Presoekiko eta senideekiko elkartasunari eusteko premia adierazi du Sortuk

Adierazi du bazekiela presoei laguntza ekonomikoa ematearen aurkako operazio bat prestatzen ari dela Polizia.

Abokatuak lirateke jomuga
Guardia Zibila, urtarrilean, abokatuen Hernaniko egoitza miatzen.
Guardia Zibila, urtarrilean, abokatuen Hernaniko egoitza miatzen. JON URBE / ARP

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko ekainak 18
Sortuk sinesgarritasuna eman die Polizia euskal presoen abokatuen kontrako beste operazio bat prestatzen ari dela dioten filtrazioei —Gara-k atzoko zenbakian eman zuen horren berri—. Sortuk ere beste bide batetik operazio horren berri izan duela azaldu du Pernando Barrenak, eta kezkatzekoa dela informazioaren edukia. Euskal presoei ekonomikoki ematen zaien laguntza izango luke jomuga sarekadak, eta abokatuen bulegoetan jarduten duten hainbat pertsona atxilotzea ekarriko luke. Lau lagunen atxiloketa, gutxienez.

Polizia operazioak, egingo balitz, ekarriko lituzkeen «ondorio larriez» ohartarazi du Barrenak. Izan ere, presoekiko eta haien senideekiko «elkartasuna zigortuko» litzatekeela dio. «Gogoratu behar da elkartasun ekonomiko hori presoen senideei ematen zaiela bereziki, familiek pairatzen dituztelako zuzenean presoen sakabanaketaren ondorioak; presoak etxetik ehunka kilometrora espetxeratua izateak izugarrizko gainkostu ekonomikoak dakartza».

Presoak urrunduta edukitzeak familiari diru kostu handiak eragiten dizkiela azaldu du; «beharrezkoa da astero ehunka kilometro egitea presoa bisitatzeko, beharrezkoa da presoak juridikoki laguntzea eta beharrezkoa da osasun laguntza ematea». Hori guzti hori presoen senideen bizkar gainean geratzen dela ohartarazi du Barrenak. Eta «karga hori arintzeko» badagoela «elkartasun sare bat». Elkartasun horri erasateak, beraz, senideen sufrimendua areagotzea besterik ez duela lortu nahi uste du. «Galdetu behar genioke geure buruari ea Barne ministroak presoek laguntza letradunik ez edukitzea nahi duen, osasun laguntzarik ez izatea eta bisitarik ezin jasotzea».

Norabide horretan kokatu du balizko polizia operazioa Barrenak, eta «erne egoteko» eskatu du. «Baina, aldi berean, lasaitasun mezua ere beharrezkoa da honi guztiari aurre egiteko».

Ezartzen zaizkien egoerak ikusirik euskal presoek babesa behar dutela ohartarazi du. Eta euskal gizarteak izan behar duela haien «autodefentsa». Elkartasunari eusteko eta areagotzeko deia egin dio, hargatik. «Uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela elkartasuna arlo ekonomikoan, politikoan eta giza arloan». Hartara, orain arteko bideari «beharrezkoa den arte» eusteko eskatu die herritarrei; «euskal preso politiko bakar bat ere egonen ez den momentura arte» eusteko haiekiko elkartasuna.

Iragarritako operazioaren zergatiari dagokionez, PP politikoki zein hauteskunde mailan jasaten ari den gainbeherak eragindako «desesperazioarekin» lotu du neurria; mendekuarekin. Presoek legeari helduta Euskal Herriratzeko egin dituzten eskaera indibidualen inguruan hala jokatzea ezin dela bestela ulertu uste du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna