Katalunia. Independentziarako bide-orria

Gizarte zibilak datorren urtearekin hasiko du prozesu konstituziogilea

Soilik herritarrek kudeatu beharreko fasea prestatzen hasita daude ANC eta Omnium.Inputatuen aldeko ekitaldiak, datorren astean

Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Irailaren 27ko hauteskundeetan Junts Pel Sik (62) eta CUPek (10) bien artean gehiengo osoa lortu zuten Kataluniako Parlamentuan, eta, herritarren babesa badutelakoan, independentziarako bidean egin beharreko urratsak negoziatzen ari dira ordutik. Bakoitza bere bide-orriarekin aurkeztu zen bozetara, eta, Kataluniako presidentearen izendapenaz gain, badute zer eztabaidatua prozesu bateratu bat aurrera eramateko. Alderdien arteko joko zelai horretatik kanpo, baina, Kataluniako herritar soilek prozesu konstituziogileari buruzko eztabaida datorren urtearekin batera hasiko dutela jakinarazi du Jordi Sanchez ANCko presidenteak.

Prozesu konstituziogileari dagokionez, Junts Pel Sik herritarrek eta soilik herritarrek kudeatutako fase bat aurreikusten du lehendabizi bere bide-orrian; eta bigarren bat instituzionala, independentzia aldarrikatu ondorenerako. Hor, hauteskunde konstituziogile batzuetatik ateratako parlamentuak idatzi beharko luke konstituzioa. CUPek, berriz, Batzar Konstituziogile baten eratzea aurreikusten du aurrena, Kataluniako Errepublikaren Konstituzioa idazteko. Horren oinarria, baina, herritarrek elikatutako prozesu konstituziogile bat izango litzateke, udal ordezkariek eta eragile zibilek bultzatua. Prozesuaren amaieran bat datoz Junts Pel Si eta CUP: herritarrek erreferendum batean berretsi beharkolukete Kataluniako konstituzioa.

Jendarteko aurreneko eztabaida horri 2016a hastearekin bat ekingo diotela jakinarazi berri du Jordi Sanchezek, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak; Junts Pel Sik eta CUPek ez badute bestelakorik hitzartzen, noski. ANC eta Omnium Cultural dagoeneko hasita daude gizarte zibila protagonista izango den aldi hori prestatzen, eta herritarren arteko eztabaida prozesua Katalunian gehiengo independentista sendotzeko «aukera ona» izango dela esan zuen asteazken iluntzean Sanchezek, Bartzelonako Gracia auzoan egindako agerraldian.

Prozesu konstituziogileari buruz herritarren parte hartzea sustatzeko gizarte eragileek beraiek egingo duten lanaz gain, Junts Pel Si eta CUPen arteko elkarrizketak trabatuz gero «bitartekari lana» egiteko prestu daudela ere esan zuen Sanchezek. Presidentearen inbestidurari buruzko eztabaida leundu ere egin nahi izan zuen ANCko presidenteak: «Akordioa egongo dela erabat konbentzituta nago».

Sare sozialetan kanpaina bat hasi du ANCk, A-9ko herri galdeketan kataluniarrek izandako «parte hartze masiboa» eta erakutsitako «ilusioa» gogorarazi eta indarrak biltzeko datorren asterako antolatu dituzten kontzentrazioei begira.

Mas, Ortega eta Rigau

ANCk, Omniumek eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak elkarretaratzeak deitu dituzte datorren astearte eta asteazkenerako, A-9a antolatzeagatik inputatu dituzten Generalitateko arduradunei babesa agertzeko. Joana Ortega garai hartako presidenteordeak eta Irene Rigau Hezkuntza sailburuak hilaren 13an deklaratu beharko dute epailearen aurrean, eta Artur Mas presidenteak 15ean. Asteartean Kataluniako udaletxe aurreetan elkarretaratzeak antolatu dituzte, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debeku arren A-9a antolatzeagatik inputatu dituzten agintarien segizioa egingo dute bi egunetan Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzara. Desobedientzia, prebarikazioa, diru publikoen okerreko erabilera, eta usurpazioa nahiz Justiziari trabak jartzea leporatzen diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.