Koronabirusa

Egun bakarrean sei lagun zendu dira Nafarroan koronabirusaren ondorioz

608 kasu zenbatu dituzte Hegoaldean. Faltzesen eta Funesen iragan astean ezarritako murrizketak arinduko dituzte; Azkoiengoak, ez

Lizarrako (Nafarroa) Garcia Orkoien ospitalea. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ez du luze iraun kutsatuen kurbaren apaltzeak Hego Euskal Herrian. Hiru egunez jarraian behera egin izan du kasu kopuruak, baina atzo ugaritu egin ziren positiboak, eta 600 kasuen langa gainditu zuten, beste behin. Hain zuzen, izurria kontrolatzeko 9.513 PCR proba egin zituzten astelehenean Hegoaldean, eta 608 positibo izan dira guztira, bezperan baino 34 gehiago. Gainera, pandemiak Nafarroan utzi ditu, berriro, datu kezkagarrienak: koronabirusarekin lotuta, sei pertsona hil dira egun bakarrean.

Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 51, 81, 89 eta 94 urteko lau emakume eta 86 eta 87 urteko bi gizon hil dira. Nafarroako Gobernuak egunero ematen du COVID-19arekin lotutako heriotzei buruzko informazioa. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, gaur argitaratuko ditu azken astean hildakoen datuak. Halaber, aldundiek jakinarazi dutenez, zahar etxeetako bi egoiliar zendu dira: bat Gipuzkoan, eta beste bat Araban.

Kutsatzeen datuei erreparatuta, Nafarroan dira kopururik makurrenak, han zenbatu baitute kasu gehien: 272 positibo izan dira, aurreko egunean baino 32 gutxiago. Kopurua apaldu arren, aintzat hartu behar da aski txikitu dela 24 orduan egindako test kopurua. Are gehiago, PCR proben positibo tasak nabarmen egin du gora: astelehenean egindakoen %13k eman dute positibo. Konparaziora, lurraldeko tasak ia hirukoiztu egiten du Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban guztira izandakoa: Osakidetzak eginiko PCRen %4,5ek eman dute positibo.

Hegoaldeko gainerako lurraldeetan, kontrako joera bi izan dira, azken egunean atzemandako positibo kopuruari dagokionez. Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, kasuak ugaritu egin dira Bizkaian eta Araban, eta gutxitu egin dira Gipuzkoan. Zehazki, Bizkaian 168 positibo detektatu dituzte, bezperan baino 54 gehiago. Araban 52 erregistratu dituzte, 21 gehiago. Gipuzkoan, berriz, 112 zenbatu dituzte, 11 gutxiago.

Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, 50 pertsona ospitaleratu dituzte koronabirusaren sintomak zituztela. Aurreko egunean, berriz, 34 izan ziren. Aipatzekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako hazkundea: atzo, 33 lagun erietxeratu zituzten; bezperan, berriz, erdia baino gutxiago: hamalau.

Oraintxe bertan 463 lagun daude ospitaleratuta gaitzaren ondorioz. Horietatik 223 Nafarroakoak dira, nahiz eta Hegoaldeko herritarren laurdenak baizik ez diren bizi lurraldean. Bestalde, 80 lagun daude ZIUetan, aurreko egunean baino lau gutxiago.

Neurriak arintzera

Halere, aurreikusi bezala, Nafarroago Gobernuak arindu egingo ditu Faltzesen eta Funesen ezarritako mugak. Joan den astean tabernetako ordutegiak murriztu zituen eta herrietatik ateratzea debekatu zuen —funtsezko jardueretarako izan ezik—, baina ostegunetik aurrera, altxatu egingo ditu mugikortasun mugak, COVID-19aren intzidentzian beherakada egon dela nabarmenduta. Azkoienen ere neurri murriztaileak hartu zituen gobernuak irailaren 23an, baina horiek mantendu egingo ditu.

Jaurlaritzak, ordea, ez ditu neurri murriztaileak epe laburrean altxatuko. Pandemiak «tentsio sanitarioa» eragin duela onartu zuen atzo Bingen Zupiria bozeramaileak. Abuztuan berrezarri zuten osasun larrialdia, eta abendu hasierara arte izanen da indarrean, gutxienez, haren arabera. Hala, herritarrei eskatu zien ez daitezela «engaina»: «Birusak nahi baino luzaroago mugatuko du eguneroko bizimodua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.