«Beranduenez abenduan» erabakiko du gobernuak ospitaleetako sukaldeaz

Mediterranearen kontratua amaitu baino lehen, hutsean uzteko aukera baztertu du Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezek

Sukaldeak pribatizatu izana salatzeko protesta bat, Iruñean. L. F. ARROIABE / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
«Urratsak egiten ari gara». Horixe nabarmendu du Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezek, parlamentuan, Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeetako zerbitzua berriz ere publiko bilakatzeko prozesuari buruz. Ahal Dugu taldeko parlamentari Tere Saezek egin zion gai horri buruzko galdera, atzoko osoko bilkuran. Gobernua babesten duten taldeek akordio programatikoan jaso zuten auzi hori. «Ahal bezain pronto berriz ere publikoa izanen da zerbitzu hori; aukerak aztertzen ari gara, eta beranduenez abenduan hartuko dugu erabaki bat», azaldu zuen kontseilariak, atzo. Baztertu zuen, hala ere, Mediterranea de Catering enpresarekin duten kontratua amaitu baino lehen bertan behera uzteko aukera.

Gobernuaren eta Mediterranea de Catering etxearen arteko egungo kontratua 2016ko irailaren 23a bitarte egonen da indarrean. «Kontratua lehenago eteteak lege auzi bat ekarriko liguke enpresarekin; ez dugu argudio nahikorik kontratua hutsean utzi ahal izateko», erran zuen Dominguezek.

Aukera hori baztertuta, egoera aztertzeari ekin dio Osasun Departamentuak, erabaki bat hartu ahal izateko. Hasteko, egun enpresa pribatu baten esku dagoen zerbitzua berriz ere publiko bilakatzeak zenbateko kostua izanen duen aztertzen ari dira departamentuko kideak. «Hainbat gauza hartu behar ditugu kontuan; ikusi behar dugu sukaldea egun dagoen tokian uztea ote den aukerarik onena; bai eta egungo ekipamendua eros dezakegun ere; langileak trebatu beharko ditugu, halaber, Mediterraneak erabiltzen duen sistema ez baita lehen sukaldeetan erabiltzen zuten bera».

Arazoak, hasieratik

2013 urteko urtarrilean hasi zen Mediterranea de Catering Nafarroako Ospitale Guneko menuak prestatzen, eta lehendabiziko egunetik jaso zituen kritikak. Batetik, pribatizazioak hamaika langile karrikan utzi zituelako; bertzetik, enpresa horrek banatzen zituen menuen kalitateagatik eta kantitateagatik. Gaixoek hasieratik egin zuten protesta. Haien haserrea areagotu duten gertaerak jazo dira, gainera: torloju bat agertu zen behin plater batean; bertze batean, bakterioak antzeman zituzten menuetan... Hainbat isun jaso ditu Mediterranea de Catering etxeak, baina lanean jarraitzen du. Eta lanean jarraituko du, 2016ko iraila bitarte.

Sukaldeetako zerbitzua pribatizatu izana «erabaki tamalgarritzat» jo zuen Ahal Dugu taldeko Tere Saezek, eta nabarmendu zuen jatekoa ere badela gaixoak sendatzeko prozesuaren parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.