Bide orria presoentzat

Otegik uste du presoak askatzeko modua diseinatzen hasi behar dela. Madrilek dio Europako irizpideekin bat egiten duela espetxe politikak

Arnaldo Otegi, pasa den ostiralean Donostian egindako agerraldian. G.E. / EFE.
Edurne Begiristain.
2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
ETAk jarduera armatua laga zuenetik sei urte igaro diren honetan, euskal presoen auzian «jauzi kualitatiboa» egiteko garaia dela iritzi dio Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak. Haren ustez,ezinbestekoa da presoak aske uztea eta etxera itzultzea ahalbidetuko duen «bide orria» diseinatzea. «Mahai baten bueltan eseri behar dugu, eta preso guztiak aske utziko dituen bide orri bat diseinatu behar dugu». Onda Vasca irratian elkarrizketatu dute Otegi, eta han mintzatu da, besteak beste, euskal presoen gaiaz.

EH Bilduko koordinatzailearen esanetan, presoak etxeratzeko eskaera ez da kokatu behar independentisten estrategia politikoan. Azaldu du edozein gatazka politiko amaitzen denean presoen afera konpontzeko bideak topatzen direla, eta ohikoena izaten dela presoak euren etxeetara itzultzea. Sri Lankako gerran gertatutakoa jarri du adibide gisa: hango gatazka armatuak 70.000 preso politiko inguru eragin zituen, baina, gaur egun, ehun inguru baino ez daude.

Euskal Herriaren kasuan, ostera, presoek euren jaioterrietatik milaka kilometrora urrunduta jarraitzea «eskandalagarria» dela salatu du Otegik. Horregatik, beharrezkotzat jo du gaia mahai gainean jartzea eta presoak etxeratzeko «moduaz, baldintzez eta epeaz» eztabaidatzea.

'Bergeron txostena'

Espainiako Gobernuak ziurtatu du Espainiako espetxe politika bat datorrela Europako Parlamentuak duela bi hilabete pasa onartutako Bergeron txostena-k dioenarekin. Besteak beste, Espainiaren urruntze politika salatu du txosten horrek, eta gaixo dauden presoei babes handiagoa emateko eskatu dio.

EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak idatziz galdetu dio gobernuari txosten hori aintzat hartzeko duen asmoaz. Madrilgo Gobernuak erantzun dio bere espetxe politikak bat egiten duela Europako Parlamentuaren gomendioekin. Horrez gain, esan du epaileek eta Herriaren Defendatzaileak presoen eskubideak «zaintzen» dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.