Etxerat-ek salatu du «onartezina» dela presoen gradu aldaketa oztopatzea

Senideek eskatu dute «legea bermatzeko» gradu aldaketen eskaeran. Ohartarazi dute presoen %95 lehen graduan daudela oraindik
Urtzi Errazkin, Miren Santisteban eta Onintza Ostolaza, atzo, Etxerat-en agerraldian.
Urtzi Errazkin, Miren Santisteban eta Onintza Ostolaza, atzo, Etxerat-en agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko urriak 12
«Legea bete dezatela eskatzen dugu bakarrik. Hainbeste eskatzea da?». Hala egin zion erreferentzia Miren Santisteban Zigor Blanco presoaren amak Foro Sozialak presoen gradu aldaketaren inguruan aurkeztutako txostenari. Ikerketaren berri izan eta hurrengo egunean egin zuen atzo Etxerat-ek presoen egoeraren inguruko balorazioa. Han izan ziren Santisteban bera, Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramailea eta Onintza Ostolaza abokatua.

Uztailetik orain arte, EEPK-ko kideek lehen gradutik bigarrenera egindako eskaeretatik 44 ezezko ebazpen eman ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak, Foro Sozial Iraunkorraren arabera. Bi presok soilik jaso dute baiezkoa, eta beste 70 preso daude oraindik ebazpenaren zain. Euskal presoei «salbuespen egoera» ezartzen zaiela agerian uzten dute datuek, Etxerat-en ustez: «Euskal preso politikoen %95 inguru daude oraindik lehen graduan, eta horietatik 27 bakartze moduluetan daude».

Presoen senideen elkarteak gaineratu du espetxeratutakoek «prestasuna» adierazi dutela espetxe legediaren bidea jorratzeko: «Presoei pauso gehiago emateko eskatzen diete, eta euskal presoak urratsak egiten ari dira». Gradu aldaketa onesteko preso bakoitzaren baldintzak hartu beharko lirateke kontuan, baina Etxerat-ek salatu du ebazpenak agerian uzten duela ukatutako eskaera guztientzat argudio berak eta «sistematikoak» erabili dituztela: «Onartezina da».

Hain justu, Onintza Ostolaza abokatuak gogora ekarri ditu Espetxe Zaintzako Epaitegiak presoak graduz ez aldatzeko erabilitako argudioak; Foro Sozialaren txostenean jasota agertzen dira guztiak. Nabarmendu du, gainera, euskal preso gehienak lehen graduan egon arren, bigarren graduko moduluetan daudela, gradu bereko presoekin bizitzen: «De facto, bigarren graduko moduluetan daude, baina lehenengo graduko murrizketekin. Horrek badu helburu ezkutu bat: presoek bide penitentziario legal eta bakarkakoa egitea oztopatzea». Salatu du legezko eta bakarkako bidea egitea exijitzen dien egitura bera dela aurrera segitzeko presoei oztopoak jartzen dizkiena.

Erabaki horiek bete-betean harrapatzen ditu presoen senideak, Etxeratek ohartarazi duenez. «Gradu aldaketen eskaera ukatzeak gu guztiongan eragina du, atzeratu egiten duelako, legez kanpoko modu batez, presoak gure artean izatea», azaldu du Santistebanek. Are, oroitarazi dute euskal gizarteak, erakundeek eta eragile politiko eta sozialek eskatu dutela presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko.

Foro Sozialarekin eskertuta

Hain justu, Etxerat-ek eskerrak eman dizkio Foro Sozialari txostena egiteagatik: «Egindako ahalegina eta borondatea eskertzen dugu. Baieztatzen du salbuespen egoerak Espainiako espetxe politikan oinarria duela eta oraindik ere indarrean dagoela». Salatu dute gaur egungo testuingurua eta espetxe politika ez datozela bat: «Gizarteak aho batez aldarrikatu du gatazkaren ondorioen bidezko konponbidea. Noiz arte jasango ditugu espetxe politika honen ondorioak?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna