Estatu ereduari buruzko eztabaida «eginkizun» dago, Urkulluren arabera

Jaurlaritzako lehendakariak botere judizial propio baten beharra nabarmendu du, «arau propioak interpretatzeko eta ezartzeko»

Iñigo Urkullu, atzoko hitzaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, Espainiak ekin behar dio estatu ereduaren inguruko eztabaidari, eta lan hori «eginkizun» du. Gogorarazi du Espainian galdeketak egin izan direla bi udalerriren bat egiteari buruz, eta galdetu du zergatik beste maila batzuetan ezin den gauza bera egin, instituzioen arteko harremanak zein izan behar duen erabakitzeko, «betiere akordio eta adostasun planteamendu batekin».

Nueva Economia Forumak bere hitzaldi sortari ekin dio berriro, eta, azken urteetan bezala, Urkullu lehendakariaren hitzaldiak ireki du denboraldia. Ekonomia izan du gai nagusi, baina, galderetan, denetariko gaiak jorratu ditu: autogobernuarena, adibidez. Gogorarazi du bihar 43 urte beteko direla Gernikako Estatutuari buruzko galdeketa egin zenetik, eta esan du denbora horretan guztian «estatutua ez betetzearen dinamika» nagusitu dela: «Ez dago ukatzerik azken urteotan akordio garrantzitsuak lortu ditugula, baina dinamika 43 urte hauetako bera da oraindik, hau da, estatutua betetzea negoziazioaren pentzudan uzten da, eta unean uneko gobernu bakoitzaren beharren arabera».

Ez da Urkulluk gaiaz hitz egiteko baliatutako foro bakarra: Euskal Autogobernua, orain eta bihar izeneko jardunaldietako sar hitza egin du Urkulluk, eta, hartan, botere judizial propio bat eratzeko eskatu du , «arau propioak interpretatzeko eta ezartzeko».

Gai horretan Espainiako Gobernuak duen jarrerari dagokionez, Urkulluk berriro eskatu du batzorde iraunkor bat sortzeko, eman gabe dauden eskumenak aztertzeko xedez, eta esan du Espainiako presidente Pedro Sanchezek ez diola oraindik erantzun eskaera hori egiteko bidalitako eskutitzari: «Espainiako Gobernuak konpromiso bat hartu zuen, eta egutegi bat ere jarri zuen horretarako. Haiek hartutako konpromisoa betetzeko baino ez dugu eskatzen».

Estatus berriari buruzko eztabaidaz, Urkulluk esan du EAEk eskubidea duela duela 43 urte hartutako erabakia berriz aztertzeko, baina talde parlamentarioen esku utzi du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen eztabaida berriro aktibatzeko erabakia: «Ulertzen dut alderdi politikoek euren dinamikak dituztela, aurtengoa hauteskunde urtea izango dela kontuan hartuta».

Espetxe politikari dagokionez, Urkulluk ontzat jo du eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku gelditu izana, bai eta Jaurlaritzak urtebete honetan egindako urratsak ere. Hainbat euskal preso Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetara ekarri izanari buruz, esan du preso guztiek zigorra sorlekutik gertu betetzeko duten eskubidea dagoela horren atzean, baita «senideak ez zigortzeko» printzipioa ere, eta hori preso guztiei aplikatzen zaiela, «ez bakarrik ETAko kide izan direnei». Azaldu duenez, urtebete honetan egin diren lekualdatze guztien %10 inguru baino ez dira izan ETAko presoenak, «arreta horretan jartzen den arren».

Ziurgabetasun garaia

Hitzaldian, berriz, eta gai ekonomikoetan zentratuta, Urkulluk esan du «ziurgabetasun garaia» dela oraingoa, «ez aldaketak daudelako, hori ere lehenagotik ezagutu baitugu, orain aldaketak azkarragoak eta globalak direlako baizik». Aldaketa geopolitikoa, Ukrainako gerra, energiaren prezioen bilakaera eta interes tasena aipatu ditu ziurgabetasun horiez mintzatzean.

Horiek horrela, Jaurlaritzaren jarrera «ekitea» izan da, Urkulluren arabera. Esan duenez, hasieratik saiatu ziren giza krisiari eta krisi sozial eta ekonomikoari erantzuten: «Defentsa erantzuna izan zen hura, eta beharrezkoa zen, baina ez da nahikoa», erantsi du, eta , besteak beste, enpleguaren, ekonomiaren eta trantsizio energetikoaren arloan hartutako erabakiak aletu ditu.

Neurri berriak ere iragarri ditu. Esan duenez, biharko Gobernu Kontseiluan aztertuko dute Urkulluk Legebiltzarrean aurkezturiko Hitzartuz programa, %2ko beste deflatazio bat, diru sarrera apalak dituzten familiei egindako 200 euroko kenketa 2023ra luzatzea eta beste zenbait neurri dakartzana. Aurrekontuei dagokienez, esan du «ausartak» izango direla eta estreinakoz 14.000 milioi euro baino gehiagokoak izango direla. Eta erantsi du urtea amaitu aurretik onartuko dutela gazteen emantzipazioa erraztea helburu duen estrategia.

Zerga politikan, berriz, Urkulluk ez du aldaketarik aurreikusten: «Batzuek zergak jaisteko eskatzen digute, eta beste batzuek, berriz, igotzeko». Bi eskaera horien harira, «progresibotzat eta bidezkotzat» jo du oraingo sistema, «kohesio sozialaren eta ekonomia berpiztearen arteko orekari» eusten diolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.