Cristina Iglesiasen artelana Santa Klara uhartera eraman dute

Donostiako irlako itsasargi barruan jarriko dute pieza. Lanak urte amaieran amaitzea espero dute, udaberrian bisitatzeko moduan izateko

Helikopteroz eraman zuten pieza Donostiako Paseo Berritik irlara, zatika, atzo goizean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Cristina Iglesias artistaren (Donostia, 1956) brontzezko eskultura Donostiako Santa Klara irlara eraman zuten atzo goizean, helikopteroz. Pieza zatika garraiatu zuten, eta, horretarako, zenbait bidaia egin behar izan zituen helikopteroak. Uharteko itsasargiaren barruan kokatuko dute obra orain, eta itsas hondoa irudikatuko duen brontzezko ontzi handi bat izango du oinarri. Urte amaierarako instalatuta egotea aurreikusten dute, eta, hala, heldu den urteko udaberrian bisitatzeko aukera egotea. Artistak berak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Pasealeku Berritik ikusi zuten prozesua, goizean goizetik.

Helikopteroa goizeko seiak aldera hasi zen eskulturaren piezak Aquarium ingurutik uhartera eramaten, Iglesias eta Goia han zirela. Iristean, lore sorta bat jarri zuten biek helikopteroa aireratu zen lekuan, Haritz Galarraga pilotu donostiarraren omenez. Orain bi aste zendu ziren Galarraga eta haren lankide bat, helikoptero istripu batean, Katalunian. Hark gauzatu behar zuen eskulturaren piezak eramateko prozesua —iaz, itsasargian lanak egiteko beharrezkoa zen garabia ere berak eraman zuen irlara, piezaz pieza—.

Goiaren hitzetan, «beste mugarri bat» bete da artelana uhartera eramanda. Lanek aurrera jarraitzen dutela eta epeak ongi betetzen ari direla adierazi zuen, nahiz eta neguan izandako eguraldiagatik eta pandemiak sortutako egoeragatik hainbat zailtasun ere izan zirela aitortu zuen.

Hala, lan guztiak urte amaierarako amaitzea espero dutela iragarri zuen Donostiako alkateak, eta obra heldu den urteko udaberrian bisitatu ahal izango dela ere bai. Urtaro horretan, haren hitzetan, aukera egongo da artelanak hiriarentzat duen garrantziaren mailako irekiera bat antolatzeko. «Nazioarteko erreferente bat izango da eskulturaren eta artearen munduan», gehitu zuen.

Iglesias, berriz, «oso hunkituta» agertu zen, eta piezak eramateko unearen garrantzia nabarmendu zuen. Lantalde osoaren zeregina goraipatu zuen, eta, behin elementu guztiak irlan daudela, pieza muntatzen hasiko dela azaldu zuen.

Itsasargiaren barruan, obra ikusteko plataforma bat jarriko dute, eraikinaren estalkia berregingo dute, eta leihoak alabastroz landuko dituzte. Udan eta udazkenean argiarekin eta urarekin probak egiten ariko da, hortaz, eskultorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.