KRITIKA. Musika

Atxukarro, beti gazte

2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun

Piano kontzertua

Jotzailea: Joakin Atxukarro. Egitaraua: Claude Debussy, Maurice Ravel, Manuel de Falla, Juan Krisostomo Arriagakoa.Non: Bilboko Arriaga antzokian. Noiz: Urtarrilaren 27an.

Benetan, inbidia ematen du 85 urterekin Joakin Atxukarrok duen gorputzaldiak, teknikoki eta estetiko pianoa jotzeko duen erak. Eta urte askoan iraun diezaiola! Bada, artistak egitarau barnerakoia eskaini digu, ia inpresionista guztiz, eta pedagogikoa, Arriaga antzokiko musika ekitaldi honetan. Ematen zuen, agian, indar fisikoa behar zuten lanak alde batera utzi zituela, bestelako adierazgarritasuna eta barrenkoitasuna dituzten obren mesedetan.Dena den, aipatu beharra dago ez dela ohikoa izaten heterogeneoa den publikoari —Arriaga antzokia bete zuenari, alegia— piano inpresionistaren kontzertu ia osoa zuzentzea. Halaber, ez da ohikoa izaten pianistak sarreran pieza bakoitzaren nondik norakoak azaltzea. Adierazpen zehatzak eta mamitsuak gainera,eta publikoak oso ondo eskertuak.

Barnerakoi

Dena den, joaldiaren atarian, antzokiaren izena daraman konpositorearen Minueto jo zuen, Atxukarrok berak moldatua: hau da, Juan Krisostomo Arriagakoaren Minuettoa re minorren laukotearentzat, hain zuzen ere. Bertan, islatuta dago klasizismoaren ildotik zabaltzen den gaztegazte hil zenaren musika-idazkera promesgarria. Hortik aurrera, gehien bat inpresionismoaren armonia eta doinuaren apurketa etorri dira. Zehazkiago, Claude Debussyren bigarren liburuko bost Preludioetan eta Maurice Ravelen Alborada del Gracioso lanetan, nabariak dira Andaluziako aire, erritmo eta gitarrak, baina Frantziako inteligentsiak Espainari buruz zuen ikuspuntu exotikoko galbahetik, hain justu. Gure bilbotar pianistak musukatu egin zituen preludioen pieza laburrak, maisutasunez joz kontrasteak bai dinamikan eta baita jauzietan ere, in crescendo zihoan piezaren zailtasunak gainditzeko; esaterako, Ardoaren atean —Habanera— edo Ravelen Alborada-n lehertzeko, lehenengo zatian. Aldiz, jotzeko konpromiso handiko piezak ziren maisuak kontzertuaren bigarren zatian eskaini zizkigun piezak. Horien artean, gure Ziburuko euskalduna da adibide argiena, Maurice Ravelek idatzi zuen pianorakoGaspard de la Nuit: teklatuan jotzeko piezarik zailenetakoa da, antza. Hiru zatitan banatua dago, eta Scarbot hirugarrena da konplexuena interpretatzeko, zalantzarik gabe. Bertan, artistak kontzertuaren maila gorengoa lortu zuen: digitazio indartsua, pedalaren erabilera delikatua, erritmoen, denboren eta isiluneen kontrol zehatza, ñabarduren eta dinamika desberdinen erakustaldia... Ordu eta urte asko eta ahalegin handia behar dira horrelako emaitza estetiko aberatsa eskaintzeko... Eta publiko liluratuaren txalo zaparradak eskertzeko, gure pianista handiak Claude Debussyren Ilargiaren argiunea obrarekin bukatu zuen piano joaldi barnerakoi eta pedagogikoa hau .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.