AEBek samurtu egin dute Txinako inbertsioak blokeatzeko proiektua

Trumpek gaur egungo sistemaren erreforma lehenetsi du, baldintza gogorrak ezarriko lituzkeen beste eredu bat indarrean jarri ordez

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo Etxe Zurian. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Beste egun bat, beste atal bat Donald Trumpek nazioartean bultzatu duen gerra komertzialean. Txinako frontera jo du berriro AEBetako presidenteak, baina, oraingo honetan, tentuz jokatzeko. Presidenteak gaur egungo sistemaren erreforma lehenetsi du Asiako erraldoiak AEBetan egiten dituen inbertsioak ikuskatzeko eta kontrolatzeko. Neurri gogorragoak hartuko zituen beldurrak ezinegona piztu du asteon merkatuetan. Atzo, burtsek arnasa hartu zuten.

Txinako konpainiei teknologia mota batzuk erostea baimendu edo ez erabakitzeko tresna gehiago eskura izatea da Trumpen administrazioaren helburua. Presidentea bera behin baino gehiagotan kexatu da, atzerriko enpresek jabetza intelektuala «lapurtzen» dietela argudiatuta. Gaur arte, agentzien arteko batzorde baten eskuetan zegoen kasu horiek aztertzea. Hala izango da, hasieran.

Atzerriko inbertsioak ikuskatzen dituen batzordeak, hala ere, botere handiagoak izango ditu eragiketa batzuk blokeatzeko, Kongresuan eztabaidatzen ari den erreforma aurrera ateratzen bada. Esaterako, start-up edo konpainia hasiberrietan jarritako dirua ez zen organo horretatik igaro behar. Erreforma horren bidez, «tresna indartsu eta eraginkorrak» izango ditu gobernuak, Txinak sektore estrategikoetan egin nahi dituen erosketak debekatu nahi baditu. Kontuan hartu behar da, edonola ere, AEBetako Gobernuak Trumpen aurretik ere bertan behera utzi zituela Txinako konpainiaren erosketa batzuk, esaterako, material erdieroaleen sektorean.

Washington aztertzen ari zelarrialdi ekonomikoa aldarrikatzea, 1977. urteko arau ilun bati heldu eta zuzenean Txinarentzako murrizketak ezartzeko. Egungo sistemaren erreforma herrialde guztien inbertsioak ikuskatzeko erabiliko da, eta ez soilik Txinakoak.

Praktikan, inbertsioak egiteko baldintzak gogortze aldera egindako urrats gisa interpretatzea posible bada ere, aurreikuspen ezkorrenak bete ez izanak giroa lasaitu du. Dow Jones indizea %1,3 erori zen joan den astelehenean, neurri berriei buruzko ezinegonak bultzatuta. Atzo gora hasi zuen saioa hastean, eta Europako burtsak ere animatu ziren, Etxe Zuriak mezua aldatu izanari esker, besteak beste.

Teknologiaren esportazioa eta jabetza intelektuala gatazka zabalago baten barruan kokatu behar dira. Hasieran, gerra komertziala alde batera utzi, eta AEBek Txinaren aurrean duten defizita arintzeko akordioa iragarri bazen ere, azken asteotan jarrerak urrundu dira.

Uztailaren 6tik aurrera Washingtonek 29.300 milioi euro balio duten 850 produkturen inportazioei muga zergak %25 gehituko dizkie. Aurrerago beste 13.800 milioi eurori tarifak igotzeko ekinbidea ere bideratuta du. Pekinek prest dauka bere zerrenda, proportzio berdinean erantzuteko. Trumpek mehatxatu du bigarren fase batean 345.000 milioi balio duten ondasunak zigortuko dituztela.

Autogileak, kezkatuta

Gerra komertziala zabaltzean, begirada guztiak autogintzaren sektorean jarrita daude. Segurtasun nazionala argudiatuta, autoen inportazioei buruzko ikerketa zabalik dute AEBek.

Autogileak kezkatuta daude. Atzo, AEBetan ari diren autogile elkarterik handienetako bik ohartarazi zuten «ehunka mila lanpostu» galduko direla, tarifak igotzeko estrategia hori bururaino eramaten bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.