Aldaketa progresiboa

Euskal Herriko inauterietako tradizio gehienetan, emakumeen presentzia onarturik dago. Hala ere, oraindik ere parte hartzea ez da gizonen mailara ailegatzen toki anitzetan.

Iker Tubia.
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Aspaldi hasi ziren emakumeak inauterietan parte hartzen, eta herri gehienetako inauterietako errituetan, ikusle izateari utzi, eta parte bihurtu dira, nahiz eta oraindik badiren emakumeei hainbat rol ukatzen dizkietenak. Lehenbizi, gonbidatu izan ziren; gero, parte hartzaile. Halere, herri askotan oraindik ere ez dira gizonen maila berean. Inauterietan sartzea progresiboa izan da.

Aitzpea Leizaola antropologo eta EHUko irakasleak azaldu duenez, inauteriek bilakaera handia izan dute; soilik gizon ezkongabeek ospatzen zuten besta hori, gazte izatetik gizon izatera igarotzeko erritua omen zelako. Emakumeak, haurrak eta helduak ez ziren horren parte. Beraz, parte hartzea zabaltzean, gizon ezkonduei zabaldu zitzaien. Emakumezkoek ere erabaki zuten parte hartzea hainbat kasutan. Adibidez, haurrak mozorrotzea nahiko berria da; landa eremuan, behinik behin.

Baina parte hartze hori mailakatua izan da. Parte hartzen hastea koska bat igotzea da, eta besta antolatzera igarotzea beste koska bat litzateke. «Antolatzeak ardura hartzea dakar; festak gizartearen isla diren heinean, antolaketan gizonezkoak nagusi izateak gizarteko gainerako arloetan gertatzen denaren isla izaten jarraitzen du», esan du antropologoak. Tokian-tokian, egoera ezberdina da, baina, oraindik ere, herri askotan pertsonaia batzuk gizonendako gordetzen dituzte, edo inauterietako uneren bat; hamaiketakoa, adibidez. Parte hartzea ez da erabatekoa. «Eremu txiki horiek mantentzen dira esklusiboaren ideiarekin. Botere eremuak urritu egiten dira, eta hainbat eremutan sartzen ez uzteak indartzen duen ideia da: gu gara benetan besta egiten ari garenak».

Aldaketa gehiago etorriko direla uste du Leizaolak. «Emakumeek parte hartzeak ez du esan nahi parekide izatea; baina, seguruenik, aldaketa gehiago etorriko dira». Dena den, toki batzuetan, parte hartzea oso mugatua da: Uztaritzen (Lapurdi), kaskarotak gizonak izango dira aurrerantzean ere, horrela erabaki dute boto bidez. «Oraindik?». Arantxa Lannes dantzari uztariztarrak horrela erantzun du albistea jasotzean. Hark ere izan zuen dantzatzeko gogoa, nahiz eta aspaldi ez dagoen taldean.

Usadioa galdu ez duen herri bakarra direla eta, neskarik ez onartzea erabaki dute. «Nire ustez, gaur egun, tradizioa sortu zenean bezala, ez du zentzurik». Funtzioa aldatu baita: «Neskak sartzen badira, tradizio berri bat izan behar du; beharbada, zentzu berri bat eman behar zaio». Tradizioa, dena den, ezin da aitzakia izan inor baztertzeko. «Ohituraren funtsa mugimenduan izatea eta zure garaiarekin izatea da; ez baldin bada hala, hila da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.