Urritu den merkatua

Krisiak kalte handiagoa egin dio Euskal Herriko lan merkatuari Europako Batasunekoari baino.

Biztanleriaren zahartzea eta langabezia handia dira ahulguneak; formakuntza da indargunea

Iker Aranburu -

2014ko abuztuak 3
Azken hilabeteotan hobera egin dute Euskal Herriko lan merkatuaren zenbakiek. Langabezia pixka bat jaitsi izanak, ordea, ez du ezkutatzen une larrian daudela langabeak —200.000dik gora— eta lan baldintza prekarioetan ari diren beste dozenaka mila. Merkatu horren indarguneak eta ahulguneak bildu ditu Gaindegiak, Lan Merkatuaren Egoera Euskal Herrian izeneko txosten monografikoan. Zazpi herrialdeei dagozkien datuak jaso ditu ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak.

Txostenak errealitate bat nabarmentzen du: krisiak askoz gehiago eragin dio lan merkatuari Euskal Herrian, Europako Batasunean baino. Bi datutan ikus daiteke hori. Batetik, jarduera tasa jaitsi egin da krisialdian: %73,3tik %72,7ra. Garai horretan handitu egin da Europan: %70,7tik %71,9ra. Bestetik, langabezia tasaren igoera ikusgarria da: %6,9 zeuden lanik gabe 2008an, eta %16,4 2013an. Tarte horretan, EBn, erdia baino gutxiago igo da lanik gabekoen kopurua: %7tik %10,8ra.

Behin-behineko langile gehiago EBn baino

Hego Euskal Herrian egiten diren kontratuen %6-7 baizik ez dira mugagabeak; horrek lan merkatuaren prekarizazioa erakusten du. Horren ondorioz, EBn aldi baterako kontratudun gehien duen lurraldeen artean dago Euskal Herria: %19,7k dute halako bat. Haren gainetik daude Herbehereak (%20,6), eta azpitik Frantzia (%16,5), EB (%13,4), Alemania (%13,4) eta Danimarka (%8,8). Hegoaldeari zor zaio datu hori, Iparraldean behin-behinekotasun tasa %10,4 baita. Krisiak batez ere aldi baterako kontratua zutenei eragin die, haien kontratuak ez berritzea lehenetsi dutelako enpresek gauzak okertu zaizkienean.

Emakumeen enpleguak, egon badaude

Azken urteotan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean pausoak eman arren, lan munduan oraindik banaketa handia dago: Hegoaldean, osasun zerbitzuko langileen %85,3 emakumeak dira, baita bulego publikoetako enplegatuen %75,1 ere. Emakumeak gehiengoa dira hezkuntzan, ostalaritzan edo zerbitzuetako langile ez-kualifikatuen artean, baina gutxiengoa industriako lanpostu gehienetan (langile kualifikatuen %16 baizik ez) eta eraikuntzan ia ez dira aritzen (%1,6),

Banaketa horrek eragiten du Euskal Herri osoan hamar lanaldi partzialetik zortzi emakumeek izatea, eta haien batez besteko soldata (21.425 euro) gizonena (28.538) baino askoz txikiagoa izatea.

Enplegua, ekonomia bera baino okerrago

2011ko salbuespenarekin, enpleguak bilakaera okerragoa izan du barne produktu gordinak baino. Hau da, lanpostuen galera handia izan da ekonomiaren jaitsierarekin alderatuz gero: 2009tik 2013ra enpleguaren galera metatua 12,5 puntukoa da, eta 3,6koa BPGarena. Europako Batasunean, berriz, aldea askoz apalagoa da: 2,6 puntuko galera metatua du enpleguak, eta 1,2koa, berriz, ekonomiak.

Langile gutxiago daudenez, eskulanaren produktibitatea igo egin da, baina gehiago Europan (6 puntuko igoera metatua) hemen baino (4,9). Edonola ere, Euskal Herriko landuneko produktibitatea (73.021 euro) handiagoa da EB28koa baino (59,493).

Lana dutenen artean, %82,5 soldatapekoak dira, eta %17,2, berriz, beren kontura ari dira. Autonomoen kopurua askoz handiagoa da Nafarroa Beherean (%30,3) eta Zuberoan (%27,4).

Bost langiletik bakarra aritzen da sektore publikoan Hego Euskal Herrian. Lautik bat dira Araban.

Eskulanaren zahartzea bizkortzen ari da

2005az geroztik zahartzen ari da langileria; EBn baino bizkorrago, gainera. Lan merkatura sartzeko adinean dauden gazteak aurki erretiroa hartu behar dutenak baino askoz gutxiago dira, erretirora hurbiltzen ari direlako baby boom-aren hasierako belaunaldiak eta Hego Euskal Herrira 1960eko hamarkadan iritsitako langile etorkinetako asko. Ondorioz, 24 urtetik beherakoak %5,6 dira, eta %14,3, berriz, 55 urtetik gorakoak. 15-39 urte bitartekoak %45,2 ziren 2013an, 2008an baino 3,6 puntu gutxiago. Zahartze horretan salbuespena Lapurdi da, itsasertzeko herrietan batik bat Frantziatik iritsitako langile gazte asko baitaude.

Gazte gutxi lanean, baina asko formatuta

2008. urtetik jaitsi egin da gazteen jarduera tasa Euskal Herrian: 2008an, 15 eta 34 urte artekoen %71,1 ari ziren lanean, eta %61,2 ari dira orain. EBn, berriz, jaitsiera ez da puntu batera iristen: %64,5etik %63,7ra jaitsi da. Jaitsiera handiena, Euskal Herrian, 15-24 urte artekoen artean gertatu da, %40,4tik %29,4ra jaitsi baita jarduera tasa. Eskoziakoaren edo Danimarkakoaren erdia da tasa hori.

Gazteen prestakuntzan, berriz, punta-puntan dago Euskal Herria: 30-34 urte artekoen artean %57,7k dute goi mailako prestakuntza. EBn, %36,8 dira; %44,7 Katalunian, eta %52,8 Eskozian. Ez ikasi eta ez lanik egiten ez duten gazteak %10,2 dira, Alemanian baino gehiago, baina Kataluniaren erdia baizik ez.

Industrian, bost enplegutik bat galdu da

Europako herrialde gehienekin alderatuta, industriak pisu handia du Euskal Herriko ekonomian: enpleguen %20,8 sortzen ditu, ia-ia Alemanian bezainbeste (%21). Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan are gehiago, lautik bat aritzen baita industrian. Edonola ere, krisiak gogor jo du industria, eta enpleguaren %20 galdu du sektore horrek. Galera handiagoa Katalunian (%30).

Eraikuntzan are handiagoa izan da jaitsiera, hamar enplegutik lau galdu baitira. Lehen sektoreak eutsi dio ongien, baina Nafarroa Beherean edo Zuberoan baizik ez du pisu handia.

Lanaldi osoa nahi, eta erdiarekin moldatu behar

Prekarietatearen beste erakusgarri bat lanaldi partzialen ugaritzea da. %16,4 dira egun osoko lanaldia ez dutenak. Europan askoz hedatuagoa dago lan egiteko molde hori, iparraldeko herrialdeetan batez ere. Herbehereetan, esaterako, %50,8 dira, eta %27,3, berriz, Alemanian.

Arazoa da hemen ordu batzuetako lana dutenen erdiek egun osoko lanaldia nahiko luketela. Ia %20k seme-alabak edo beste senideren bat zaintzeko dute lanaldi partziala; %5ek, gehiago ikasteko, eta %9k baizik ez dute lanaldi partziala beren gogoz aukeratu.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.gaindegia.org

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna