Europar Kontseiluaren goi bilera

Elkarrekin ahal dutela uste dute

Merkel eta Macronek adierazi dute Alemaniak eta Frantziak bat eginda erantzungo dietela EBren erronkei. Junckerren ustez, «murritza» da Mayk EBko herritarrei proposatutakoa

Angela Merkel Alemaniako presidentea eta Emmanuel Macron Frantziakoa,atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Aldaketarik egin ezean EB Europako Batasuna desager daitekeela iruditzen zaie, aspalditik, erakundeko agintariei beraiei. Europako ekonomia sendoenen gidariak ez daude horretarako prest, ordea; eta Emmanuel Macron Frantziako presidente europazalea are gutxiago. Azken bi egunetan, aurrenekoz parte hartu du Europar Kontseiluko goi bilera batean, EBko ordezkari gorenak biltzen dituen batzarrean, eta Frantziak eta Alemaniak erakundearen azken urteotako noraeza bideratuko dutela jakinarazi du; elkarrekin, historikoki bi estatuek egin bezala. Hori pentsatzen dute bai Eliseoko maizter berriak, bai Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere.

Prentsaren aurrean elkarrekin agertuta eszenaratu zuten batasun hori, atzo, Bruselan, eta Macronek hau adierazi zuen betiko aliantzaren zaharberritzearen garrantzia nabarmentzeko: «Alemaniak eta Frantziak ahots bakarrarekin hitz egiten dutenean, Europak aurrera egin dezake. Beharbada, ez da nahikoa, baina bai beharrezkoa». EBren erronkei eskutik hartuta erantzungo dietela ziurtatu zuten. Eszenaratzeak, agerraldiak berak, hala ere, ez zuen askoz ere gehiagorako eman, ez baitziren erakundeak hartu beharreko norabideaz zehaztasunez mintzatu, eta, bezperan egin bezala, elkarri loreak botatzeko eta elkarkidetzaren balizko onurez hitz egiteko baliatu zuten.

Aliantzaren «espirituari» heldu zion Macronek, eta, adibide gisa, François Mitterrandek (1981-1995) eta Helmut Kohlek (1982-1998) Frantziako eta Alemaniako presidente eta kantziler zirenean elkarkidetzarako erabilitako «lan metodoa» goratu zuen. Macron ez zen, ez, haren aurretik Eliseoan izandakoarekin, Françoise Hollanderekin, gogoratu (2012-2017). Izan ere, hark haren agintaldiaren hasieran iragarri zituen EBrentzako austeritate politiketatik haragoko neurriak, neoliberalismoa frenatzeko proposamenak, baina Merkelek agindutakoa jarraitzera mugatu zen.

Eta Merkelek ere «elkarrekin» daudela argi utzi nahi izan zuen atzo: «Elkarrekin egoteak ez du esan nahi, ordea, bakarrik gaudenik, baina elkarrekin lan egin nahi dugu». Batera daude, kantzilerraren esanetan, irtenbide sendo eta iraunkorrak topatu nahi dituztelako, «sasi-irtenbideak» beharrean. Elkarkidetza dela-eta, «pozik» dago Merkel, eta adierazi zuen, gainera, etorkizunean bide beretik jarraituko dutela.

Viktor Orban Hungariako lehen ministroari, aldiz, ez zaio gustatu Macronek EBko estatuburuen goi bileran erakutsiriko jarrera. «Frantziako presidentea oso gaztea da. Atzo [herenegun] esan zuen Europa erdialdeko herrialdeak zapaldu ditzakeela. Honek ez du horrela funtzionatzen. Beterano batzuk hamarkadak daramatzagu lanean».

Parisko Akordioari eutsiz

Hilabetearen hasieran iragarri zuen Donald Trump AEBetako presidenteak uko egingo ziola Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioari. Europar Kontseiluak erantzun zion hori ezin dela berriro negoziatu, eta goi bileran orduan esandakoari eutsi diote EBko 27 kideek.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari ere ia-ia aho batez erantzun diote. Herenegun gauean Mayk agindu zien Erresuma Batuan bizitzen bost urte daramatzaten EBko herritarrak ez dituztela herrialdetik alde egitera behartuko brexit-a gauzatzerakoan. EBko hiru milioi lagunetik gora bizi dira han, eta horiei estatus berezi bat eman nahi die Mayk. Denbora kopuru hori betetzen ez dutenei ere haien egoera arautzeko aukera eskaini asmo die lehen ministroak. Erresuma Batuak etzi emango ditu detaile gehiago, baina lehen ministroak uste du «serioa eta bidezkoa» dela herenegun Bruselan plazaratutako eskaintza. «Haien bizitzak Erresuma Batuan eraiki dituzte, eta ez dute alde egin beharko. Ez ditugu familiak zatitu nahi».

Merkelek pentsatzen du, baina, brexit-a ez dela lehentasunetako bat orain, eta iruditzen zaio, gainera, Mayren proposamenarekin ez dutela aurrerapauso handirik eman. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearentzat, «murritza» da, eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearen aburuz, proposatutakoak herritarren egoera «okertu» dezake. Antzeko iritzia dauka Jeremy Corbyn Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buruak: «Trukerako txanpon gisa erabili nahi ditu pertsonak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.