Hawkingen bizkarrera igota

Atzo hildako fisikari teorikoak ekarpen handia egin dio unibertsoa ulertzeko ahaleginari. Beste hainbesteko ekarpena egin dio zailtasun handiak izanik ere bizitzen jakitearen zientziari. Bizi egin nahi zuen, esan zuenez, baina beldur barik joan da, nahiz eta zerurik ez espero izan.
Stephen Hawking, New Yorkeko One World Trade Center eraikinean, 2016ko apirilaren 12an.
Stephen Hawking, New Yorkeko One World Trade Center eraikinean, 2016ko apirilaren 12an. JASON SZENES / EFE

Edu Lartzanguren -

2018ko martxoak 15
Pedro Migel Etxenike fisikariak 1973. urtean ezagutu zuen Stephen Hawking, Cambridgen (Ingalaterra). Unibertsitateko Cavendish laborategian zegoen orduan Etxenike, hau da, elektroia, neutroia eta DNAren helize bikoitzeko egitura aurkitu zituzten lekuan. Hawking gertuko Matematika departamentuan zegoen. Elkarren ondoan bazkaldu zuten hainbatetan. «Ez nuen hitz egin harekin, ordurako ez zitzaiolako ulertzen. Bakarrik bere doktoretza ikasleekin mintzatzen zen», esan du Donostia International Physics Centerreko zuzendariak.

Alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten Hawkingi, 1963. urtean, 21 urte zituela. Sendabiderik gabeko gaitz neurologikoa da, giharrak atrofiatzen ditu, eta gaixoa ahuldu egiten du, oro har, arnasa egiteko gauza ez den arte. «Beste bi urte baino ez zela biziko esan zidaten haren ikasleek 1973. urtean», adierazi du Etxenikek.

Egoera fisikoa, haatik, Hawkingengan akuilua izan zela uste du Etxenikek: «Ideiatan zentratu zen, ezin zituelako kalkulu aspergarriak egin, eta horrek espekulazio zoragarriak ekarri zituen, kasu batzuetan ziurrenera, eta, beste kasuetan, ez».

Etxenikek nabarmendu du oraindik indarrean daudela Hawkingek unibertsoa Big Bangen aurretik biltzen zuen singulartasunaren inguruan asmaturiko teoriak.

Hawkingek fisika garaikideari eginiko ekarpena goraipatu duFernando Jauregi astrofisikariak. Zulo beltzekin loturiko Hawkingen erradiazioaren deskripzioa da horietako nagusia, Iruñeko Planetarioko zientzialariaren arabera. Zulo beltzen ikuspegia irauli zuen Hawkingek 1974. urtean, 32 urte zituela. Ordura arte uste zen ezerk ezin ziola ihes egin zulo beltz baten grabitate ikaragarriari, argiak ere ez. Hawkingek iragarri zuenez, zulo beltzek erradiazio bat emititzen dute, eta, horri esker, ez dira etengabe hazten. Haatik, erradiazio horren bitartez, zulo beltzek masa eta energia galtzen dute, eta, azkenean, txikiagotu eta galdu egin daitezke. Horregatik, zulo beltzen lurruntzea esaten diote erradiazio horrek eragindako prozesuari.

Hawkingen erradiazioa baieztatu izan balitz, Nobel saria emango zion horrek zientzialariari, Etxenikeren arabera. Baina zulo beltzek ez dute informazio askorik emateko joera. «Oso zaila da neurtzea, ezin baitzara zulo beltzetan ibili».

Zulo beltzen erradiazioa

«Zientzia modernoaren ikono bat izan da Hawking, eta zientzialari handi bat, egoera pertsonala gorabehera», esan du Fernando Jauregi astrofisikariak. Mito izan da Hawking hil aurretik ere. Zaila da ez erortzea aulki gurpildun batetik robot ahots baten bidez, jakinduriaz, umorez eta zorrotz mintzo den burmuin bikain horren lilurapean. «Joera dugu zientzialari batzuk mitifikatzeko», esan du Jauregi astrofisikariak. «Baina hori beharrezkoa da, zientzia nola egiten den erakusteko adibide onak izateko». Baina zientzia, gaur, elkarlanean egiten da, eta, askotan, hainbat herrialdetako taldeak lanean batera jarrita, Jauregiren arabera.

Hawking desmitifikatzeko saioak ere egon dira hura bizirik zegoen bitartean. Zientzialariarekin 30 urtez ezkonduta egon zen Jane Hawking. Diagnostikoaren ondoren ezkondu ziren, 1965. urtean; hiru haur izan zituzten, eta 1995ean dibortziatu. Fisikariarekin izaniko harreman zailaren berri eman zuen emakumeak bi liburu autobiografikotan —horietako bat zinema bihurtu zuten 2014an, The Theory of Everything izenburupean—. Haien arteko harremanetan gaitzak eta fisika nagusitu zirela salatu zuen emazte ohiak, zientzialariak «neskame gisa» tratazen zuela, eta inoiz ez ziola eskertu zaintzen eginiko lan guztia.

Dibulgazio lana

Unibertsoaren legeak argitzeko eginiko lanaz gain, aurkikuntzak edonork ulertzeko moduan azaltzeko saio ugari egin zituen Hawkingek. Besteak beste, Denboraren historia laburra idatzi zuen (1988), eta, Leonard Mlodinowekin, A Briefer History of Time (2005) eta The Grand Design (2010).

Hawkingen dibulgazio liburuak «trinkoak» direla uste du Etxenikek. «Sakonak dira, erraz ulertzeko moduan idatzita daude, baina ez dira huskeriak». Baina Hawkingsen dibulgazioak badu beste ahalmen bat, Jauregiren aburuz: «Lantzen ari den problemekiko distantzia hartzen du, agian, ikuspuntua aldatzeko, eta gauzak argiago ikusteko». Horren adibide argi bat dago zientzialariaren dibulgazio lanotan: 1988ko lanean, ondorioztatu zuen ez direla bateraezinak unibertsoa zientziaren legeen bidez azaltzea eta Jainko sortzaile bat egotea. Baina, 2010ekoan, baieztatu zuen zientzia modernoak ez duela jainko sortzaile baten beharrik.

Horretan adibide interesgarria da Hawking. Bizitzak gogor zigorturiko jende askok joera izaten du edozein sineskeriari heltzeko. Hawkingek, ordea, beldurrik gabe begiratu dio errealitateari, haren azken sekretuak jakite aldera. «Laster hilko nintzelakoan bizi izan naiz azken 49 urteotan», esan zuen Hawkinsek 2011. urtean. «Ez naiz herioaren beldur, baina ez dut hiltzeko presarik. Hainbeste egin nahi dut aurretik!». Burmuina ordenagailu bat bezala ikusten zuela gaineratu zuen, geldituko zena osagaiek huts egiterakoan. «Ez dago zerurik edo beste bizitzarik ordenagailu apurtuentzat; hori ipuin bat da, ilunaren beldur den jendearentzat».

Irrazionaltasuna goratzeko joera oraindik erabat baztertu ez duen mundu batean arrazionaltasunaren alde eginiko lana goretsi dio Etxenikek Hawkingi: «Zientziaren legeek gobernatzen dute unibertsoa. Baina, gaur, batzuetan entzuten ditugun gauzekin, badirudi Newtonik, Einsteinik edo Hawkingik ez dela izan». Zientzialari ingelesak emaniko eredua «ikaragarria» izan dela esan du Etxenikek: «Edozein egoeratan bizitza bizitzea merezi duela erakutsi digu, eta daukagunarekin gozatzen: carpe diem».

Jenio kezkatua

Gizateriaren geroarekin kezkaturik agertu da Hawking azken urteotan. «Adimen artifizial osoa garatzeak gizateriaren amaiera ekar dezake», esan zuen 2014. urtean. Gizakia eboluzio biologiko geldoak mugatzen duela ohartarazi zuen, ezingo dela lehiatu adimen artifizial askatu batekin, eta gaineratu zuen hark gainditu egingo duela. Brexit-aren kalteez eta desberdintasun ekonomiko gero eta handiagoez ohartarazi zuen 2016an. Gizateriak bizirik iraun nahi badu, gizakiek 100 urte dituzte beste planeta batera aldatzeko, adierazi zuen iaz.

Einsteinek betetzerik izan ez zuen ametsari jarraikiz, unibertsoko lau indarrak teoria bakarrean biltzeko egindako lanarengatik gogoratuko da Hawking. Grabitatea, elektromagnetismoa, indar bortitza —atomoen nukleoak baturik gordetzen dituena—, eta indar ahula —desintegrazio erradioaktiboa eragiten duena—, lau horien atzean printzipio bera dagoela erakustea da fisikaren erronka nagusietako bat azken hamarkadatan. Hawkingek denaren teoria deituriko horretan egin zuen lan. «Oraindik ez da lortu, baina Newtonek esan zuen bezala, erraldoien bizkarrera igota eraikitzen da zientzia», gogoratu du Jauregik. Esaldia gustuko zuen Hawkingek berak, eta, On the Shoulders of Giants liburuan, bere zientzialari kutunen teoria gogokoenak bildu zituen 2002an. Hawking bera da galdutako erraldoietako bat orain. Gorputz endekatu batean preso egon arren, bizkar zabala utzi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna