Torrak «harmen handiz» jaso du euskal presoen berri, Azkarragaren ustez

Sarek urtarrilaren 12an Bilbon deitutako mobilizaziora gonbidatu du Generalitateko presidentea. Preso katalanen inguruan ere aritu dira

Quim Torra Generalitateko presidentea eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea, atzo, Bartzelonan. JORDI BEDMAR.
Maider Galardi
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan instituzio eta erakundeekin egiten ari den bilera biraren testuinguruan elkartu zen atzo Sareko, euskal presoen eskubideen aldeko plataformako, bozeramaile Joseba Azkarraga Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearekin. Asmoa dute «ahalik eta erakunde eta eragile pluralengana» heltzea, eta bilkura sorta horren barruan zuten hitzordua, Bartzelonan. «Bilera positiboa izan da, eta Torrak harmen handiz jaso du euskal presoen berri», azaldu zuen Azkarragak solasaldiaren ostean. Euskal presoen eskubideen «urraketaz», «mendekuan oinarritutako» espetxe politikaz eta ETAk behin betiko bere jarduera amaitu ostean Espainiako Gobernuak «egin ez dituen» aldaketez aritu ziren.

«Euskal Herrian, Espainian eta Europan egiten ari garen bileretan azaldu nahi dugu euskal presoen egoera», nabarmendu zuen Inaxio Oiarzabal Sareko kideak. Hala, atzo, Azkarragak mahai gainean jarri zituen «elkarbizitzatik urrun» dauden espetxe politikaren ezaugarriak. Torrari presoen urrunketaren berri eman zion, jakinarazi zion 24 preso daudela larri gaixorik eta %94 lehen graduan daudela oraindik: «Ezkutuko bizi osorako zigorra da», azpimarratu zuen Azkarragak. Horregatik, euskal presoek bizi duten «salbuespenezko egoera» amaitzeko beharra helarazi zion Kataluniako presidenteari.

«Euskal gizartean dugun kontsentsu zabala ahalik eta gehien hedatu nahi dugu», azpimarratu du Oiarzabalek. Besteak beste joan den urriaren 20ko manifestazioaren «aniztasuna» nabarmendu, eta hainbat instituziotan egiten ari diren mozioak, eta eragile diferenteen arteko «elkarlana» aintzatetsi zituen Sareko kideak. Era berean, oroitarazi zuen harremana dutela Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin. Gainera, «ahalik eta aliantza zabalenak» osatzeko bidean, Azkarragak bilera baliatu zuen Sarek urtarrilaren 12an Bilbon egingo duen manifestaziora Torra gonbidatzeko.

«Euskal gizartea bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lana egiten ari da, eta Espainiako Gobernua hitzetatik ekintzetara igaro behar da», azaldu zuen Azkarragak bileraren ostean. Horregatik, azpimarratu du presoen urrunketaren auziak ez diela soilik presoen senideei eragiten: «Gizarte gisa eragiten digu neurri horrek».

Kataluniako egoera hizpide

Sarek nabarmendu du Torraren eta Azkarragaren arteko bileraren helburua ez dela izan euskal presoen eta espetxeratutako buruzagi katalan independentisten arteko «alderaketa» egitea, baina, Oiarzabalek esan duenez, landu dute gai hori ere bileran: «Azkarraga izan da Sareren izenean buruzagi katalanak bisitatzen kartzelan», azpimarratu du. Are, Azkarragak ere esan du haren ustez «preso politikoak egoteak» ez diola «inoiz mesede» egiten demokraziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.