Elkartasun jaialdia, «Izadi ez dezaten aldendu preso dituen gurasoengandik»

Aranjuezko espetxetik irtenaraziko dute aurki Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez presoen alaba. Burlatan eginen dute jaialdia, azaroaren 13an

Atzo Burlatako Euskal Herria peñan eginiko aurkezpena. SARE HERRITARRA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bi urte ditu Izadik, Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alabak. 2019an jaio zenetik, Aranjuezko espetxean bizi izan da (Espainia), amarekin. Aita ikusteko aukera ere badu, espetxe berean baitaude hirurak. Datorren urtarrilean, baina, kartzelatik atera eta gurasoengandik aldenduta bizitzera behartuko dute, Espainiako araudiaren arabera, haurrak ezin direlako espetxean gurasoekin bizi, 3 urte beteta. Egoera hori eragozteko xedez, mobilizatzen hasiak dira hainbat eragile. Izadi Gurasoekin Etxera plataforma sortu dute, eta, Sarerekin batera, Burlatako (Nafarroa) karriketara eramanen dute aldarrikapena, azaroaren 13an. Elkartasun jaialdia eginen dute, «Izadiren eskubideak aldarrikatzeko, baina modu alai eta positiboan», antolatzaileek atzo azaldu zutenez.

Burlatako Euskal Herria peñan egin zuten egitasmoaren aurkezpena. «Izadik gurasoekin egon behar du, eta hain bortitza izan daitekeen bereizketa eragotzi behar dugu. Hilabeteak daramatzagu hori lau haizeetara zabaltzen. Harremanetan gaude sindikatuekin, alderdi politikoekin, eragile eta norbanakoekin... Kontsentsu zabala dago Izadi gurasoengandik ez banatzeko», azaldu zuten Sareko eta Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kideek. Legean jasota dauden neurriak aplikatzeko eskatu zuten: «Indarrean den legeak baditu zenbait neurri, banaketa eragotzi eta Izadi eta gurasoen arteko familia harremana erabat apurtu ez dadin, hori da eskatzen duguna: beharrezko neurriak har ditzatela».

Azken urte eta erdian, COVID-19a dela eta, Lizarragari eta Gutierrezi ezarri dizkieten ezohiko baldintzak ere salatu dituzte antolatzaileek: «Bisean bisekoak eten zizkieten, eta gertukoak ikusi gabe izan dira denbora luzez».

Egoera salatzeko, festa egitaraua prestatu dute azaroaren 13rako: 16:30ean kalejiran aterako dira Burlatako Udal plazatik, txarangak, joaldunek eta musikariek lagunduta, eta, horren ostean, 18:00etan, haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute Zirika Zirkuseko Pantxika Lamurrek, Porrotx eta Txapasek eta Ene Kantak taldeak, herriko kultur etxean. Ikuskizunerako sarrerak salgai dira jada Bibe.me webgunean, lau euroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.