Bruselak kezka agertu du adierazpen askatasunak Espainian duen egoeraz

Eskubide hori muga dezaketen arauak aldatzeko eskatu du Europako Batzordeko komisarioak. Espainiak «lanean» ari dela erantzun dio

Iruñean urriaren 12an egindako protesta zela eta, zenbait laguni deklaratzera deitu zieten. IDOIA ZABALETA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Europako Batzordeko Giza Eskubideetako komisario Dunjia Mijatovicek kezka azaldu du Espainiako Zigor Kodearen zenbait atalek adierazpen askatasunerako eskubidean izan dezaketen «eragin negatiboaz», Espainiako Justizia ministro Juan Carlos Campori igorritako eskutitz batean. Zenbait aldaketa egitea ere proposatu du gutun horretan.

Batez ere, hiru arlo aipatzen ditu Mijatovicek eskutitzean: «terrorismoaren gorespena», «erregearen kontrako irainak» eta «erlijio sentimenduen kontrako laidoak». Europako Batzordeko komisarioak pentsatzen du atal horietan ezartzen diren debeku eta murrizketek «beldurra» sortzen dutela, eta, beraz, adierazpen askatasunaren garapena baldintza dezaketela: «Adierazpen askatasunak berebiziko garrantzia du eztabaida publiko aske eta plurala sustatzeko», erantsi du.

Lehenengoari dagokionez, Mijatovicek uste du «terrorismoaren gorazarrea» zigortzen duen legeria «problematikoa» dela segurtasun juridikoaren ikuspegitik, haren «anbiguotasuna» dela eta.

«Horrek ekarri du Espainiako auzitegiek horien inguruko interpretazio desberdinak eta are kontrajarriak ere egitea, eta horietako batzuk adierazpen askatasunari buruzko nazioarteko araudiaren kontrakoak dira», azaldu du Giza Eskubideetako komisarioak.

Espetxeratutako artistak

Kasu jakinik aipatzen ez badu ere, Espainian espetxeratu dituzten artisten auzia ere gogora ekarri du Europako Batzordeko Giza Eskubideetako komisarioak.

Mijatovicen ustez, «terrorismoaren kontrako legeria izua sortzeko asmoz erabilitako indarkeriari eta horren mehatxuari baino ezin zaie aplikatu». Gainerako adierazpenak, «txundigarriak eta aztoragarriak izanik ere», adierazpen askatasunerako eskubideak babesturik daude, eta, beraz, ezin zaie jazarri, komisarioaren arabera.

«Erregearen kontrako irainei» dagokienez, Mijatovicek uste du horrelakoetan «gorrotozko edo indarkeriarako deia» egiten denean baino ez liratekeela zigorgarriak izango. Espainiako Zigor Kodearen 490. eta 491. artikuluetan, berriz, espetxe zigorrak aurreikusten dira instituzioa «iraintzen» dutenentzat.

Azkenik, «erlijio sentimenduen kontrako irainak» eta haietarako aurreikusitako zigorrak ere aipatu ditu Mijatovicek, eta delitu horiek Zigor Kodetik ateratzearen alde agertu da Europako Batzordearen Giza Eskubideetako komisarioa.

Gaur egun, Zigor Kodearen 525. artikuluak arautzen ditu ustezko delitu horiek. Mijatovicek uste du artikulu horrek, idatzita dagoen bezala, «adierazpen askatasuna modu desegokian mugatu» egin dezakeela.

Komisarioak gogora ekarri du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak afera horretaz ebatzitakoa: erlijio taldeek ezin dute haien sinesmenei buruzko adierazpenen kontra jo, adierazpen horietan «intolerantziarako edo gorrotorako deirik» egiten ez bada.

Gutuna martxoaren 11n igorri zion Europako Batzordeko Giza Eskubideetako komisarioak Espainiako Justizia ministroari, baina atzo eman zuten horren berri. Eskutitzarekin batera, Espainiako Gobernuak emandako erantzuna ere jakinarazi dute. Campo ministroak esan dio «bat» datorrela hark azaldutako zenbait kezkarekin, eta Espainiako Gobernua «lanean» ari dela Zigor Kodearen artikulu horiek aldatzeko, «adierazpen askatasunaren eta ondasun juridiko horien arteko oreka» lortze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.