Al-Sisiren egitasmo faraonikoa

Polemikaz josita hasi dira Suezko kanal berriko lanak. Proiektuak bikoiztu egin nahi du itsasartea pasatzen duten barkuen kopurua. Bigarren ubideak Egiptoren finantzaketa dauka soilik. Dozena bat herri hustu dituzte, lanak egiteko.
Kargaontzi bat Suezko ubidea zeharkatzen, Ismailia inguruan. Kanal berria zaharraren paraleloan hasi dira eraikitzen.
Kargaontzi bat Suezko ubidea zeharkatzen, Ismailia inguruan. Kanal berria zaharraren paraleloan hasi dira eraikitzen. AMEL PAIN / EFE

Ane Irazabal, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 7
Suezek bi kanal izango ditu aurki. Egiptok hasi ditu, presaka gainera, ubide nagusiaren paraleloan joango den ubide berriko lanak. Bada, «nazioaren harribitxi» gisa aurkeztu duten egitasmo horrek bukatuta egon behar du datorren urtean.

72 kilometro luze izango da itsas saihesbide berria, eta bikoiztu egin nahi dute itsasartea zeharkatzen duten ontzien kopurua. «Funtsean, norabide bikoitzeko itsas autobide bat bilakatuko da», adierazi dio BERRIAri Mohamed Abu Basha ekonomialariak. Kanal nagusiak 163 kilometro ditu, urteko 3.700 milioi euroren diru sarrerak eskatzen dizkio Egiptori, eta herrialdearen dibisa iturri nagusia da. Alta, gobernuak uste du ubide berriarekin diru sarrerak bikoiztu egin daitezkeela, 2023rako 10.000 milioi eurotara iristeraino.

Ibrahim Ashmawyk, Inbertsio Ministerioko aholkularietako batek, buruz dakizki datuak: «Sueztik 49 ontzi pasatzen dira egunero, baina, noranzko bakarrekoa denez, guztiek batez besteko 11 ordu itxaron behar dute El Ballah-eko saihesbidean edo Laku Mingotsean. Kanal berria amaitzen dugunean, 96 pasako dira. Zer esan nahi du horrek? Diru sarrerak ere bikoiztu egingo direla». Egun, kontainerretan garraiaturiko itsas merkataritzaren %20k Suez zeharkatzen du.

Itxuran, urre kolorekoa dirudi Abdel Fattah Al-Sisi presidentearen burubide berriak. Egiptok milioi bat lanpostu sortuko ditu lanek iraun bitartean. «Milaka familia ekarriko ditugu kanalaren inguruko probintzietara, eta gutxitu egingo da Kairoren presio demografikoa», irizten dio Ashmawyk. Kanalaz gain, beste hainbat azpiproiektu aurreikusita dauzkate: hiru portu, Egipto eta Sinai batuko dituen sei tunel, eta 79.000 kilometro karratuko industria eta teknologia gune bat. Hori guztia boom ekonomiko berriaren sinbolotzat aurkeztu dute hedabideek: «Historia berri bat eraiki nahi duen herriaren borondatea da».

Suezen kanal berri bat eraikitzeko asmoa ez da berria, ordea. Hosni Mubarakek 1990eko hamarkadan bota zuen lehen proposamena, baina atzera egin behar zuen finantzaketa faltagatik. 2011ko iraultzaren ondotik Anaia Musulmanak boterera iritsi zirenean, Mohamed Mursi presidenteak berriz ere berreskuratu zuen proiektua, baina atea ireki zion nazioarteko finantzaketari, eta, ondorioz, egiptoarrek «konspiraziotzat» jo zuten ekimena. Al-Sisik, berriz, kosta ahala kosta egin nahi du kanal berria: «Egiptoko presidente guztiek haien arrastoa utzi nahi dute, hau da, historian gogoratuak izateko obra bat. Faraoien garaitik datorren tradizioa da hori», uste du Abu Bashak.

Egiptorena soilik

Anbizioa, behintzat, ez zaio falta Al-Sisiri. Egiptoko rais berriak urtebetean amaitu nahi ditu lanak, eta inaugurazio data ezarria du jada: 2015eko uztailaren 26a. Hain zuzen, kanalaren nazionalizazioaren 59. urtemuga. Promesa betetzeko ahaleginean, 37 enpresaz osaturiko partzuergo baten esku utzi du kanala handitzeko lanen ardura. Hala ere, armadaren esku dago buruzagitza.

Egitasmoak, gainera, Egiptoren finantzaketa du %100ean. Al-Sisik ez du atzerriko bankuek proiektua finantzatzerik nahi. «Terrorismoaren kontrako gerran murgilduta gaude, eta egiptoarrak sentikor bihurtu dira konspirazio teoriekin. Presidenteak kanpoko bankuen inbertsioa onartuko balu, Suez atzerriko interesei saldu izana egotziko liokete», azaldu du Abu Bashak.

Baina nola bildu ditu Al-Sisik proiektua egiteko beharrezkoak diren 6.200 milioi euroak? Egiptoko herritarren ekarpen independenteekin. Egiptoarrek inbertsio ziurtagiriak erosi dituzte, bost urteko epearekin eta %12ko interesarekin. Egiptoko Bankuak emandako datuen arabera, gobernuak 2,1 milioi eskaera izan ditu, eta zortzi egunetan lortu du finantzaketa. «Harrigarria da, herritarren erdiak eguneko bi euro baino gutxiagorekin bizi direlako», azaldu du Abu Bashak.

Nolanahi ere, zalantza handia eragin dute presidentearen kalkuluek. Izan ere, ubide nagusia egiteko hamar urte behar izan zituen Egiptok. Suezko kanala 1869an inauguratu zen. Eta proiektu erraldoi horretan milaka nekazari edo fellah-ek lan egin zuten erdi esklabotzan. Datu ez-ofizialen arabera, 125.000 langile hil ziren XIX. mendeko obra garrantzitsuenen artean dagoen ubidea eraikitzeko lanetan.

Egiptok, ordea, lortu zuen bere helburua: Asia eta Europaren arteko itsasoko bideak laburtu zituen, Mediterraneo itsasoa Indiako ozeanoarekin lotu ondotik. Are gehiago, munduko merkataritzaren funtsezko arteria bilakatu zen. Haatik, ubidea Gamal Abdel-Nasser presidentearen irudiarekin lotzen da ezinbestean. Izan ere, Nasserrek nazionalizatu egin zuen 1956an Asuango presa finantzatu ahal izateko. Frantzia eta Erresuma Batua, kanalaren akziodun nagusiak ziren botere kolonialak, kanpo utzi zituen. Geroztik, Egiptoko nazionalismoaren ikur handiena da Suez.

Adituen ustez, ez da kointzidentzia hutsa Al-Sisik Nasserren sinbolo nagusia berreskuratzea. Mariskal ohiak Anaia Musulmanen aurkako estatu kolpea eman zuenetik Nasserren oinordekotzat jotzen dute askok.

Egitasmoaren 'B aldea'

Nazionalismoak hordituta, herritarren artean nekez aurki daiteke kanal berriarekin kritikoa den ahotsik. Izan ere, egitasmoaren aurka agertu diren egiptoarrei aberkoiak ez izatea egotzi diete. Ingurumenean aditua da Habiba Ramadan: «Urtebeteko ikerketa serio bat behar du halako proiektu batek. Gobernuak, berriz, azterketa sakonik egin gabe aurkeztu du plan estrategikoa, egun batetik bestera. Nola fidatuko gara?».

Ramadanen iritziz, Al-Sisiren lan erraldoiak hainbat alderdi ilun ditu: «Lehenik eta behin, ez da ziurra diru sarrerak esan bezala bikoiztuko direnik». Berdin pentsatzen dute itsas garraioa aztertzen duten beste hainbat adituk. «Kanalaren erabilera mundu mailako makro ekonomiak markatzen du. Hori Egiptoren gorabeheren gainetik dago. Gainera, ez dakigu gobernuak zenbat kobratuko dien ontziei Suez zeharkatzeagatik eta zer moduzko eraginkortasuna izango duen ubide berriak», nabarmendu du Ramadanek.

Eta zer gertatuko da kanalaren ertzetako herrixketan bizi diren herritarrekin? Orain arte armadak etxetik bota ditu ehunka familia, ordainean ezer eman gabe. Hain zuzen, Suezko Abtal eta Qantara herrietako bizilagunek salatu dute saihesbide berria egiteko 1.500 etxe baino gehiago bota dituztela eta beste 5.000 mehatxupean daudela.

Edonola ere, Egiptoko Gobernua azkar defendatu da kritiketatik. «Lur horiek armadarenak dira. Duela hiru hamarkada, Egiptok Sinairen gaineko kontrola berreskuratu zuenean, nekazariek bertan bizitzeko behin-behineko baimena lortu zuten. Baina bazekiten lehenago edo beranduago handik botako zituztela», irizten dio Ashmawyk. Alta, gehienei ez zaie alternatibarik eskaini: «Segurtasun arrazoiak argudiatuta, eremu militar itxi bezala izendatu dituzte kanalaren bi aldeak. Eremu gehiago ere hustuko dituztelakoan nago», esan du Ramadanek.

Zientzialariak harago doaz, ordea. Itsas ekosisteman aditu diren hemezortzi biologok kanala handitzearen ondorio ekologikoei buruzko txosten bat argitaratu berri dute. «Albiste kezkagarria da. Era askotako ondorioak izango ditu, bai eskualdean eta baita nazioartean ere. Mediterraneo itsasoaren aniztasun biologikoa arriskuan dago; izan ere, Itsaso Gorritik espezie inbaditzaile gehiago sartuko dira», iragarri dute zientzialariek.

Baina biologoen kexa gutxienekoa iruditzen zaio gobernuari, hamaika buruhauste izan baititu kanala handitzeko lanak hasi zirenetik. Handiena, agian, planifikazio faltak sortutako atzerapena. Hainbat adituren arabera, ubide nagusitik hurbilegi eraikitzen ari dira saihesbide berria, eta eremua lur azpiko urez betetzen hasi da. «Gunea drainatzeko lanek ustekabeko kostuak izango dituzte, gutxi gorabehera milioi bat dolar eguneko», azaldu dio Haitham Mamduh ingeniariak The Guardian egunkariari. «Presak ez dira bidelagun onak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna