GAKOAK

2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herri osoa beregain hartuko duen lehen instituzioa izanen da Euskal Elkargoa. Ezagupenaren aldarrikapena bete bada ere, tresnak izanen dituen baliabideak urrun dira aldarrikapen historikoak jarri nahi zuen zorutik.

Herriarteko egitura. Herriarteko lankidetza erakunde publikoa da Euskal Elkargoa. Herri guzietako ordezkariak bilduko ditu, biztanleriaren arabera proportzionalki banatuta. Hala, 233 kide izanen dira Elkargoko Kontseiluan. Horrez gain, 69 kideko batzorde iraunkorra eta presidentearen inguruan bilduko den 25 kideko batzorde eragilea izanen ditu.

Eskumenak. Herri mailako eskumenak izanen ditu, orain arte hamar elkargoek kudeatzen zituztenak: hirigintza, herriarteko garraioa, hondakinen kudeaketa... Bi urteren buruan, zein eskumen atxikitzen dituen eta zein herriei itzultzen dizkien erabaki beharko du. Gerora, eskumen gehigarriak negoziatzen ahalko ditu goragoko instituzioekin.

Aurrekontua. Orain arteko hamar herri elkargoek kudeatzen zuten dirua izanen du Euskal Elkargoak, emendakin txiki batekin. Eskumen gehiago eskuratu ahala, dagokien aurrekontua ere eskuratuko du.

Lurraldetasuna. Eskumenetan botere gutxi izanik ere, lurralde oso baten ordezkaritza izanen du Euskal Elkargoak. ipar Euskal Herriak ahots bakarrez hitza hartzeko gaitasuna izanen du, eta beraz, Ipar Euskal Herriko interlokutore nagusia izanen da. Horrek garrantzia izanen du Frantziako Gobernuari begira pizu bat izateko, baina EAE eta Nafarroarekin lankidetzan aritzeko ere.

Bilakaera. Dituen eskumenekin muturreraino iristea izanen da lehen erronka, gerora eskumen gehiago eskuratu eta garapen bidean segitzeko. Urte batzuetara eskuduntza bereziko lurralde elkargo izaera negozia lezake. EAE eta Nafarroarekin lankidetzan ausart agertuz gero, naziogintzan ere urratsak eman litzake, herri-izaera handiagoa emanez Euskal Herriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.