Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Fiskalaren zigor eskaera gaitzetsi dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Publizitatea

Politika

'Altsasuko auzia'. Elkarretaratzea Iruñean

Fiskalaren zigor eskaera gaitzetsi dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Eskaera neurrigabetzat jo dute EAJk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Kasuaren eskumena Iruñeko epaitegiena izan behar dela defendatu dute

2017-07-15 / Iosu Alberdi

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Batzordean onartu dute Altsasuko gazteen zigor eskaera gaitzesteko ebazpen proposamena, aldeko hamar boto eta aurkako hirurekin. Proposamen bateratua aurkeztu duten hiru alderdiek —EAJk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k— bozkatu dute alde eta PSE-EEk eta PPk aurka.

Onartutako ebazpenak hiru puntu hartzen ditu bere baitan. Lehen puntuan, fiskaltzaren eskaeren aurrean «erabateko desadostasuna» adieraztea, eta «kasua neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezin batera» iritsi izana gaitzesten dute. Bigarrenean, elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideekiko «konpromiso irmoa» azaltzen dute. Hirugarren eta azken puntuan, «Nafarroako Probintzia Auzitegiaren motibazioa babestea» egitateak terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela dioenean.

Altsasuko sei gaztek 50 urteko zigor eskaerak dituzte, 62 urtekoa zazpigarrenak eta hamabi urte eta erdikoa azken batek. Horren aurrean, Maria Eugenia Agirrezabalaga EAJko batzarkideak gazteek «egin zutenaren araberako zigorra» izan behar dutela azaldu eta eskaeraren «neurrigabekeria» salatu du. «Terrorismo kalifikazioak etsaiaren aurkako zuzenbide penalaren zantzua du», jeltzaleran ustez. Agirrezabalagak defendatu du urriak 15eko gertaerengatik kode penaleko 573. artikulua aplikaezina dela. Agirrezabalagak uste du eskumena Iruñeko auzitegiek hartu beharko luketeela: «Iruñeko epaileak erabaki dezala objektiboki».

EH Bilduko Xabier Olanok bide beretik jo du, «liskar bat» terrorismotzat ezin dela hartu defendatuz eta fiskalaren eskaera «astakeriatzat» joz. Olanok «muntai polizial, judizial eta mediatikoa» salatu du batzordearen bileran. Lehen «dena ETA da defendatzen zuen» Baltasar Garzon epailearen hitzak ere gogora ekarri ditu Olanok. Epaileak horrelako gertaerek «bakea arriskuan» jartzen dutela adierazi zuen herenegun.

Ahal Dugu-ko Imanol Gudek ere fiskaltzaren erabakiarekin desadostasuna adierazi du, «independentzia falta» argudiatuz. Gudek «atzean erabaki politikoak» daudela defendatu du eta, beraz, desadostasuna legitimoa dela. Bestalde, zigor eskaera horiek «lekuz kanpo» daudela eta «beste garai batzuetakoak» direla kritikatu du.

Aurkako arrazoiak

PSE-EEko Arritxu Marañonek ere auzia Nafarroako auzitegian epaitu behar dela defendatu du, baina ebazpen proposamenarekin ez duela bat egiten gehituz. «Gertatutako ekintza biolentoak ez gaitzestea eta biktimekiko elkartasun eza» izan dira aurka bozkatzeko bere argudioak. Ezetzaren aurrean, PSNk ebazpen bera onartu zuela gogoratu dio Olanok Marañoni eta ebazpenean ezer gehitzeko saiakerarik egin ez izana kritikatu.

PPko Juan Carlos Canok, berriz, ebazpena onartzea «presio politikoa» egitea dela salatu du, «hastera doan prozedura judizial baten aurrean»: «Utzi diezaiogun justiziari lan egiten». Popularraren esanetan Altsasun gertatutako ez zen taberna bateko liskar hutsa izan, «Guardia Zibilarekiko gorrotoaren adierazpena baizik». Canok zuzenbide estatuaren defentsa egin du, legeak eta prozedurak errespetatzeko eskatuz. Agirrezabalagak PPk zuzenbide estatua «bere adiera ahulenean» erabiltzen duela adierazi du, «pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatzeko» erabili behar dela defendatuz.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak