Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

'Rangoli'

2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Hitz arrotzaren bila Interneten sarturik, zorionak jaso dituzu pilpiraka dabilen lauki batetik: 999.999. bisitaria omen zara eta bertan sakatuz gero 1.000 euro arteko txartel bat lortuko duzu. Halakorik bururatu ere egin gabe eta rangoli hitza ahantzirik, zorte edo zori horrexek oroitarazi dizu gurean eguberrietako loterian jokatu ziren 139.000.000 euroetatik 10.400.000 baino ez direla berreskuratu. Zoritxarrekoek kobratzen duten laguntza sozialen huskeria etorri zaizu gero gogora —Espainian 3,18 € igoko da gutxieneko soldata—, eta hala ere Maroto alkate gasteiztarrak maroko-aljeriarren kontra egindako gaitzespena, baina ezin ahantzi batik bat kexu hori bideratzeko jarritako bulegoaren zuzendari Patxi Gomezek dimisioa eman behar izan duela Ogasunarekin zorrak izateagatik. Apur bat lasaitu zaren arren Confebasken ustez EAEn aurten 17.000 lanpostu sortuko direlako, berehala urduritu zara gogoratu duzularik Jaurlaritzak 20 urtez Guggengheim museoaren markagatik urtero 1.900.000 € ordainduko dituela, eta, aldiz, arte sorkuntzarako 416.000 € bideratuko dituela aurten. Alabaina, berriro lasaitu zara Irantzu Lekuek oraintsu Krea zentro artistikoaren atarian rangoli koloretsu bat sortu duelako udaltzainek atzeman aurretik, eta berriro urduritu zentro huts horrek 18.000.000 € balio izan zuelako. Eskerrak David de Jorge sukaldariak albiste ona eman berri dizun: azken bi urte eta erdian 267 kilotik 136ra etorri da —sabelaldean oraindik darizkion haragi pildarrak kendu behar badizkiote ere—. Baina aldarte gorabeheratsuarekin jarraitzen duzu aurten, iazko datuak errepikatuz gero, Euskal Herrian 1.100 bular minbizi atzemango direlako edo Osakidetzak aurten ere bortizkeria matxistaren 836 biktima artatu beharko dituelako; aldiz, ezin jakin Ziburuko Kaskarotenea ikastolak noiz arte segituko duen egunero 100 euroko isuna ordaintzen eraikin publiko bat erabiltzearren. Ziur zaude, baina, Gasteiztik Coruñako Teixeiro kartzelara joateko iazko 597 kilometro berberak egongo direla aurten ere, 1.194 kilometro arrisku. Baina futbola betiere aringarri gertatuko zaigu, noski, eta ezin ahantzi Ronaldok 60.000 € ipini dituela ezinbesteko ebakuntza behar duen haur bati laguntzeko —berak aurten 35.000.000 € irabaziko ditu—. Alabaina, atzera etsiak hartu zaitu oroitu duzularik Nafarroako Legebiltzarrak Osasuna futbol taldearen zorra erosteko 53.000.000 ezarri dituela, eta kasik kopuru berbera bideratu zuela Jaurlaritzak San Mames berrirako, edo 2018 arteko kontratua luzatu dioten Mikel Rico jokalariak 35.000.000 euroko eten klausula duela. Une batez, zenbaki dantza grotesko hau ahanztearren, berriro Interneteko kazetetan barneraturik, AEBetan arma bitartez urtero 30.000 hildakotik gora daudela irakurri duzu, edota europarrek mendeetan zehar 100.000.000 esklabo inguru garraiatu zutela Afrikatik Ameriketara. Aitzitik, kopuru zenbakaitza duzu gaur egun Europan barneratu nahi eta ezin duten afrikarrena; soil-soilik dakizu iaz 2.900 pertsonak lortu zutela Melillara igarotzea, eta Gurugu mendian gutxienez 800 daudela zain, nora eta Amancio Ortegaren edota Albako Dukesa zenaren Espainiara joateko —bataren ondarea 48.000.000.000 € ingurutsukoa omen, eta 2.800.000.000koa bestearena—, nora eta gastu militarretarako gutxisko omen diren 28.066.000.000 € zuzentzen dituzten erresumara —hegoaldeko hiritar bakoitza 724 € ordaintzera behartua dago—. Beharrik oraindik ere Bertin Osborne bezalako tipo jatorrak geratzen diren, aitortzeko gai direnak 60 urteko mundualdian 1.000 emakumerekin oheratu direla… Zinez, nor zaren, hemen zertan zabiltzan pentsatzeko gogoa kentzen dizu zenbaki saltsa honek. Hutsal eta herbal garelako sentipena uxatzeko, eklipsatzeko erabakia hartu aurretik, atzera berriz Interneten barneratu eta horra hor berriro ere zorion mezua: oraindik ere 999.999. bisitaria ei zara! Baina hori ahantzirik, behingoz rangoli hitzaren esanahia aurkitu duzu: Indian, energia positiboa zabaltzeko patio edo egongeletan egin ohi den zirkulu apaingarria. Bejondeizula Irantzu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.