Errefuxiatuak. Europa

Sozial kristauek beste bi asteko ultimatuma eman diote Angela Merkeli

Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Alemaniako CDU Batasun Kristau-Demokrataren eta CSU Batasun Sozial Kristauaren arteko koalizio gobernuan zabaldutako zirrikitua arrakala bihur daiteke. Horst Seehofer Barne ministroak bi asteko ultimatuma eman dio kantzilerrari migrazio politika aldatzeko. Estatu kideek ekainaren 29an eta 30ean egitekoa duten goi bileran «irtenbide europar bat» adostu ezean, mugetan kontrol zorrotzak ezarriko dituela iragarri du Seehoferrek. CSUko presidenteak herrialdean sartzea ukatu nahi die asilo eskaera beste estatu kideren batean egin duten iheslariei.

Angela Merkelek azkar erantzun dio ministroari, besteak beste, gobernabidea bermatze aldera. Kantzilerrak irtenbide bat aurkituko duela bermatu nahi izan dio gobernu kideari, eta zehaztu «alde bakarreko konponbideak» ez dituela onartuko. Merkelekbi asteko epea onartu du, eta jakinarazi du estatu kideei dirua emateko prest dagoela trukean asilo eskatzaileak jasotzen badituzte.

Angela Merkelek, bestetik, «elkartasuna» adierazi zion atzo Giuseppe Conteri. Italiako lehen ministroa kantzilerrarekin elkartu zen, eta errefuxiatuen banaketa «justu» bat galdegin zion. Lega Nordeko Matteo Salvini Barne ministroaren diskurtsoa eraman zuen lehen ministroa Berlinera. Italian, baina, zeresana eman duten beste adierazpen batzuk egin zituen Salvinik. Herrialdean bizi diren ijitoen errolda egitea proposatu du, tokikoak bertakoak ez direnak kanporatu ahal izateko: «Italiarrak direnak, zoritxarrez, ezin ditugu bota. Gainontzeko guztiak, kalera».

Trumpen adierazpenak

Donald Trumpek Alemaniako krisiaz loriatu izana ere zeresana eman zuen atzo. Immigrazio krisiak «ahula den koalizioan» balantza eragin duela adierazi zuen: «Ez dugu nahi immigrazioarekin Europan gertatzen ari dena guri gertatzea. Akats bat egin du kulturaz horren gogor aldatu duten milioika pertsona hartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.