Txileko ofizialismoak jakinarazi du Kasten alde egingo duela 19ko bozetan

Sichelen esanetan, «ezkerreko populismoa garaitzeko» erabiliko du bere botoa. Bi presidentegaiak publikoki hitz egitekoak dira Parisirekin

ALBERTO VALDÉS / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Txileko presidentetzarako hauteskundeetan, ofizialismoaren, egun gobernuan dagoen eskuineko koalizioaren hautagai izan zen Sebastian Sichel. Botoen %12,7 besterik ez zuen lortu joan den azaroaren 21ean, eta ez zen bigarren itzulira igaro. Jakinarazi du datorren hilaren 19an Jose Antonio Kast eskuin muturreko presidentegaia eta Gabriel Boric ezkerrekoa aurrez aurre jarriko dituen bozetan Kasten alde egingo duela.

«Gure proiektuak ezberdinak izanda ere, Txilen jokoan dagoena aintzat hartuta beharrezkoa da jarrera bat hartzea. Hasieratik esan dut lehentasunezkotzat jotzen dudala ezkerreko populismoa garaitzea, eta horretarako erabiliko dut nire botoa», adierazi zuen Sichelek, herenegun, ohar batean. Astearen hasieran Printzipio demokratikoak izeneko bederatzi puntuko dokumentu bat bidali zion Kasti. Ofizialismoaren babesa bereganatzeko, eskatu zion presidentegai ultrari bere programan txerta zitzala «generoarekin, ingurumenarekin, ekonomiarekin eta giza eskubideekin» loturiko proposamenak. «Bidalitako puntuek jasotako konpromisoekin, bere programa indartzeko asmoa transmititu du [Kastek]», nabarmendu zuen 2019ko ekainetik 2020kora Garapen Sozialeko eta Familiako ministro izandakoak.

Kast hedabideen aurrean mintzatu zen herenegun, eta adierazi zuen programara gehitu dituztela Sichelek egindako planteamendu politiko «ia guztiak». Sichelenchat, bederatzi puntu horietan jasotako proposamenak «funtsezkoak» dira «ezker muturrak» ordezkatuak sentitzen ez diren «milaka pertsonak biltzeko».

Bozak egin zituztenetik bi aste pasatu dira, beste bi aste falta dira bigarren itzulirako, eta jarrerak, jada, nahiko argi geratu dira. Augusto Pinocheten diktadura militarra (1973-1989) bukatu zenetik agintean txandakatu diren bi familia politikoek iragarri dute zer presidentegai babestuko duten: eskuinak Kast, eta zentro-ezkerrak Boric.

Bestalde, joan den asteburuan aurreneko inkestak kaleratu zituzten, eta plazaratutako hirurek Boric jo zuten garailetzat. Activa Research etxearenaren arabera, hamasei punturen aldea aterako dio Kasti; Cadem enpresak egindakoak sei punturen aldea ematen zion Kasti, eta Black and Whitenak, hirurena. Nolanahi ere, azaroaren 20aren aurretik egindako inkesta ia-ia guztiek ere Borici ematen zioten garaipena, eta, azkenean, Kastek lortu zituen boto gehiago.

Azkeneko bi asteetan, bi presidentegaiek iragarri dituzte aldaketak beren programan, lehen itzulian beste hautagai batzuen alde egin zuten herritarren botoa irabazte aldera. Horrek tentsioa eragin du bai Kasten alderdian, baita Boricen Apruebo Dignidad koalizioan ere.

Beraz, eskuinak eta zentro-ezkerrak zer egingo duten jakinda, ikusteko dago nola jokatuko duen Franco Parisik. Lehen itzulian, hirugarren izan zen sistemaren kontrako presidentegaia, eta haren alde bozkatu zuten 900.000 herritarrek balantza alde batera edo bestera desorekatu dezakete hilaren 19an. Cadem etxeak joan den asteburuan argitaratutako inkesta aintzat hartuz, herritar horien artean %38k Boricen alde egingo dute, %23k Kast babestuko dute, eta %39 zalantzati daude.

Parisik sare sozialen bidez plazaratu ohi ditu bere mezuak, eta Youtuben badu Bad Boys izeneko saio bat. Joan den asteartean, bi presidentegaiez galdetu zioten, eta ez zuen argitu zer egingo duen. Biak kritikatu zituen. Boricez esan zuen, adibidez, «programa ekonomiko oso-oso eskasa» duela. Leporatu zion, gainera, urteetan kritikatu izan dituen «zaharrengana» jotzea, zentro-ezkerreko koalizioaren babesa onartzeagatik. Kasten gobernu batek «arrisku politikoak» ditu. «Gustatuko litzaidake eskuineko hautagaiak hau esatea: 'Txilen badira maitasuna, familia eta pertsonak ulertzeko hainbat modu, eta denak onartzen ditut'». Kast eta Boric Bad Boys programan parte hartzekoak dira: aurrenekoa bihar, eta bigarrena asteartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.