Trumpek eta petrolioak hazkunde aurreikuspena jaistera eraman dute

Europako Batzordeak bi hamarren jaitsi du Batasunerako eta eurogunerako aurreikuspena, eta %2,1ean utzi du 2018rako hazkundea
Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioa, atzo.
Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioa, atzo. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Xabier Martin -

2018ko uztailak 13
Donald Trumpen gurutzada protekzionista Europako hazkundeari eragiten ari zaio azken hilabeteetan, eta petrolioaren hazkundeak ekonomia moteltzen lagundu du, gainera. Europako Batzordeak mezu argia helarazi zuen atzo: Batasuna eta eurogunea uste baino gutxiago haziko dira 2018. urtean. Aurreikuspena bi hamarren jaitsi du gune bietan, eta %2,1ean utzi du bientzat.

«Tentsio komertzialak» dira aurreikuspen makroak apaltzeko arrazoi nagusia, Pierre Moscovici Ekonomia komisarioak argi esan zuenez. Europak jasan duen kolpea «mugatua» izan da orain arte, baina arrisku handia dago Trumpen protekzionismoak eragindako tentsio horiek «areagotzeko», komisarioaren ustez.

Moscoviciren hitzak entzun eta berehala dator burura Etxe Zuriak auto europarrei muga zerga handiagoak ezartzeko egin duen mehatxua. Erantzun irmoa letorke Europatik horrelako neurri baten aurrean, eta «tentsio komertzialak», abian dagoen gerra komertzialak alegia, gora egingo luke. Baina maila hori igo gabe ere, horrelako zerbait gertatzeko aukera egote hutsa «konfiantzarik eza» eragiten ari da merkatuetan, eta Europako ekonomiaren hazkundea nozitzen ari da giro hori guztia.

Eta petrolioaren eboluzioa ez da laguntzen ari, gainera. Petrolio merkea oroitzapen bat baizik ez da bihurtzen ari, eta haren garestitzeak familien erosteko ahalmena urra dezake luze gabe. Inflazioa gora bultzatu du erregai garestiagoak, eta ez da iritsi unerik onenean. Brexit-aren auzia azken txanpan sartzear dago, halaber, eta ez dauka itxura onik; finantza merkatuak aldakor daude, gainera.

Batzordea, baikor

Eta, hala ete guztiz ere, Brusela baikor dago, ekonomia «sendo» ikusten duelako, eta haren oinarriak «irmo». Ekonomia moteltzeko joera ez du inork zalantzan jartzen, baina hazkundea egon egongo da, baita 2019an ere, Moscovicik azaldu zuenez.

Horiek horrela, Europako ekonomia handien hazkunde aurreikuspena hamarren batzuk apaldu du Batzordeak; Frantziarena, hiru hamarren, %1,7raino; Alemaniarena, lau hamarren, %1,9raino; eta Italiarena, bi hamarren, %1,3raino. Espainiarena ere apaldu du Batzordeak, baina hamarren bat bakarrik, eta haren balizko hazkundea %2,8an utzi du. Ekonomia handien artean bakarra da batezbestekotik gora haziko dena.

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea ere protekzionismoak eragin ditzakeen lazerien inguruan aritu zen atzo. Munduko merkatuak 1990. urteko muga zergetara eramango lituzkeen oldarraldi protekzionista batek kolpe izugarria emango lioke ekonomiari; 2060. urte aldera «bizi kalitatea %14 jaitsiko litzateke, batez beste». OCDEren arabera, gorabidean diren herrialdeetan nozituko lukete gehien egoera ekonomiko okerragoa; BRIICS taldekoetan (Brasil, Errusia, India, Indonesia, Txina eta Hegoafrika) %18 okertuko litzateke bizi kalitatea. OCDEk epe luzera egindako txosten bat oinarri hartuta jakinarazi zituen aurreikuspen negatibo horiek, hain justu Trumpek inoiz baino arriskutsuagoa ematen duenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna