21 urteren ondoren, onenekin

Denbora luzean utzita egon ondoren, Mexiko Hiriko Fronton Mexico erreminta pilotalekuak berriro irekiko ditu ateak ostiral honetan. 32 pilotariz osatutako koadroa edukiko du, astero lau jaialdi egingo dituzte, eta, hasiera batean, uztailean amaituko da denboraldia.
Beharginak eta makinak, jo eta ke, Mexiko Hiriko Fronton Mexico pilotalekuan lanean, joan den ostegunean. Ostiral honetarako egon behar du dena prest.
Beharginak eta makinak, jo eta ke, Mexiko Hiriko Fronton Mexico pilotalekuan lanean, joan den ostegunean. Ostiral honetarako egon behar du dena prest. IGOR SUSAETA

I. Susaeta -

2017ko martxoak 7
Mexiko Hiriko Fronton Mexico erreminta pilotalekua ostiralean irekiko dute berriro, ia 21 urtez itxita eta abandonatuta egon ondoren. 32 pilotariko koadroa edukiko du, eta tartean daude zesta-puntako izarretako batzuk: Imanol Lopez, Mikel Egiguren eta Eric Irastorza, besteak beste. Uztail hasiera arte iraungo du denboraldiak, eta asteartero, ostegunero, larunbatero eta igandero hiru partida eta bi kiniela jokatuko dituzte. Pedro Andrinua puntista ohi eta intendentearen esanetan (Mexiko Hiria, 1953), denboraldia luzatzea dute asmo pilotalekuaren kudeatzaileek, «gauzek espero bezala funtzionatzen baldin badute behintzat».

Pilotazale mexikarrak «gogotsu» daudela dio Andrinuak, eta baditu uste hori egiaztatzeko datuak: «Hainbat klubetako bazkidea naiz, eta jende guztiak irekiera datari buruz galdetzen zidan». Ikuskizuna bermatuta dagoela pentsatzen du, gainera, ekarri dituztenak «egindako puntistak» baitira.

Pilotaleku enblematikoa da Fronton Mexico, art déco estilokoa eta Ondare Nazional Historiko izendatua dena. 1929an zabaldu zituen ateak, eta, azken aldiz, 1990 eta 1996 arteko aldian jokatu ziren han zesta-puntako partidak; harik eta, Miguel del Rio orduan pilotalekua ustiatzen zuen enpresariak ordaintzen ez zienez, bertako langileek greba egitea erabaki zuten arte. 2010ean eta 2013an ere ahalegindu ziren hiriko agintariak eta Antonio Cosio Ariño jabea pilotalekua martxan jartzen, baina aldarrikapenari eusten dioten grebalariekin duten auziak oztopatu zuen saiakera. Horien eskakizunen aurrean entzungorrarena eginda, ordea, Salomon Chertorivski Mexiko Hiriko Garapen Ekonomikoko idazkariak iragarri zuen, 2015eko abenduan, Cosiok 50 milioi dolar inbertitu behar zituela azpiegitura zaharberritzeko. Berritze lanei ekin zieten orduan.

1.800 lagunentzako tokia izango du frontoi berriak, harmailak bilgarriak izango dira, eta pilotalekuan bertan bestelako ekitaldiak egingo dituzte, boxeo borrokak, kontzertuak, kongresuak eta beste. 3.000 metro koadro pasako instalazioak kasino bat eta jatetxe bat bilduko ditu barnean, eta, bigarren fasean, pilotalekuaren alboko eraikin batean luxuzko hotel bat eraikitzeko asmoa dauka Cosiok.

Baina kontu urbanistikoek ez dute zerikusirik Andrinuaren jardunarekin. Hari dagokio, Jon Ruiz de Azua eta Ignacio Puertasekin batera, kirol esparrua zehaztea. Horretarako, joan den urtearen amaieran Euskal Herrira bidaiatu zuen. «Pilotari batzuek idatzi zidaten, hona etorri nahi zutela esanez. Jokatzen ikusi nahi nituenez, bi saio antolatu genituen: bat Gernikan, eta bestea Hondarribian». Eta kontratatu dituzte, aipatutako figurez gain, Etxeto, Olha, Tambourindegi, Olharan, Ludovic Ladutxe, Inza, Sanchez, Ihitsague, Portet, Businello, Salaberri eta Hirigoien. Eta baita «indartsu datozen» hiru gazte ere: Ekhi, Aaron eta Del Rio. Puntistetako hemezortzi Euskal Herrikoak eta Biarnokoak dira, eta koadroa Mexikoko hamalau pilotarik osatuko dute. «Horietako hiruk, Inclanek, Ituartek eta Elizaldek, maila ikusgarria dute. Jarraitzaileek pilotari mexikarrak ere ikusi nahi dituzte». Garai batean, legeak hala ezarrita, kanon bat bete beharra zeukan Fronton Mexicok, eta pilotari koadroko kopuru batek mexikarra izan beharra zuen. «Baina orain ez digute hori exijitu, pilotalekua hogei urtez itxita egon denez zentzurik ez zuelako». Fronton Mexico itxita egon den bi hamarkadetan, puntistek Mexiko Hiriko Inclan pilotalekuan eta España zein Mundet klubetan entrenatu eta jokatu dute. «Pilotaleku horiek ez dira hau bezain luzeak, ordea. Honek 62 metro dauzka. Pilotaleku oso bizia da, eta hanka onak behar dira eusteko».

Diru sarrerak

Lehen denboraldia uztail hasieran amaituko da. «Ikusteko» dagoen arren, intendenteak jakinarazi du enpresariaren intentzioa dela sasoiak luzatzea, baldin eta ekimena «arrakastatsua» bada. «Pilotariak aritu daitezela udan Euskadin, eta gero etor daitezela Gabonak arte. Cosiok zera esan zidan: 'Funtzionatzen baldin badu, behar bezainbestetan irekiko dugu'».

«Zalantzarik gabe», dio Andrinuak, apustuak izango dira pilotalekuaren diru sarrera nagusia. Greban jarraitzen duten langile ohietako baten hitzetan, garai batean «dirutza beldurgarriak» jokatzen ziren. «Orduko zazpi milioi peso ere bai —320.000 euro pasa—». Artekariak mexikarrak izango dira, baina azken asteotan Benjamin Lazkanok eskarmentudunak trebatu ditu. Dirutza horiek jokatzen ziren garaian, hain zuzen, janzkera kode bat exijitzen zien pilotalekuak ikusleei: traje eta gorbata gizonezkoentzat, eta gaueko soineko luzea emakumezkoentzat. «Lehengo profilari eutsi nahi zaio; nolabaiteko eliteko jendearentzat izango da. Jende gaztea erakarri nahi dugu, ordea, eta, beraz, zorrotzegiak baldin bagara janzkera kodearekin, gazteak ez dira etorriko. Halere, edonori pilotalekurako sarrera ukatzeko eskubidea dugu».

Goikoetxearen atzetik

Andrinuaren arabera, Mexikoko pilotazalea «noblea da, ulertzen du kirola», eta horiek edo jarraitzaile berriak erakartzeko amuetako bat, adibidez, azken hamabost urteotako puntista onena kontratatzea litzateke, Iñaki Osa Goikoetxea. Eta horretan dabiltza. «Harekin negoziatzen ari gara. Arazoa haren babeslea da. Izan ere, guk, agian, edari energetikoren baten publizitatea jarriko dugu pilotalekuan, eta... —Red Bull da Goikoetxearen babeslea—».

Bada, gainera, intendentea ilusionatzen duen beste proiektu bat: pilota eskola. «Mexiko Hirian bost daude, baina Fronton Mexicokoa izango da inportanteena. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu harrobia lantzea, eta pilotari ohi batzuk maisu izateko prest daude».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna