Konstituzionalak ezeztatu ditu 'fracking'-a eragozteko EAEko legeko artikulu bi

Ingurumena babesteko autonomiek onar ditzaketen arau gehigarriez haragokoak atzeman ditu. Espainiaren helegitea ez du osorik onetsi

Arantxa Iraola -

2018ko otsailak 1
Berritu egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aurretik Nafarroarekin eta beste hainbat autonomia erkidegorekin —Errioxa, Kantabria, Katalunia— urratutako bidea; baliogabetu egin du 2015ean Eusko Legebiltzarrak haustura hidrauliko edo fracking-aren kontra onartutako legea. Ez osorik, baina Espainiako Gobernuak legearen kontra ezarritako hainbat helegiteri arrazoia eman die, eta, ondorioz, legearen 3. artikulua eta eta 2. artikuluaren zati bat ezeztatu egin ditu. Onartzen die auzitegiak autonomia erkidegoei ingurumena babesteko arau gehigarriak indarrean jartzeko eskumena, baina uste du aipatu legean ezartzen diren neurriekin «gainditu» egiten dela autonomiei onetsitako eskumenen esparrua. Hortik ebazpena.

Lege hori idazteko orduan erabaki zen ez erabateko debekurik jartzea haustura hidraulikoaren bidez hidrokarburoak erauzteko jardunbideei. Era horretan, hain zuzen ere, legea baliogabetzea saihestu nahi zen. Debekuaren ordez, tankera horretako erauzketak egiteko «zailtasun» handiak ezartzen ditu legeak. Geologiarekin, ingurumenarekin, paisaiarekin edota egoera sozioekonomikoarekin lotutako eragozpenak aintzakotzat hartuta, erauzketak debekatzeko modua ematen du. Hainbesterainokoak dira muga horiek, ordea, ezen Auzitegi Konstituzionalak ebatzi baitu horiekin estatuko legeria urratzen dela. Horrek ekarri du, hain zuzen ere, 3. artikuluaren ezeztatzea. Legearen 2. artikuluaren zati bat ere baliogabetu du; auzitegiaren arabera, artikulu horren bitartez, autonomia erkidegoaren eskumenak jurisdikziopeko uretara eta ozeanoetako zorupera ere zabaldu nahi izan dira, eta lurraldetasun printzipioa urratzea ekarriko luke hori onartzeak. Espainiako Gobernuak helegitea jarria zuen beste hainbat artikuluren aurka ere, baina horiek ez ditu aintzat hartu, horiekin Espainiako oinarrizko legerik ez dela urratzen ondorioztatu baitu.

Hautu «drastikoena»

Tamala erakutsi du Eusko Jaurlaritzak ebazpen horren harira; Auzitegi Konstituzionalak hautu «drastikoenaren» alde egin duela adierazi du. Nabarmendu du, gainera, ez dela aho batez onartu. Legegintzako herri ekinaldi baten bitartez gauzatu ahal izan zen lege hori Eusko Legebiltzarrean, eta 100.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten aurretik horren aldeko izenpetzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna