Aitor Sarasuak egindako sorkuntza lana gogoratuko dute bihar Aretxabaletan

Antzerkia, musika, dantza eta bertsoak izango dira ekitaldian. Bildutako dirua VHL sindromearen ikerketara bideratuko dute
Aitor Sarasua bertsolaria eta bertsolaritzaren sustatzailea.
Aitor Sarasua bertsolaria eta bertsolaritzaren sustatzailea. BOB EDME

Miren Garate -

2019ko martxoak 15
Hegotik iparrera egin zuen Aitor Sarasuak: Aretxabaleta (Gipuzkoa) sorterritik Itxasura (Lapurdi). Han hil zen, joan den azaroaren 14an, 51 urte zituela. Bide horri aipamena eginez, Hegotik iparrerantz izena jarri diote bertsolariaren bizitza ardatz hartuta prestatu duten ekitaldiari. Bihar izango da, 18:00etan, Aretxabaletako Ibarra kirolegian. «Gure helburua izan da ekitaldi berean biltzea Aitorrek landu zituen diziplinak eta harekin harremana izan zuten pertsonak, Hegoaldekoak eta Iparraldekoak», azaldu du Martin Berrizbeitia antolatzaileak.

Alde batetik, antzerkia egongo da ekitaldian, eta Ildoka konpainiako kideak igoko dira oholtzara. «Antzerkia idatzitakoa zen Aitor, eta antzerkilariekin ere harreman handia izan zuen». Hitz ugari idatzi zizkien hainbat musikariri ere, eta ekitaldian izango dira Mixel Ducau, Caroline Phillips, Maitena Beheran eta Xebastian Sedez musikariak. Dantzan eman zituen pausoak gogoratzeko, berriz, Loramendi eta Leizarra dantza taldeek hartuko dute parte, bai eta Sarasuarekin dantzan ibilitako batzuek ere. Eta, nahiz eta ekitaldiak ez duen bertsolaritza erdigunean jarriko, bertsoak ere izango dira, noski; bertsolari eta bertso sustatzaile gisa egindako lanagatik baitzen bereziki ezaguna Sarasua. Saio txiki bat egingo dute Miren Artetxek, Andoni Egañak, Amets Arzallusek eta Ainhoa Agirreazaldegik.

Berrizbeitiaren esanetan, Sarasuaren sorkuntza lana oso presente egongo da emanaldian, hala nola kantuetan eta poesia errezitaldietan. «Hegotik iparrerako ibilbide horretan jarri nahi izan dugu arreta; bide horri emango diogu garrantzia, azalduko dugu bidean nola pasatu zen hainbat diziplina eta ingurutatik, eta horiek denak biltzeko asmoa daukagu». Saioak bi ordu inguru iraungo du.

Zazpiehun lagunentzako lekua egongo da, eta bi modutara eskuratu ahal izango dira sarrerak; alde batetik, egunean bertan kiroldegiko lehiatilara joanda, 17:00etatik aurrera; bestetik, Arkupe kultur etxera deituta eta erreserba eginda —(0034) 943-08 10 01 da telefono zenbakia—. Azken bide hori erabiliz gero, sarrerak derrigor bihar hartu beharko dira kiroldegiko lehiatilan, 16:30etik 17:00etara bitartean, sobera geratzen direnak salgai jarriko baitira.

Bost euro balioko dute, eta biltzen den dirua Von Hippel Lindau sindromea ikertzen duen Senbabide fundaziora bideratuko dute. «Diru bilketa ez da ekitaldiaren ardatz nagusia, baina aprobetxatuko dugu gaitza mahai gainean jartzeko». Iaz sortu zuten elkarte hori, VHL sindromea daukaten pertsonen elkargune izateko eta ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzeko. Hain zuzen, urte askoan erasan zion gaixotasun horren ondorioz hil zen Sarasua. Antolatzaileek espero dute biharko ekitaldira Euskal Herriko txoko askotako pertsonak joatea. «Aitor asko mugitu zen hemendik hara, leku askotan ibili zen, eta ea lortzen dugun eskualdetik kanpoko jendea ere etortzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna