Hamasei konpainia ariko dira Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 29. Jaialdian

Bihartik otsailaren 16ra, formatu txikiko askotariko 34 emanaldi izango dira hiriko 26 espaziotan. Poltsiko Sorkuntza deialdiaren irabazleek, hots, Ttak Teatroak eta Kamikaz Kolektiboak, 'Matriuska' aurkeztuko dute

Jaialdiaren antolatzaileak eta hainbat parte hartzaile, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Donostiako 29. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia. Formatu txikiko antzezlanak hiriko auzo guztietara eramaten ditu urtero festibalak, eta halaxe egingo du aurten ere. Hamasei konpainiak parte hartuko dute, eta 34 emanaldi egingo dituzte guztira, ohikoan halako ikuskizunak hartzen ez dituzten 26 espaziotan —hainbat taberna eta zahar etxe, adibidez—. «Harribitxi» gisa definitu du jaialdia Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak. Emanaldi guztiak doan izango dira.

Programazioan askotariko lanak biltzen saiatu dira aurten ere,Jon Aizpurua Kultur Ekintza saileko zuzendari teknikoak azaldu duenez. «Beti bezala, gure asmoa denetarik egotea izan da; poltsiko antzerkia, zentzu zabalean. Hala, komediak egongo dira, bakarrizketak, antzerki musikatua, clowna...». Hizkuntzari dagokionez, euskarazko zazpi obra emango dira, eta gaztelaniazko bederatzi —hamasei emanaldi izango dira euskaraz, eta hemezortzi gaztelaniaz—. Hamasei konpainietatik zortzi dira emakumeek osatutakoak; beste bat mistoa da, eta beste zazpiak, gizonek osatutakoak.

Azken emanaldia otsailaren 16an izango da, eta, bezperan, jaialdiari amaiera emateko festa egingo dute Intxaurrondo kultur etxean, 21:30ean. Paula Valluercak eta Nerea Arriolak beren bakarrizketak emango dituzte, eta The Chanclettes konpainia kataluniarrak, berriz, kabaret giroko Diskomobila ikuskizuna erakutsiko du.

Poltsiko Sorkuntza

Jaialdiaren harira, Poltsiko Sorkuntza lehiaketa ere izaten da urtero, formatu txikiaren esparruan euskarazko obrak bultzatzeko. Hamargarrenez egin dute aurten, eta hamar proposamen aurkeztu dira deialdira. Ttak Teatroaren eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska lana izan da irabazlea, eta Elur Sorkuntza Etxearen Esnatu naiz, berriz, finalista. Biak ala biak jaialdian estreinatuko dituzte.

«Plazera» izan da deialdian parte hartzea eta beren antzezlana sortu ahal izatea, Ttak Teatroko eta Kamikaz Kolektiboko Iraia Eliasek eta Amancay Gaztañagak adierazi dutenez. «Bagenuen ideia bat bueltaka aspaldian, eta, bekari esker, posible izan da gauzatzea», adierazi du Eliasek. Haren ustez, «ederra» da formatu txikian aritzea, publikoarekiko gertutasun handia sortzen delako. Eskertuta agertu da Gaztañaga ere: «Donostia bada plaza bat gero ateak irekitzen dizkizuna».

Aurkikuntza bat egiten duten bi zientzialari dira antzezlaneko protagonistak, eta «ezustekoz betetako bidaia bat» egingo dute. Gainerakoan, eta umoretik jo dutela esateaz gain, bi sortzaileek ez dute xehetasun gehiagorik eman, publikoak bidaia haiekin egitea nahi baitute. Lau emanaldi egingo dituzte: otsailaren 2an, Egiako Le Bukowskin ariko dira; 9an, Igeldoko Itsas Aurren; 14an, Martuteneko Etxarrienen; eta 15ean, Bidebietako Kontadoresen.

Esnatu naiz lana, berriz, beste lau tokitan taularatuko dute: erdialdeko Botanika tabernan (hilaren 29an); Herrerako El Nidon (otsailaren 7an); Sagues auzoko Scannerren (9an); eta Egiako La Tabernan (14an).

Bi horiez gain, euskarazko beste hainbat lan ikusi ahal izango dira; tartean: Inpro-komeriyak (Iñaki Maruri, Ismael Pereira, Mitxel Santamarina); Irlandar edo euskaldun (Barry Barrez) eta Ez dok hiru (Tartean Teatroa).

Jaialdiaren programazio osoa eta bestelako xehetasun guztiak www.donostiakultura.eus atarian daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.