Doluz jantzitako astea

Euskal presoen amnistiaren aldeko aldarrikapenak babes zabala hartu zuen duela 40 urte Euskal Herrian. 1977. urtean, hiru aste antolatu zituzten amnistia eske; bigarrena, maiatzekoa, gogorrena eta odoltsuena izan zen: zazpi lagun hil ziren Poliziaren eta Guardia Zibilaren errepresioaren ondorioz.
ASKATASUNA / BESTEAK

Edurne Begiristain -

2017ko maiatzak 6
Badira 40 urte Euskal Herriko kaleak amnistia eta askatasunaren aldarriaren lekuko izan zirela. 40 urte kale haiek sufrimenduz eta odolez tindatu zirenetik. 1977ko maiatzaren 8tik 16ra egin zuten Amnistiaren Aldeko Bigarren Astea, eta bereziki gogorra izan zen: zazpi lagun hil ziren Poliziaren eta Guardia Zibilaren errepresioaren ondorioz. Aldaketaren aldeko borrokarako egun odoltsuak izan ziren.

1975eko azaroaren 20an Francisco Franco diktadorea hil eta gero, erreforma politikoaren garaian, giro nahasia izan zen. 1977a ikurrinaren legeztatzearekin abiatu zen. Espainiako Gobernuko presidenteak ekainerako iragarritako hauteskundeei begira sektore bakoitza jarrerak zehazten ari zen, eta euskal presoen auzia ere konpondu gabe zegoen. Garai hartan 21 euskal preso politiko zeuden kartzeletan, haietatik lau Frantziakoetan. Urruti zegoen preso guztien askatasuna eta amnistia, baina eskaera horien aldeko babesa handia zen Euskal Herrian. Amnistiaren aldarrikapena bi zentzutan hartzen zen: alde batetik, euskal presoak kaleratzeko eskatzen zen, eta, beste aldetik, Euskal Herrian «benetako» demokrazia bideratzeko behar ziren baldintzak ezartzeko exijitzen zen, berriro preso gehiago egon ez zitezen. Eskaera horietan oinarrituta egin ziren 1977an amnistiaren aldeko hiru asteak, otsailean, maiatzean eta urrian.

Amnistiaren aldarrikapena borroka politikoaren ardatz nagusietako bat zen. Mugimendu hura lehenago mamitzen hasi bazen ere —Burgosko Prozesuaren garaietatik eta 1975eko fusilamenduetatik, esaterako—, Franco hil eta gero hedatu egin zen. Espainiako Gobernuak, baina, ez zien erantzun eskaera horiei. Madrilek ez zituen askatu odol delituak zituztenak, eta, presoek kartzelan segitzen zutela ikusirik, borroka areagotu egin zen. «Preso batzuk baino ez ziren espetxetik atera, baina odol delituak zituztenak, ez; eta horrek indartu egin zuen amnistiaren aldeko mobilizazioa», gogoratu du Iñaki Egaña historialariak.

Frankismoko garai guztian bazegoen presoen aldeko sentsibilitatea, baina handituz joan zen denborarekin; 1975ean, lehen amnistiaren aldeko batzordea sortu zen Donostian. Lehena izan zen, eta handik gutxira batzorde gehiago sortzen hasi ziren herrietan eta auzoetan. 1977ko otsailean, Gipuzkoako koordinakundea sortu zen, 44 herritako amnistiaren aldeko elkarteak bilduta. Ondoren, herrialde guztiak koordinatzen hasi ziren. «Inoiz izan den elkartasun mugimendurik handiena izan zen», azaldu du Egañak: «Herri mugimendu handia izan zen». Amnistiaren aldeko elkarteak herri mobilizazio ugari antolatzen hasi ziren, eta horien artean garrantzitsuenak, amnistiaren aldeko asteak.

Aste odoltsua

1976ko abendutik 1977ko ekainera hamahiru lagun hil ziren errepresioaren ondorioz Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Baina 1977ko udaberria bereziki gogorra izan zen. ETAm, ETApm eta talde armatuak ere gogor ari ziren, eta giro politikoa pil-pilean zegoen. Madrilen eta Parisen arteko lankidetzaren ondorioz, zenbait errefuxiatu Yeu uhartera eramanak zituen lehenago Frantziak. 1977an Miguel Agel Apalategi Aierbe Apala atxilotu zuten, eta Aix-en-Provencen (Frantzia) konfinatu. Horrez gain, Burgosko Prozesuan hiltzera zigortutako sei presoek eta beste askok kartzelan segitzen zuten. «Pultsu izugarria zegoen frankismoak berak bultzatutako erreformaren eta apurketa eskatzen zutenen artean», gogoratu du Egañak.

Giro horretan, presoen aldeko mugimenduak indar handia hartu zuen, eta amnistiaren aldeko asteak antolatzen hasi ziren. Amnistiaren Aldeko II. Astea hauteskundeen atarian izan zen, maiatzaren 8tik 16ra. Espetxeetan dozenaka preso zeuden oraindik. Aste hura zeharo tragikoa izan zen: zazpi hildako eta zauritu mordoa. Guardia Zibilaren jarrera bereziki oldarkorra izen zen Errenterian (Gipuzkoa), manifestarien eta herritarren aurka metrailetak eta pistolak erabiliz. Egun horiek gogoan ditu Egañak: «Polizia lotsarik gabe aritu zen, aldez aurretik bazekielako zigorgabetasun osoz jardungo zuela. Barne Ministerioa ez ezik, aldi berean sortu ziren talde paramilitarrak ere gogor aritu ziren. Haientzat urte goxoenak izan ziren haiek».

Amnistiaren Astea batzar eta lan geldialdiekin abiatu zen Hego Euskal Herrian. Hilaren 12ra arte, ez zen apartekorik gertatu, baina egun horretan grebarako deia zegoen egina, eta eguerdian Guardia Zibilak bortizki desegin zuen Errenteriako manifestazioa. Balaz zauritutakoak asko izan ziren, eta batzuk, larri. Hildakoak, berriz, hiru: Gregorio Maritxalar bala batek jo zuen balkoian zegoela, eta egun batzuk geroago hil zen, ospitalean; Rafael Gomez subfusil baten tiroa jasota hil zuten, paseatzen zebilela. Clemente del Caño Ibañez auto batek harrapatu zuen, Bilbo-Behobia autobidean, guardia zibilek barrikada bat kentzera behartu zutenean.

Julio Marques larri zauritu zuten, Errenterian. 21 urte zituen orduan, eta manifestazioan zegoen, maiatzaren 12an. «Guardia zibilak agertu, eta manifestariei oldartu zitzaizkien. Gu kuartelillora joan ginen korrika, eta Guardia Zibila tiroka hasi zen gure kontra; jo zuten lehenengoa ni izan nintzen», azaldu dio BERRIAri. Donostiako ospitalera eraman zuten, larri. «Dum-dum, bala bat nuen hankan. Tibia, peronea, arteriak, zainak... Balak dena txikitu zidan». Ospitalean ia urtebete eman zuen. «Oso gogorra izan zen; gaztaroa izorratu zidaten».

Egun haietan kalean zeuden mobilizazioak eta Poliziaren errepresioa gogoan ditu Marquesek, baina senideek ospitalean kontatu ziotelako. «Ospitalean eman nuen urtebete, eta haien bitartez enteratu nintzen». Tiro egin zuenaren kontra ezin izan zuen ezer egin: «Salaketa jarri genuen Burgosen, baina tiro egin zuen guardia zibilaren izen-abizenak emateko eskatu ziguten, eta hori guk ez genekien».

Duela 40 urte jasotako tiroak zauri fisikoak utzi dizkio —birus bat du hankako hezurrean, eta oina apenas mugitu dezakeen—, eta memorian ere baditu oraindik itxi gabeko zauriak. «Sekula ez dut ahazten, eta hor daukat oina egunero gogorarazteko... Hala ere, gainditua dut, eta bizitzarekin aurrera jarraitzen dut».

Hildako gehiago

Hurrengo egunean, Guardia Zibilaren jarrera ez zen aldatu Errenterian, eta hango gertaerek Euskal Herri osoan izan zuten eragina. Liskarrak areagotu egin ziren, eta ondorio tragikoak beste herrialdeetara ere zabaldu ziren. Maiatzaren 13an, greba orokorra Hegoalde guztian egin zen: mobilizazioak, itxialdiak eta gose grebak. Jose Luis Cano gau hartan hil zuten, Iruñean. Tiroz errematatu zuen polizia batek, Caldereria kalean. Errenteriarra zen, baina Donostian bizi zen. La Voz de España egunkarian egiten zuen lan, tipografo, eta CCOO sindikatuko kidea zen.

Angel Cano haren anaiak ongi gogoratzen du egun hura: «Iruñeko manifestazioan zegoen; jendea korrika hasi zen, eta taberna batera sartu zen, beste askorekin batera. Polizia sartu zen, oldarkor, eta jendea aterarazi zuen, kolpeka. Horien artean, nire anaia. Jotzen hasi zitzaizkion, hiruzpalau poliziaren artean, eta haietako batek pistola bat atera eta garondoan tiro bat eman zion. Balak masailezurra zulatu zion», azaldu dio BERRIAri. 28 urte zituen.

Egun haiek «oso gogorrak» izan zirela dio Canok. «Ezin dut ahaztu Poliziak orduan erabilitako indarkeria. Sekula bizi izan dudan egoerarik bortitzena izan da». Anaia hil zuen polizia ez zuten sekula epaitu, amnistiatu egin baitzuten urte berean. «Hortxe bukatu zen dena». Aitortu du «amorrua» sentitzen duela, lau hamarkada igarota ez delako ezer aldatu. «Boterean berberek jarraitzen dute, are eta botere handiagoarekin, eta oraindik ez dute aitortu egindako mina».

Jose Luis Cano hil zuten egun berean hil zuten Luis Santamaria, 72 urtekoa, Iruñean hura ere. Poliziak jaurtitako gomazko pilota bat ondoan erori zitzaion, etxeko balkoian, eta bihotzekoak jota hil zen. Manuel Fuentes gaztea, berriz, Ortuellan (Bizkaia) hil zuten, hurrengo egunean, gauean. Korrika hasi, eta guardia zibil batek buruan tiro egin zion. Amnistiaren asteen inguruan, bestalde, eskuin muturreko kideek Francisco Javier Nuñez hil zuten, Bilbon.

Urte berean ekin zioten erreforma politikoari Espainian. Eta 1977ko urriaren 17an onartu zen Amnistia Legea, baina ez zen egoera konpondu, Egañak nabarmendu duenez. «Amnistiaren kontzeptuaz eztabaida egon zen. Batzuek ulertzen zuten amnistiarekin presoen eta iheslarien afera konpontzen zela, baina beste batzuek uste zuten gatazkak irauten zuen artean presoak egongo zirela». 1977ko abenduan, Fran Aldanondo Ondarru irten zen kartzelatik. Azken euskal presoa zela esan zuten, baina espetxeak ez ziren erabat hustu, eta gaur egun beteta daude oraindik. «Bakea ez da iritsi, presoak daude... Orduko garaiarekin alderatuta, aldaketa handirik ez dago», ondorioztatu du historialariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna