Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdian ikuspegi feminista txertatuko dute

Abuztuaren 4tik 7ra egingo dute. Programan, proiekzioak, ikastaroak, liburu aurkezpenak eta Lucia Herreroren argazki erakusketa daude

NIFFeko antolatzaileak, zinema jaialdiaren aurkezpenean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Genero ikuspegia txertatu nahi dute hirugarren NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdian. Emakumeek kameraren aurrean eta atzean egiten duten lana ikusgai egiteaz gain, besteak beste, idazleen eta argazkilarien lanak goraipatuko dituzte. Adibidez, Lucia Herrero argazkilariaren La bata (Mantala) erakusketa ikusgai egonen da. Jaialdia Iruñean izanen da, abuzturen 4tik 7ra. Joakin Calderon zuzendariak aurtengo festibalaren gai nagusia azaldu du: «Emakumearen gaia oinarri hartuta, zinema sozialaren alde egin nahi dugu». Toni Garciak zuzenduriko D'Artacan y los Tres Mosqueperros filmak emango dio hasiera jaialdiari. Apolo Filmsek Iruñean ekoitzitako film bat da.

Hainbat sailetan banatuta dago programa: Sail Ofiziala, Espainiar film laburrak, Ikasleen filmak, Film laburren gidoi lehiaketa, Berrogeialdiko filmak eta Nafarroan grabatzen. Sail horietatik bi berriak dira: Espainiar film laburrak eta Ikasleen filmak. Sail Ofizialean 21 film proiektatuko dituzte; horietatik lau, egile euskaldunenak. Horren adibide da Iratxe Arangurenen eta Luis Azanzaren Ausartu zaitez filma.

Espainiar film laburrak izeneko sailean, esate baterako, Barbara Fernandez zuzendariaren El baile del Estornino (Hartxoriaren dantza) film laburra ikusi ahalko da. Horrez gain, Euskal Herriko zuzendarien lanak ere badira. Guztira, hamasei lan daude, eta horietatik bost dira euskal egileenak, hala nola Sergio Azkarateren Erroak film laburra. Horrekin batera, egile katalanen lanak ere badaude: adibidez, Carme Quetglasen Xuetilandia.

Ikasleen filmak izeneko sailean, ikasleek eta hezkuntza zentroek egindako lanak bildu dituzte. Orotara, zortzi daude, eta horietatik bat euskal egile batena da. Hain zuzen ere, Cristian Ruizen Kutxi, de Berriozar (Kutxi, Berriozarkoa) filma.

'Online' ikusteko aukera

Besteak beste, proiekzioak, eskola magistralak, tailerrak eta argazki erakusketak bildu dituzte programan. Gainera, zinemagintzan genero ikuspegia txertatze aldera, Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezko Hedabideetakoen elkarteak Parekotasunaren eta berdintasunaren aldeko gutuna sinatuko du jaialdian egingo den ekitaldian. COVID-19a dela-eta, aurten ere online ikus daiteke jaialdia. Internetez nahiz zuzenean, doakoa da.

Epaimahaia 30 pertsonek osatzen dute, eta aurten ere Javier Tolentino izango da zuzendaria. Sarietan, baina, aldaketak izanen dira aurten; Zilarrezko Melitoi saria bikoiztu egin dute, eta, hortaz, 4.000 eurokoa izanen da. Gidoi lehiaketako saria, Melitoiaz gain, 500 eurokoa izanen da. Horrez gain, Ohorezko Melitoia Esther Garcia ekoizleak jasoko du, El Deseo (Nahia) ekoizteagatik. Sari banaketarekin amaituko da jaialdia, abuztuaren 7an, 21:30ean, Iruñeko katedralean. DJ Brunok musikaz girotuko du sari-banaketa ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.