Albistea entzun

Mendiak, gurutze bideak

Mendi ugaritan daude hildakoei eskainiriko oroigarriak eta gurutzeak. Batzuetan hainbeste daude, non hilerri itxura hartzen duten mendi gailurrek. Hernion neurriak hartu zituzten orain lau urte. Leku askotan, baina, arautu gabeko arazoa da ingurune naturaletan gurutzeak ezartzearen ohitura.

<b>Hernio. </b>2014an, ia oroigarri guztiak kendu zituzten gailurretik.
Hernio. 2014an, ia oroigarri guztiak kendu zituzten gailurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Etxeberria -

2017ko abenduak 9

Senideen edo gertukoen galera eta heriotza une gogorra, sentitua eta zaila izaten da. Askorentzat, hilerriak ez dira izaten euren gertukoei lur emateko lekurik aproposenak, eta mendiak hautatzen dituzte hildakoen atsedenerako azken leku gisa. Mendiak eta inguruak hildakoak oroitzeko oroigarriz, gurutzez eta metalezko xaflez betetzea dakar horrek, eta asko kexu izaten dira mendiek hartzen duten hilerri itxurarekin.

Horrelako zerbait gertatu zen orain lau urte Hernio gailurrarekin, Gipuzkoan. 2013an, 30 gurutzetik gora zeuden gailurrean edo mendirako bidean. «Ez dut ongi gogoan hildakoen omenezko zenbat gurutze zeuden, baina hogeita hamarretik gora, erraz», oroitu du Gregorio Iraola Albizturko alkate ohiak. Epe luzera, «egoera arazo bihur zitekeela ikusi genuen, eta pentsatu derrigorrezkoa zela neurriren bat hartu beharra», gaineratu du. Eta azpimarratu du: «Neurria ez zen hartu hildakoen oroimenaren eta oroigarrien kontra, arazo larri bat erregulatzeko baizik».

Egoerak bere horretan jarraituko balu, denbora batera gailurrean ehundik gora gurutze pila zitezkeela ikusirik, Hernio inguruko udalek biltzea erabaki zuten. «Horrek egoera jasanezin bat ekar zezakeela ikusi zenean hartu ziren neurriak. Argi genuen gaia kolektiboki landu behar zela, eta ez indibidualki, arrazoi sinple batengatik: Hernio denen ondarea delako», gogoratu du Iraolak.

Zortzi herrik dituzte Hernio mendiko lurrak: Aiak, Albizturrek, Alkizak, Asteasuk, Bidania-Goiatzek, Errezilek, Hernialdek eta Larraulek. Zortzi udal horietako ordezkariak eta Erniozaleen elkarteko kideak batzartu, eta arautzea erabaki zuten. «Ezin da lur publiko bat pribatizatu. Galdera sinplea da: lur hori publikoa da? Bai. Denona da? Bai. Beraz, zergatik ez dugu denok eskubidea horretaz gozatzeko? Horixe izan zen eztabaidaren oinarria».

Ez zen erraza izan afera: «Kontu handiz tratatu beharreko gaia da, sentimenduak baitaude tartean». Azkenean, urtebeteko gogoetaren ondotik, hildakoak oroitzeko oroigarriak galaraztea erabaki zuten, eta ordura arte jarritakoak kentzea. «Hildakoengatik jarritako gurutzeei buruz ari gara, ez erlijioarekin loturikoei buruz. Nik ez dut ezer Elizako ondarearekin. Jendeak ez ditzala gauzak nahastu», azpimarratu du Albizturko alkate ohiak. Eztabaidaren ondotik, «adierazpen bat egin zuten udal guztiek, eta Albizturko eta Errezilgo Udalek ordenantza bat atera zuten. Han zehazten da Hernioko eremuan ezin dela oroigarririk ezarri».

Ezarrita zeuden gurutzeen artetik, «hiruzpalauk baino ez zuten baimena eskatuta», oroitu du Iraolak. Oroigarriak kendu aurretik, «lokalizatu ahal izan ziren» senide guztiekin harremanetan jarri ziren, eta gehientsuenek ontzat hartu zuten erabakia: «Orokorrean, denek onartu zuten erabakia. Bakan batzuk oilartu ziren, baina, oro har, ona izan zen senideen jarrera». Egun, lau bat oroigarri baino ez dira geratzen. Gailurreko gurutze nagusia eta kalbarioetako gurutzeak bertan uztea erabaki zuten udalek.

Herniokoa, baina, ez da izan kasu bakarra. Orain bi urte, 2015ean, kexu bat jaso zuten Gipuzkoako Mendi Federazioan; Errenteriako Urdaburu mendi elkartetik zetorren ohartarazpena. Aiako Harria eta Jaizkibel inguruan hildakoen omenezko oroigarriak ugaritzen ari zirelako adierazi zuten kezka.

Igor Aldalur Gipuzkoako Mendi Federazioko Ingurumen teknikariak argitu duenez, «Gipuzkoan zabaltzen ari zen ohitura zela kontuan izanik, dekalogo moduko bat argitaratzea erabaki genuen. Dekalogo horretan esaten genuena da ongi iruditzen zitzaigula familiek oroitzapenerako leku bat izatea, baina plaka bat jarri ordez, zuhaitz bat landatzea gomendatzen genuen. Ongi iruditzen zaigu familiak puntu erreferentzial bat izatea, baina aldamenetik beste inor pasatzen bada, ez dauka zertan jakin han pertsona baten errautsak daudenik. Modu horretan bi helburu betetzen zirela pentsatzen genuen: familiak bere oroitzapen puntua zuen, eta mendiak ez ziren hilerri bihurtzen».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren iturriek zehaztu dute: «Gurutzeak edo plakak jartzeko mendiaren jabeari baimena eskatu behar zaio, mendia publikoa edo partikularra izan, eta herri bakoitzeko araudia ere aztertu behar da». Eta gaineratu du: «Babestutako natura guneetan eta herri mendietan horrelako elementuak jartzea mugatuta dago». Ohartarazi dute oroigarriren bat baimenik gabe jarriz gero, aldundiak «kentzeko neurriak» har ditzakeela.

Aldalurrek gogoratu du parke naturaletik kanpo geratzen diren lur eremuetan ez dagoela «irizpide argirik». Hala, foru arau baten bidez hori erregulatzea izan zen euren asmoa. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri ziren harremanetan. «Aldunditik mendietako foru arauen aldaketa bat proposatu zuen foru gobernuak. Aldaketa horretan, baina, beste hainbat gai aipatzen ziren, eta proposamena Batzar Nagusietara iritsi bazen ere, ez zen onartu. Hala, mendietako foru arauan ez zen aldaketarik sartu». Orain pare bat urte, beraz, ahalegina egin zen, baina arauak bere horretan jarraitu zuen eta jarraitzen du. Aldalurren ustez, gainera: «Oraingoz, ez dirudi mendietako foru araua aldatzeko asmorik dagoenik».

«Jabetza publikoko lurretan udalaren baimena behar da. Udal gehienetan, ordea, ez dago gaia arautua, eta ez dago ordenantzarik. Lege hutsune bat dago, beraz», zehaztu du Aldalurrek.

Arautzeko premia

Oiartzungo Udalean (Gipuzkoa), esaterako, hori guztia erregulatzen duen ordenantzarik ez dagoela onartu du Aitor Santesteban Udaleko Mendi eta Ingurumen teknikariak. Oiartzungo lur eta mendietan oroigarri eta plaka ugari daude: Aritxulegin, Oianlekun... Udalak ezer gutxi egin dezake haiekin, ordea. Santestebanek zehaztu duenez, «lur horien jabetza udalarena da. Herri lurrak izanagatik, ordea, foru aldundiak darama kudeaketa, eta, beraz, arauek foru arauetan egon behar dute jasoak, eta baimenak ere aldundiak eman behar ditu».

Haren ustez, «ongi arautua ez dagoen gaia da, eta oroigarri asko inolako baimenik eskatu gabe jartzen dira». Nolabait «mugatu» egin beharko litzatekeela uste du: «Hori guztia arautzen duen arautegi bat egon behar luke. Gaia delikatua da, baina arautu egin behar da. Askok asmo txarrik gabe jartzen dituzte plakak eta gurutzeak, baina ez dira jakitun ohitura zabaltzeak sor dezakeen kalteaz. Horregatik uste dut erregulatu egin behar dela. Mendietako eskumena aldundiena da, eta, beraz, berak eman behar luke pausoa». Oraingoz, baina, ez da pausorik eman.

Bizkaian ere antzekoa da egoera: lur pribatuetan, jabeek eman behar dute baimena; eremu publikoetan, foru aldundiak. Normalean, ez dute baimenik ematen mendietan eta babestutako eremuetan ezer jartzeko. Errautsak zabaltzeko ere baimena eskatu behar da.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bezalaxe: errautsak zabaltzeko baimena eskatzea derrigorrezkoa da. Gurutzeak, aldiz, ezin dira lur eremu publikoan ezarri. Hala zehazten du 1905. urtean indarrean jarri zen legeak.

Baimena eskura izanda, aukerak egon badaude hildakoen hautsak zabaltzeko. Legean jasota ageri da ezin dela eremu publikoetan errautsik zabaldu, ezta bide publikoetatik gertu ere. Eta erregistro ofizial batean jasoko dela non eta noiz egin den zeremonia. Errautsak itsasoan zabaltzeko, berriz, itsasoko araudia bete behar da. Hautsak itsaso hondora bota nahi badira, berriz, kutxak biodegradagarria izan behar du.

Errautsak zabaltzeko ohitura handia dago Aralarko San Migel santutegiaren inguruetan, Nafarroan. Nafarroako Gobernuko basozainek ez dute inolako debekuren berririk, eta Uharte Arakilgo eta Lakuntzako udaletan ere ez dago hori erregulatzen duen araurik. Patxi Errazkin Lakuntzako alkateak gogoratu du: «Errautsak zabaltzearen kontra ez dago ordenantzarik; baina debekatuta dago plakak eta oroigarriak jartzea». Nafarroako Gobernutik aipatu dute udal bakoitzak duela ardura arauak ezartzeko.

Kalte bisuala

Errautsek ez dute aztarna handirik uzten, bai, aldiz, bestelako oroigarriek. Berez, oroigarrien ezarpena «bereziki, kalte bisuala» dela onartu du Gipuzkoako Mendi Federazioko Ingurumen teknikariak. Iritzi berekoa da Aitor Unanue Azpeitiko (Gipuzkoa) Lagun Onak Mendi Bazkuna elkarteko lehendakaria: «Elkartekoen filosofia da mendiak dauden bezala mantentzea. Ez gara oroigarriak jartzearen aldekoak».

1992an, harri bat ezarri zuten Xoxote gailurretik hurbil, «mendian bizia utzi zuten azpeitiarren omenez». Bat eta bakarra, guztiak oroitzeko. Harri hura Jose Mari Bastida garaiko alkatearekin «akordio batera» iritsi ostean jarri zela oroitu du Andoni Unanuek, une hartan mendi elkarteko lehendakari zenak: «Bi astetan, hiru azpeitiar hil ziren mendian. Izarraitz bigarren Hernio bihur zitekeela ikusi zen, eta, horretara iritsi aurretik, udalarekin hitz egitea erabaki zen». Erabakia aktan jasoa geratu zela uste du Unanuek.

Oro har, udal gutxik arautu duen gaia da hildakoen omenezko oroigarriena. Aldalurren ustez, «gaia sentsibilizazio bidez ebatzi beharko litzateke, eta ez hainbeste ordenantzen bidez. Azkenean, jendeak kontzientzia hartzea da kontua». Bi urte dira Mendi Federazioak dekalogoa aurkeztu zuela, eta ez daki zergatik ote den, baina joera moteldu dela uste du: «Ez dugu datu zehatzik, baina sentsazioa dugu moteldu egin dela joera». Iraolak ere onartu du: «Jendeak egoera ulertu duela dirudi. Nik dakidala gurutzeak kendu zirenetik ez da oroigarri gehiago jarri Hernion».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.
 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
 ©IKER MARKINEZ

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.