Asier Aginako preso eria aske utzi du Auzitegi Nazionalak, zigorra etenda

Hamabost urte zeramatzan kartzelan, eta lehen graduan eta urrunduta zegoen. Urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin zioten ondoez bategatik
Asier Aginako, 2013ko uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketan.
Asier Aginako, 2013ko uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketan. CHEMA MOYA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 1

Asier Aginako Etxenagusia euskal preso eria (Durango, Bizkaia, 43 urte) libre utzi zuten atzo arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala erabakita. Picassent espetxean zegoen gatibu (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta familia arratsaldean hara bidean zihoan. Gaixotasun larria du Aginakok, eta urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin zioten, abenduan ondoezik sentitu ondoren.

Atzo atera zuen hura libre uzteko autoa Angela Murillo epailea buru duen Zigor Aretoko 4. salak, defentsa abokatuak joan den urtarrilaren 15ean egindako eskaerari erantzunez. Mediku txostena ere eman zion abokatuak epaileari, eta, Zigor Kodeko 80.4 artikuluan oinarrituta, Aginakoren kondena eteteko eskatu zuen. Ondoren, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak esan zuen auzi medikuari ere txostena eskatzeko; hark herenegun igorri zuen idatzia, eta fiskaltza ez zen Aginako askatzearen kontra agertu.

2004ko ekainean atxilotu zuten, Coulainen (Frantzia), ETArekin lotuta. Zortzi urteko zigorra ezarri zioten Frantziako Estatuan, eta, kondena amaitzean, Espainiaratu egin zuten. 2013an epaiketa egin eta zortzi urteko espetxe zigorra jarri zioten, eta hori ari zen betetzen. 2020ko maiatzaren 2rako zeukan ezarria irteera data. Aurreneko graduan zeukaten, erregimen itxian.

Picassent dago preso, halaber, Aginakoren bikotekide Aitziber Coello, 3 urteko haurrarekin. Etxerat-ek bezala Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta, 560 kilometrora dago kartzela hura.

Jaiki Hadi medikuen elkarteak duela hiru aste jakinarazi zuen 21 euskal presok dituztela gaitz larri eta sendaezinak. Aginako ez zegoen zerrendan. Hamabost izen publikoak dira —Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Mikel Otegi, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Garikoitz Arruarte, Josetxo Arizkuren, Joseba Borde, Mikel Arrieta, Ibon Fernandez Iradi, Gurutz Maiza, Kepa Arronategi eta Joseba Erostegi— eta beste seiek anonimatuan egotea erabakita dute. Jaiki Hadik dio presoengan eragina daukatela espetxealdi luzeek, adina handitzeak eta politikek, eta, beraz, zerrenda «edozein unetan» handitu daitekeela. Preso eri guztiek «lehenbailehen» eta «baldintzarik gabe» kalean egon behar dutela exijitu du.

Espainiako Gobernuan PSOE denetik —iazko ekainetik—, larri gaixorik diren hiru euskal preso gerturatu dituzte Euskal Herrira: Arronategi Zuerara (Aragoi), Codo Logroñora (Errioxa) eta Fraile Duesora (Kantabria).

Sarek manifestazioa egingo du bihar, Gasteizen, 17:00etan, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utz ditzaten eskatzeko. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ere deitu biharko manifestazioa arrazoi beragatik —19:30—, eta amnistia ere eskatuko du. Oier Gomez preso ohi eriaren heriotza gaitzetsiko dute bi ekinbideetan.

Beste hiru gerturatze

Espainiako Espetxe Erakundeek atzo jakinarazi zuten beste hiru euskal preso lekualdatzea erabaki dutela. Euskal Herri inguruko kartzeletara eramango dituzte: Andoni Murga Zuerara, Curtistik (Galizia); Javier Atristain Soriara (Gaztela eta Leon), Murtziatik (Murziako erkidegoa); eta Oier Goitia Villabonara (Asturias), Murtziatik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pilotazale batzuk maskararekin, uztailaren 4an Labriten. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Maskara beti jartzera derrigortzea aztertzen ari da Nafarroako Osasun Departamentua

Berria

Gutxieneko distantzia mantenduta ere neurri hori ezartzea aztertzen ari da, azken agerraldien joera eteteko.

Iruñerko Nabarreria kalea asteon. ©Iñigo Uriz / FOKU

Iruñeko agerraldian 21 kasu atzeman dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hego Euskal Herrian, guztira 64 positibo erregistratu dira azken orduetan. Eskoriatzan (Gipuzkoa) PCR proban positibo eman zuen gizonezko bat hilik aurkitu dute etxean.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna