Machin: «Asko erakartzen nau Mendizorrotzan sortzen den giroak»

Gustura azaldu da Pablo Machin bere aurkezpenean. Helbururik behinena Lehen Mailari eustea dela nabarmendu du teknikariak

Pablo Machin, Alaveseko entrenatzaile kargua hartzeko aurkezpenean. JON RODRÍGUEZ BILBAO / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Pozik agertu zen atzo Pablo Machin Alaveseko entrenatzaile berria bere aurkezpeneko prentsaurrekoan. Alavesekin lan egiteko gogoz dagoela nabarmendu zuen: «Denboraldi historiko bat da, taldearen mendeurrena. Lan egingo dugu zale guztiak taldearekin identifikatuta sentitzeko eta jokalariez harro egoteko».

Denboraldi baterako sinatu du soilik, eta teknikari espainiarra gustura dago Alavesek konfiantza jarri duelako beregan: «Egia da ni normalean proiektu luzeagoetan ibiltzen naizela. Halere,hemen baldin banago, akordio bat egin dugulako nago».

Girona Lehen Mailara eraman, eta horiekin mailari eustea lortu eta gero, Europa ligan aritu da Machin, Sevillarekin eta Espanyolekin; baina azpimarratu du Arabako taldearen helburua beste bat dela, hasiera batean: «Gure helbururik behinena mailari eustea da. Gero, sasoian egindako lanak esango digu azkeneko partidetan gure helburua zein den: gora begiratzea ala Lehen Mailari eustea». Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendariak Europan jokatzeko ametsa baretu nahi izan du: «Azken urteak ikusita, Alavesen perspektiba galdu dugula uste dut: zein garen eta zenbat kostatu zaigun honaino iristea».

Machinek argi utzi zuen taldeari ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatuko dela: «Entrenatzaile batek jokalariek eman dezaketen guztia atera behar du talde indartsua osatzeko». Pere Ponsi buruz mintzatu zen; Gironan elkarrekin aritu ziren, eta igaro den denboraldian Ponsek ez zituen aurreikuspenak bete: «Etxetik kanpo jokatzen duzun lehen sasoia oso gogorra izaten da. Hura bere sasoirik onenean egon dadin saiatuko gara». Taldean mugimenduak egongo direla jakinarazi zuen: «Jokalari gehiegi dauzkagu kontratupean».

Datorren denboraldiko talde osaketari buruz gutxi hitz egin dutela aitortu du Machinek: «Dena oso azkar joan da, eta ez dugu horretaz hitz egiteko astirik izan ia. Hala eta guztiz ere, kirol zuzendaritzan konfiantza daukat, eta seguru nago taldearen maila igoko duten fitxaketak egingo dituztela».

Arabako taldearen zaleez ere gogoratu zen: «Alavesenzaleak taldearekin daude beti. Pena da hamabigarren jokalari horrekin jokatu ezin izana. Bai jokalari, bai entrenatzaile bezala Mendizorrotzara etorri naizenean, beti sentitu dut zaleen bultzada hori». Zelaian egoten den giroan ere jarri zuen azpimarra: «Sergiori behin baino gehiagotan esan diot: asko erakartzen nau Mendizorrotzan sortzen den giroak. Espero dut taldearen eta jarraitzaileen arteko batasun horrek jarraitzea».

Kostata, baina iritsi da

Bi aste igaro dira Alavesek Juan Ramon Lopez Muñizek jarraituko ez zuela jakinarazi zuenetik. Arabarrentzat ez da lan erraza izan teknikaria aurkitzea; eta Machinek sinatzea, are zailagoa. Teknikari espainiarra Txinako Qingdao Huanghai taldearekin hitzemanda zegoen, eta txinatarrekin kontratua eten behar izan du Alavesen aritzeko. Fernandezek eskerrak eman zizkion prozesu guztian azaldutako prestutasunagatik: «Eskerrak eman nahiko nizkioke bai Pablori, bai haren ordezkariei, hainbeste desiratzen genuen fitxaketa honetan emandako erraztasunengatik».

Sasoi berria prestatzeko, ondo bidean, jokalariak zelaira datorren astean bueltatuko direla berretsi zuen: «Gure asmoa da mediku eta PCR proba guztiekin astelehenean hastea. Dena ondo badoa, asteazkenean edo ostegunean ekingo diogu denboraldi-aurreari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.