Laura Mintegi.
19. Korrika. PAPEREZKO LEKUKOA

Mugatik gaindi aldarrikapen bizia

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Arin esaten da, 35 urte! Lehenengo Korrikatik azkenengora, nola edo hala lasterketa guztietan suertatu zaigu zerbait egitea ekimenaren inguruan, kilometroak zinta metriko batekin neurtzetik 1980 urrun hartan, prentsa-bulegoarekin kolaboratzera; emozio handiaz lekukoa eramatetik, iritzi-artikuluak idaztera. 35 urtean denborak ez du higatu ideia, ezta partaideen gogobizitasuna ere bi urtetik behin antolatzeak. Zoritxarrez, denborak ere ez ditu konpondu euskararen estatusak dituen gabeziak: ofizialtasuna ez da hedatu euskal lurralde guztietara, erakundeen eskaintzak ez du asebetetezen gurasoen eskaera, unibertsitateak ez du bermatzen irakaskuntza euskaraz eta lan munduan apenas ez du presentziarik eguneroko harremanetan.

Horrexegatik, Korrikak segituko du elkartzen, irriz eta izerdiz, euskal herrietako euskaltzaleak, bai eta Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak ere. New York, Montevideo, Mexiko DF, Mar de Plata, Madrid, Bartzelona, Beijing, Shangai eta Sydney-ko euskaldunek Korrika antolatu dute euren bizilekuetan. Eta egun, beste hizkuntza batzuk ere hasi dira korri egiten beraien hizkuntzen biziraupena aldarrikatzeko: gaeliko, bretoi, katalan eta galego hiztunek korrika modukoak antolatzen dituzte beraien herrietan.

Orain bost urte, 2010ean, Euskal PEN-Basque PENek Korrikari eskaini zion monografikoan (http://ttiki.com/337812) jaso zen Edurne Brouard-ek kontatutako anekdota: lehenengo Korrikan, sekulako elurtea zegoela, Urtza Errastik harrijasotzaile bat ikusi zuen mendatean gora zetorrela harri borobila eta lekukoa zeramatzala. Eta bere artean pentsatu zuen: «Hau betiko da».Halaxe uste dugu beste askok ere, Korrikak bizi luzea edukiko duela; gabeziak azalerazteko ala garaipenak ospatzeko, Korrikak ez duela etenik izango denbora luzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.