«Garaia da jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa egiteko»

Gorripideko zenbait kide ezagunek bat egin dute Alternatibarekin.«Eraldaketa orotarikoa helburu duen estrategia» indartu nahi dute

Matute eta Bikila, atzo, Alternatibarekin bat egin duten beste kideekin. J.M. / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2015eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Herri mugimenduetan eta politikan ibilbide militante luzeko hainbat lagunek bat egin dute Alternatibarekin. Zutik alderditik eratorritako Gorripidea ildokoak dira. Batzuk, aski ezagunak: besteak beste, Joxe Iriarte Bikila, Zutik-eko eledun izana; Juan Ramon Garai, memoria historikoa berreskuratzeko lanetan aditua; eta Mikel Martin, LGTB mugimenduan zaildua. Gorripideak kolektibo soziokulturala bilakatzea erabaki du, eta bertako kideek hautu politiko librea egin dute. Haietako batzuek egin dute bat Alternatibarekin eta, beraz, EH Bildurekin, ezkerra elkartzea beharrezkoa dela sinetsita, «eraldaketa orotarikoa helburu duen estrategia indartze aldera», Bikilak esan duenez. Hark eta Oskar Matute Alternatibako kideak egin zuten agerraldia, atzo, Donostian.

Urte luzeetako militantzia egin dute hainbatek «Euskal Herri burujabe eta sozialki emantzipatuaren alde», Bikilak esan zuenez. Arrazoi askorengatik «jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egiteko garaia» dela iritzi diote. Ekarpena egitea da haien asmoa, beren esperientzian oinarrituta. Horixe aitortu zien Oskar Matutek, Alternatibari ekarpen handia egin izana, «ezkerraren hainbat adarretan urrats esanguratsuak egin dituen jendea delako».

Matutek uste du ezinbestekoa dela ezkerreko mugimenduenaliantzak josten segitzea, «aurre egiteko dudazko legezko jarduerak dituztenei, jakin berri dugun Kutxabankekoari, kasurako». EH Bildu aldaketarako tresna dela adierazi du; EAJ, PSOE, PP eta UPN, berriz, botere ekonomikoaren menpe dauden «erregimeneko alderditzat» jo ditu. «Herria ahaldundu eta gehiengo soziala altxatzearen» alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.