ere ez luke aguantatuko astelehen goizean sartu, eta igande goizean atera. Ekuadortik datozenek egiten dute orain guk egiten genuena», azaldu du Tapiak. Berak, igandea libre izanda, azken tantaraino aprobetxatzen zuen. Astelehenean kuluxka egin behar izaten zuen. «Berandu joaten ginen lo egitera, eta, gero, biharamunean autobusa hartzeko goiz jaiki. Leher egina ailegatzen nintzen».

Urangak zailago izaten zuen. Urrutiago zegoen, eta oso gutxi libratzen zuen. Dena den, noizbait ere egiten zituzten besta txikiak langileen artean. Behin baizik ez zen Zugarramurdiko bestetara joan, eta larrutik ordaindu zuen. «Auto batean eraman gintuzten. Biharamunean leher eginda nengoen, eta erori egin nintzen. Plater pila nituen, eta denak gainera. Sartu ninduten pastilla batekin ohean bizpahiru orduz, jaiki, eta berriz ere lanera». Nagusien errieta ere jaso zuen horregatik.

Sosa, etxera bueltan

Beharrak bultzatu zituen kanpora ateratzea, eta irabazitako sosa etxera itzultzen zuten, ezkontzeko ziren arte. «Noski, ez genuen gastatzen. Ez zenuen behar arroparik aste tarteko, ez zenuen behar jateko...», azaldu du Tapiak. «Etxeko lehenbiziko telebista nik erosi nuen», gehitu du Urangak. Hark dirua multzo egin, eta titietan gorderik pasatzen zuen Hegoaldera. Franko eta pezeten arteko kanbioa nola zegoen kezka nagusietako bat zen: «Hala ibiltzen ginen: 'Kasik hamabostean dago'».

Tapiak gogoan du aitaren behia hil zenekoa. 20.000 pezeta balio zuen beste bat erosteak, eta ezin erosi. Beraz, alaba dirua gordetzen hasi zen. «Oroitzen naizenean, zer poza ematen didan; aitak halako beharra zuen, nola erosiko zuen ba behia?», azaldu du.

Baina haien lana ez zen aitortua. Eta, oraindik ere, ez da. «Batzuetan gutxiago sentitzen ginen. Ez anitz, dena den», dio Urangak. Espainolak hotelera joaten zirenean «nardagarriak» zirela gogoratu du, hesia paratzen zuten zerbitzarien eta haien artean. Klasismoa. Gaur egun horri gehitzen zaio arrazismoa, haien ustetan. «Baina gure beharra bazuten. Nork garbituko zien etxea?», dio Tapiak. «Etxeko lanak dira, gehiago prezatu behar zen».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gliese 486b planeta nolakoa izan daitekeen erakusten duen irudi artistiko bat. ©RenderArea / José Caballero / Max-Planck-Instituts für Astronomie

Planeta bati eta haren izarrari 'Su' eta 'Gar' izenak jartzea proposatu du astronomo talde batek

Edu Lartzanguren

NBEren Hizkuntza Indigenen Hamarkadaren harira, Astronomoen Nazioarteko Batasunak eskatu du izenak proposatzeko 20 planetarentzat

Baionako Merkatu plaza ©Berria

Iparraldeko euskal hedabideek saio berezia egingo dute larunbatean

Urtzi Urkizu

Euskara, hedabideetatik karriketara! izenburupean, hainbat gonbidatu izanen dituzte Merkatu plazan, 11:00etatik 12:00etara.

Ezkudia-Altuna finala ©Aritz Loiola / Foku

ETB2k %7,7ko ikusle kuota izan du azaroan, 2019ko udatik lortutako txikiena

Urtzi Urkizu

ETB1en, lau eta erdikoaren finalak %24,5eko ikusle kuota lortu zuen, eta %1,9ko batezbestekoa izan du azaroan. ETB3k %0,2ko ikusle kuota du.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Erlojuak berebiziko garrantzia du gizartean»

Unai Etxenausia

Erlojugilearen ogibidea galtzear dago. Sueskunen ustez, ordua emateko baino askoz gehiagorako balio du erlojuak, eta «arma boteretsu bat» ere izan daiteke batzuetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.