«Lankidetza indartzeko» asmoa agertu dute Euskal Elkargoak eta Jaurlaritzak

Iñigo Urkullu eta Jean Rene Etxegarai elkartu dira, Gasteizen. Elkarlana kultura, euskara, kirol, nekazaritza eta turismo arloetara zabalduko dute
Amestoi, Etxegarai, Elorza, Urkullu eta Anton, atzo, Ajuriaenean.
Amestoi, Etxegarai, Elorza, Urkullu eta Anton, atzo, Ajuriaenean. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA

Jon O. Urain -

2019ko martxoak 5
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak «lankidetza indartua garatzeko» asmoa dute, eta, hala egiteko, beste bost esparrutara zabalduko dute bi erakundeen elkarlana: euskararenera, kulturarenera, kirolarenera, nekazaritzarenera eta turismoarenera. «Helburu batzuetan bat gatoz, eta lan agenda espezifiko bat dugu; auzolana areagotzeko aukera daukagu», nabarmendu du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak.

Urkullu eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria atzo batzartu ziren, Gasteizen, bi gobernuen arteko elkarlanean sakontzeko. Bileran izan ziren Marc Amestoi Etxegarairen kabineteburua, Marian Elorza Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Mikel Anton Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria ere.

Urkulluk atalez atal xehatu zuen zertan sakondu nahi duten bi gobernuek; esaterako, euskararen alorrean, «erabileraren aldeko ekimenak sustatu» eta euskara bultzatzeko ekitaldietan elkarrekin parte hartuko dute. Kultur arloan, berriz, «euskal kultura sustatzen duten kalitatezko proiektuak» bideratuko dituzte. Turismoan, «euskal turismo jasangarria eta kalitatekoaren aldeko apustua» egin nahi dute, eta, nekazaritzan, «euskal produktuen marka propioa» sortzeko aukera aztertuko dute. Horiez gain, kirol arloan, Urkulluk eta Etxegaraik «interes partekatua» azaldu dute Frantziako Tourraren inguruan. Urkulluren esanetan, bien asmoa da antolatzaileekin hitz egitea, aztertzeko ea «posible» den 2022ko edizioa Euskal Herritik abiatzea.

Bi gobernuek «Elkar Aditze Memorandum» bat osatzea hitzartu dute, eta hiru lehentasun ezarri dituzte beren jardunean: immigrazioa, garraioa eta lurralde politika. Immigrazioari dagokionez, Share Proiektua balioetsi zuen Urkulluk. «Iheslariak, migratzaileak eta bidaiderik gabeko adingabeak hartzean erantzukizuna banatzeko mekanismo bat ezartzeko» egitasmoa da, eta, Urkulluk azaldu zuenez, Euskal Elkargoak interesa erakutsi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzen den sistema hori Ipar Euskal Herrian sustatzeko. Garraioan, Urkulluk Elgarrekin proiektua garatzeko aukera aipatu zuen, «truke sistema multimodal berritzaile eta mugakide baterako espazio bat sortzeko». Azkenik, lurralde politikaz, Urkulluk Iparraldeko Hirigintza Agentziarekin sinatutako memoranduma gauzatzeko beharra azpimarratu zuen, «lurralde plangintzako politiketan batera lan egiteko».

«Buruko mugak»

Etxegaraik azpimarratu zuen 2017an Euskal Elkargoa sortu izanak aukera ematen duela Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren eta Arabaren, Bizkairen eta Gipuzkoaren arteko harremanetan sakontzeko, eta «muga juridikoak eta burukoak gainditzeko» proiektuetan lan egitera deitu zuen. Etxegarairen hitzetan, ordezkari politikoek badituzte erantzukizun «kulturalak» ere, ardura instituzionalaz harago, kultur komun hori gabe «ezerk ez lukeelako zentzurik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna