EAJ-Sortu harremanak. Elkarrizketa. Pernando Barrena. Sortuko bozeramailea

«Ados jartzeko, benetako mami eta lan politiko baten gabezia izan dugu»

Sortuko bozeramaileak uste du EAJrekin gutxieneko akordio baten beharra dagoela, baina garbi utzi du adostasun hori ez dutela lortuko bakoitzaren eredu politikoaren inguruan. Jeltzaleen jarreragatik «gauzak oso hotz» daudela iritzi dio.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
enekoitz esnaola
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Pernando Barrena (Berriozar, Nafarroa, 1965) Sortuko kidea izan da EAJrekin hilabeteotan bildu izan direnetako bat. Akordiorako xedea du, baina zail ikusten du.

Zer esanahi izan zuen EAJ-Sortu bilera publikoak?

EAJk eta ezker abertzaleak beti eduki izan dugu komunikazio bat, nahiz eta Espainiako Estatuak ezker abertzalea legez kanpo izan duen hamarkada batez. Baina dagoeneko Sortu legezkoa zela eta, EAJk eta biok jendaurreko bilera bat egitea pentsatu genuen, harremanari izaera ofizial eta formal bat emateko. Horrek bazuen esangura politiko bat. Baina, horrez gain, guk ikusi nahi genuen zer aukera dauden gatazka politikoari eta normalizazioari dagokionez adostasunak lortzeko.

Zer aukera daude?

Urtebete honetako bilera hauetan ere ikusi dugu bakoitzak eredu desberdinak dituela. Kudeatzen ditugun instituzioetan islatzen da hori; Kutxabanken aferan ere begira nola gabiltzan. Kultura politiko desberdinak dauzkagu EAJk eta Sortuk. Baina eredu talka horren gainetik bakeaz eta konponbideaz adostasunak lortzeko ahalegina egin behar dugu. EAJ bat etorri zen horrekin.

Eta lortu al duzue akordiorik horretan?

Ez. Zaila egiten zaigu aurrera egitea. Hau da, EAJk zaku berean sartzen ditu bakea eta normalizazioko gaiak eta instituzioetako kudeaketa. Akordioak behar badira, esaten du bi arloak kontuan hartuta egin behar direla, desberdindu gabe. Gu ez gaude horrekin bat. Sorturentzat, batetik, bakea eta normalizazio politikoa daude, eta hor EAJrekin ados jar gaitezke, gizartearen interes orokor bat baita, eta, bestetik, bakoitzaren proiektu sozialak, ekonomikoak eta abar daude, eta hor egitasmo eta pentsaera desberdinak ditugu Sortuk eta EAJk. Hor ez dago kolaborazio posiblerik.

Nola egin aurrera?

Madril etengabe ari da egoera blokeatzen. Gainera, birzentralizaziorako pausoak ematen ari da, nabarmen. Ondorioz, Sortuk uste du euskal indarren artean adostasunak bilatu behar direla. Horrek beharko luke abiapuntua. Hala, izugarrizko lan eta presio politikoa egin daiteke Madrilen jarrera bihurtze aldera. EAJri hori proposatu izan diogu.

Horretarako prest ikusten al duzue EAJ?

EAJk esaten digu Madrildik ezin dela ezer espero, baina gero praktika politikoan ikusten da hari begira jarraitzen duela. Gure abiapuntua Euskal Herria baino ez da. EAJrena ez, Madrilekin ere kontatzen baitu. Orain badaki PPrekin ez duela ezer egiterik, eta 2015eko Espainiako hauteskundeei begira dago, han gobernua aldatuko delakoan. Gainera, normalizazio politikoan Madrilekin konfrontazioa bilatu beharrean, erdian kokatu nahi du, ezker abertzaleari ere leporatuz gaurko blokeoaren errua, hemen egoeraren aldaketaren arduradun nagusietakoa ezker abertzalea izan denean. EAJk horrela Madrilen erantzukizuna arindu egiten du, eta maiz ezkutatu egiten da

Nafarroaz ere hitz egin duzue.

Bai. Guk atera genuen Nafarroaren gaia, baina ez gara sakon aritu. Gure ustez, EAJk eta Sortuk Nafarroaz jarrera bateratu bat eduki behar dugu. Biok diogu inteligente jokatu behar dugula.

Zer da Arraizek duela urtebeteko bileraren ondoren aipatu zuen «gutxieneko akordioa»?

Erabakitzeko eskubidea eta bakegintza (presoak, biktimak, desarmatzea, iraganaren azterketa...) izan daiteke. Eta hori dena esparru orokor batean sartuta, ez soilik partzialki jorratuz hau edo bestea. Baina bideaz ez gara jarri ados EAJrekin; lokaztu egin gara.

Uda ondoren, bilerei eusteko asmorik ba al duzue?

Gauzak oso hotz daude. Kontua ez da bildu, kafe bat hartu eta iritziak trukatzeko gogorik ez dugula EAJk eta Sortuk. Hori kafetegi batean ere egin dezakegu. Harremanak egitea beti da atsegina. Guk esparru orokor bat zehaztu nahi dugu, baina bileretan ikusi dugu ezintasun bat dugula aurrera egiteko. Ados jartzeko, benetako mami eta lan politiko baten gabezia izan dugu batzar hauetan. Horretarako, borondatea eta metodologia behar dira, eta horiek ez ditugu ikusi. Ez gaude batere gertu. Baina bi alderdiok akordioak lortzera behartuta gaude.

Udazkenean, 2015eko udal eta foru hauteskundeen kanpaina-aurrea hasiko da. Horrek zaildu egingo al du EAJ-Sortu biltzea?

Bai. Hemen, beti hauteskunde interesak tarteak sartzen dira. Gainera, udal eta foru hauteskundeek dedikazio handia eskatzen digute alderdioi, eta, normalean, konfrontazio handia egoten da. Baina Sortun, behintzat, gaitasuna dugu hauteskunde interesen gainetik aritzeko eta gatazkaren konponbidearen alde lan politiko bat egiteko. EAJ-Sortu harremanak zutabe sendoak bilatu beharko lituzke. Gure oinarri sozio- politikoan horren beharra garbi ikusten da. Baina kostatu egiten zait behar horren aldeko jarrera ikustea EAJren munduan. Pena da. Izan ere, bilera hauek prestatzen eta egiten pasatzen ditugun egun guztiak normalizazio politikoaren interesen aurka doaz.

Frankismoaz geroztik, Espainiako Estatuko trantsizio garaian 1977an Txibertan hainbat euskal eragile bildu ziren: EAJ, ETA... Ez zen akordiorik lortu. Orain, bigarren trantsizioaz hitz egiten da.

Ezin dugu galdu aukera hau. Baldintzak baditugu: Europako testuingurua hor dugu, Eskozia eta Kataluniarekin; ETAk jarduera armatua utzia du; Espainiako Estatuak arazo handiak ditu... Zailtasunak dauzkagu, baina gaitasuna izan behar dugu akordioak erdiesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.