Maria Solana Arana. Hezkuntza kontseilaria

«Fobien gainetik interes orokorra bermatzea du xede zerrenda bakarrak»

Zerrenda bakarraren aldeko apustua berretsita, 2017ko lan deialdian aplikatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Prozesua bertan behera utz dezake, ordea, PSNren proposamen batek. Bazterketa justifikatzeko argudiorik ez dagoela dio Solanak.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz

2017ko abenduak 7
Legealdiaren erdia igarota, bazirudien 2017a urte politiko lasaia izanen zela. Hezkuntzako zerrenda bakarraren auziak, ordea, giroa mikaztu du laukoaren barruan. Egoera bideratzeko aukera dagoela uste du Maria Solana kontseilariak (Iruñea, 1975).

Zerrenda bakarraren auzian negoziatzen segitzeko abagunea ikusten zenuen aurreko astean. Zertan da kontua?

Hitz egiteko borondatea agertu dut hasieratik, eta horri eusten diot oraindik. Guk ez diogu negoziazioari atea itxi, ezta epemugarik jarri ere. Orain, alta, parlamentuko zenbait taldek erabaki dute epea abenduaren 21ean bukatuko dela, egun horretan bozkatuko baita PSNk zerrenda bakarraren aurka aurkeztutako lege proposamena. Hala ere, egun hori heldu bitartean, atea zabalik egonen da.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek esan du orain arte ezinezkoa izan dela Hezkuntza Departamentuarekin hitz egitea, eta auzia ez duzuela adostu nahi izan...

Nik ezin dut argudio hori ontzat eman. Ez da egia. Hainbatetan batzartu gara, auzia jorratu dugu, eta haiek izan dira eztabaidari epemuga jartzea erabaki dutenak, PSNren lege proposamena tramitatzearen alde bozkatuta.

Orain arte, zenbat bilera egin dituzue zerrenda bakarraz laukoaren barruan?

Laukoaren azken ohiko bilera azaroaren 13an egin genuen, eta zerrenda bakarraz hitz egin genuen. Horren ostean ere hamaika aukera izan ditugu: hilaren 14an, adibidez, agerraldia egin nuen legebiltzarrean, eta, horrez gain, lau indar politikoetako zenbait ordezkarik bilera egin genuen azaroko azken astelehenean, hilabetero egin ohi dugun legez, hezkuntzari lotutako gaiei buruz hitz egiteko. Egun hartan ere mahai gainean egon zen zerrenda bakarraren auzia. Eta are harrigarriagoa dena: lauko ordezkariak bilduta ginen bitartean, Jose Miguel Nuinek agerraldia egin zuen parlamentuan, gurekin biltzea ezinezkoa zela salatzeko. Azaroaren 27an izan zen hori.

Zerrenda bakarraren planteamendua zehaztu ez izana ere leporatu dizuete...

Ez dakit zer gehiago zehaztu behar dugun. Proposamena ongi definitu dugu, eta teknikoki nola gauzatuko den ere azaldu dugu parlamentuan: esana dugu, besteak beste, oposizioa egin duten irakasleen zerrenda argitaratu ostean epe motz bat zabalduko dugula, azterketa gainditu duten hautagaiek adieraz dezaten zein hizkuntzatan jardun nahi duten. Bestalde, aipatu dugu moldatu beharreko arau teknikoak zeintzuk liratekeen ere. Hortaz, zehaztasun falta leporatzen zaigunean, ez dut ongi ulertzen zertaz ari diren. Badira, noski, oraindik azaldu ez ditugun xehetasun batzuk: non eta noiz eginen ditugun probak, zenbat epaimahai osatuko diren... Baina halako gaiek ez dute zerrenda bakarrarekin zer ikustekorik; oposizio guztietan azaltzen dira, eta hautagaiek izena eman eta azterketak eginen dituztenen kopuru zehatza jakin arte ezin ditugu definitu.

Erabaki al duzue noiz argitaratuko duzuen oposizio deialdia?

Gure asmoa da LEParen dekretua datorren asteko gobernu kontseiluan onartzea: hilaren 13an. Deialdia egin ahal izateko ezinbesteko izapidea da hori. Hortik aitzinera etorriko litzateke deialdia argitaratzea, baina PSNren lege proposamenaren tramitazioarekin kointzidituko du.

Zantzu guztien arabera, zerrenda bereizien aldeko jarrera gailenduko da abenduaren 21eko saioan. Orduan zer?

Oso aukera gutxi ditugu, egia esan. PSNren lege proposamena planteatuta dagoen bezala aurrera ateratzen bada, apenas izanen dugun maniobrarako tarterik. Oso testu argia eta zehatza da, eman beharreko pausoei dagokienez: datozen lan deialdietan zerrenda segregatuak mantentzeaz gainera, atzerako eragina ere izanen du; hortaz, legea onartu aurreko deialdiak ere zerrenda baztertzaileekin egin beharko dira. Oposizio deialdia gaur argitaratuko bagenu ere, ez genuke segregazioa saihestuko.

Hortaz, LEParen dekretua abenduaren 13an argitaratuta ere, orain arteko lana antzu bihurtuko lukete PSN, UPN, PP eta Ezkerraren botoek.

Aztertzen ari gara. Lan deialdia lista bakarrarekin onartu eta gero, PSNren legea aurrera aterako balitz, prozesu osoari eraginen lioke horrek. Baita hautagaiei ere. Eta nik ez diet oposiziogileei arazorik sortu nahi. Ahalik eta modu garden, eraginkor eta garbienean egin behar dugu deialdia.

Zerrenda bakarrarekin?

Gure ustez, hori da modurik zuzenena eta bidezkoena. Baina parlamentuak kontrakoa agintzen badigu, legea bete beste aukerarik ez dugu izanen. Hori, abenduaren 21ean PSNren proposamena onartzen bada, jakina.

Lista bereizleen aldekoek gehiengoa dute, ordea...

Bai, baina lege proposamen horrek baditu zalantzazko puntu batzuk ere. Geroa Baik eta EH Bilduk txostena eskatua diete parlamentuko zerbitzu juridikoei, PSNren lege proposamenaren legezkotasuna argitze aldera. Ikusiko dugu txostenek zer dioten, eta horrek zer bide zabal ditzakeen. Izan ere, ohiko lan deialdi batean, hautagai batek arazoren bat baldin badu, helegite bat jartzeko aukera dauka. Lan deialdiak eta zerrenda segregatuak legez blindatzen badira, herritarrek ez dute aukera hori izanen. Hori egitea legezkoa den ala ez aztertu beharra dago.

Azken hilabeteetan gogortu egin dira alderdien jarrerak, zerrenda bakarraren inguruan. Harritu egin al zaituzte zenbait indarren kontrakotasunak?

Ez gehiegi, ez. Batez ere, argudiorik eza da ulertzen ez duguna. Orain arte, ez dugu bakar bat ere aditu. Zerrenda bateratuak hautagaien aukera berdintasuna urratzen duela diotenean, adibidez. Zer esan nahi dute horrekin? Hautagai guztientzat azterketa eta baldintza berberak jartzeak nola urratuko du aukera berdintasuna? Askotan egin dut galdera hori parlamentuan, eta, gaurdaino, inor ez da erantzun bat emateko gai izan.

Kontra daudenetako batzuek lauko gobernuari eusten diote. Hori ez al da kezkagarria?

Baina ez da kasu bakan bat. Zenbait kontutan, laukoak ez du jarrera bateratua, eta, batzuetan, alderdi bat gelditu da kontsentsutik kanpo, beste batzuetan bi izan dira... Formula eta gehiengo ezberdinak aplikatu dira, kasuan-kasuan. Hori, berez, espero izatekoa zen. Auzi honi dagokionez, Ezkerrak dio zerrenda bakarra ez zegoela gobernu itun programatikoan jasoa, eta, hortaz, askatasun osoa duela bere irizpideen arabera jokatzeko. Tira, ados. Gure ustea da zerrenda bakarrarena esplizituki jasoa ez egonagatik ere itunaren espirituarekin eta asmoekin bat egiten duela bete-betean. Hala ere, Ezkerraren jarrerak gobernua kolokan edo hankaz gora jartzen ez duen bitartean, ez dut uste laukoaren etorkizunaz kezkatzeko motiborik dagoenik.

PSNren lege proposamenean, iazko sistemara itzultzea planteatzen da: bi zerrenda eta bi azterketa, egun ezberdinetan, elebidunek bietara aurkezteko aukera izan dezaten. Zer iruditzen zaizu planteamendu hori?

Harrigarria. Iaz ezarri genuen sistema bikoitz hori, baina ez zen irtenbide iraunkor bat, arazoari emandako presako erantzun bat baizik. Behin-behineko neurri bat. Iaz, zerrenda bakarra teknikoki eta juridikoki nola ezarriko genuen aztertzeko denborarik ez genuen, eta erdibideko aukera hori ezarri genuen. Bi gaitzen artean, txikiena. UPNk eta PSNk gogor kritikatu zuten neurria, eta orain, hobetsi egiten dute, aukerarik onena delakoan. Nolabait, onartzen ari dira aurretik zegoena baino hobea zela. Dena den, guretzat iazkoa ez da aukera egoki bat, hautagai elebidunak bi azterketa ezberdin prestatu eta gainditzera behartzen dituelako. Zigor bikoitza ezartzen zaie. Onartzen badugu euskaldunok ere, elebidunak garen heinean, eskubidea dugula erdarazko lanpostuetara aurkezteko eta lehiatzeko, justifikaezina da denek azterketa berbera egitea galarazi nahi izatea.

Euskarazko epaimahaiak eskuzabalagoak direla iradoki du PSNk. Zalantzan jarri dute sistemaren inpartzialtasuna...

Bai, eta oso adierazpen larriak iruditzen zaizkit. Kolokan jarri dituzte bai epaimahaikideen profesionaltasuna, bai hautagai euskaldunen merituak. Horregatik, esandakoak zuzentzeko eskatua diot jada PSNko Hezkuntza bozeramaile Carlos Gimenori. Zer esan nahi zuen, epaimahaikideek prebarikatu egiten dutela, eta euskaldunei lanpostua oparitu egiten zaiela? Ez zen ausartu hori argi eta garbi esatera, baina zalantzaren itzala zabaldu zuen. Esan gabe doa ez dugula bat egiten halako teoria maltzur eta zentzugabe batekin, baina nire galdera da: akusazio absurdo hori ontzat emanen bagenu ere, ez al litzateke aukerarik onena hautagai guztiei azterketa berbera egitea, eta irizpide berberekin ebaluatzea? Zerrenda bakarrak uxatuko lituzke PSNk izan ditzakeen zalantza guztiak. Zergatik ez dute aplikatu nahi?

Gehiengo sindikalaren eta euskalgintzaren sostengua jaso du zerrenda bakarrak. Babestuta sentitu zarete, erabakiak hartzeko garaian?

Bai. Argi utzi behar dugu honakoa ez dela Hezkuntza kontseilariaren burutazio edo ateraldi bat. Legealdia hasi zenetik planteatutako neurri bat da, eta gehiengo zabal baten babesa dauka. Arartekoak adierazi du legezkoa dela erabat, departamentuko teknikariek esan dute egingarria dela, eta gehiengo sindikala ere bat dator. Beste auzi batzuetan gehiengo sindikalarekin kezka azaldu duten horiek esan beharko dute zergatik, kasu honetan, ez duten gehiengo horren borondatea errespetatu nahi.

Kontseiluak manifestazioa antolatu du hilaren 16rako. Zer iruditzen zaizu?

Bitxia da gobernuaren erabaki bat herritarrek kalean babestu behar izatea. Baina ezohiko egoerek ezohiko erantzunak eskatzen dituzte. Erreakzio logikoa iruditzen zait, bestalde. Interes orokorraz ari gara, eta hori bermatu nahi dugu zerrenda bateratuarekin, batzuen fobien, beldurren eta konplexuen gainetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna