Koronabirusa

Hedabideek bost milioi jasoko dituzte, «lurrikara ekonomikoa» arintzeko

Jaurlaritzak diru sail bat jarri du prentsa idatzia eta irratiak babesteko; Vocento taldeak jasoko du diru gehien, audientzia irizpideak baliatuta

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jon olano
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzoko batzarrean onartu zuen bost milioi euroren diru laguntzak ematea prentsa idatziari eta irratiei, COVID-19ak eragindako «lurrikara ekonomikoari» aurre egiteko. «Egunkarien salmenten beherakada, batetik, eta irratietan publizitatearen jaitsiera, bestetik» eragin ditu krisialdi horrek, Jaurlaritzaren esanetan.

Gobernuak hedabide bakoitzaren irakurle eta entzule kopuruak hartu ditu kontuan bost milioi horiek banatzeko. Prentsa idatziari dagokionez, paperezko edizioetan eta digitaletan izandako irakurle kopuruak hartu ditu aintzat, eta bien batuketa erabili du hedabide bakoitzak jaso beharreko ehunekoa neurtzeko. Hori horrela, BERRIAk 290.427 euro jasoko ditu. Vocento taldeko hedabideek jasoko dute diru sailaren ia erdia: 2,3 milioi euro. El Correo-k 1,6 milioi jasoko ditu, eta El Diario Vasco-k, berriz, 747.535 euro. Deia egunkariak 558.126 euro jasoko ditu, eta 305.580 euro Gara-k. Zerrenda horretan, Noticias taldeko beste argitalpenak dira hurrengoak: Noticias de Gipuzkoa-k 171.731 euro jasoko ditu, eta Noticias de Alava-k 113.645 euro.

Irratiei dagokienez, SER irrati kateari emango diote diru gehien: 520.244 euro. Nervion irratiari, berriz, 224.765 euro, eta COPEri 174.256. Onda Cerok 123.747 euro eskuratuko ditu, eta Onda Vascak 73.238 euro. Herri Irratiak (25.254 euro), Radio 7k (22.729 euro) eta Bizkaia irratiak (40.000 euro) osatzen dute zerrenda. Azken horri dagokionez, zehaztapen bat egin du Jaurlaritzak: entzuleen zenbatekoaren arabera, 17.678 euro legozkiokeela, baina «euskara hutsean emititzen duen irratia izanik», 40.000 euro emango dizkiotela.

Bi urtez eusteko baldintza

Hori horrela, lau eurotik bat irratiak laguntzeko erabiliko du Jaurlaritzak, eta beste hirurak prentsa idatziarentzat dira. Galbahe gisa jarri dute gutxieneko audientzia 7.000 pertsonakoa izatea gaztelaniazko hedabideentzat, eta 5.000 pertsonakoa euskarazko irratientzat.

Diru hori jasotzen duten hedabideak «behartuta egongo dira datozen bi urteetan euren jarduera mantentzera eta gertuko eta bertako informazioa eskaintzera», gobernuak zehaztu duenez.

Jaurlaritzak esan du izurri garaian «agerikoa» izan dela «hedabide profesional eta gertukoek zer funtzio garrantzitsua eta zer-nolako eraginkortasuna duten, interes orokorreko eguneroko informazioa gizarteari helarazteko bitarteko diren heinean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.