Eleaniztasun dekretua partzialki baliogabetu du Valentziako Nagusiak

Dekretuak gaztelania «baztertzen» duela argudiatu du. Katalanez ikasten duten ikasleek «ingelesez ordu gehiago egiten dituzte»

Katalan hizkuntzaren eta kulturaren aldeko manifestazioa, artxiboko irudi batean. KAI FOERSTERLING / EFE.
2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Generalitateak onartutako eleaniztasun dekretua bertan behera utzi du, neurri batean, Valentziako Auzitegi Nagusiak (Herrialde Katalanak); hain zuzen, dekretuaren bosgarren xedapena indargabetu du. Dekretuak unibertsitatez gaindiko hezkuntza arautzen du, eta Valentzian katalanak pairatzen duen diskriminazioari aurre egitea du helburu. Baina Nagusiak argudiatu du kontrakoa egiten duela: gaztelania baztertzea. CSI-F sindikatu kontserbadoreak jarri zuen errekurtsoa partzialki onartu dute magistratuek, eta arauaren bosgarren xedapen osagarria ezeztatu dute. Epaileen iritziz, Espainiako Konstituzioaren 14 eta 27 artikuluetan aitortutako berdintasun eta hezkuntza eskubideak «urratzen» ditu: «Gaztelerazko ikasketak aukeratzen dituzten ikasleak baztertzen ditu, katalana aukeratzen dutenek ingelesezko eskola ordu gehiago izaten dituztelako».

Sententziaren arabera, xedapenak «gaztelaniaren eta katalanaren trataera ezberdina ezartzen du, eta eragin argia dauka ikasleek ikasketa guztiak —Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren hezkuntza eta Batxilerra— amaitzean jasotzen duten ingeles maila aitortzen dien ziurtagirian». Espainiako Auzitegi Nagusia, Konstituzionala eta Europako Giza Eskubideen Auzitegia apelatu ditu Nagusiak, eta ondorioztatu du arauak «desberdintasun bidegabe eta justifikaezina» ezartzen duela Valentziako bi hizkuntza ofizialen artean, «ingelesaren aitzakiarekin».

Bestalde, Nagusiak esan du katalanaren «eskasiaren» aurrean, Valentziako Administrazioak hizkuntzaren egoera hobetzeko erabakiak hartzeko eskubidea duela, betiere «proportzionalak» direnean, eta gaztelaniari «kalte egiten» ez diotenean: «Generalitateak, bere eskumenen erabilera legitimoen barruan, ikusiko balu katalanak hizkuntzaren normalizazioaren prozesuan gabeziak dituela, katalanari gaztelaniarekiko tratu hobea ezarri beharko litzaioke, arrazoizko proportzioen barnean. Edozein modutan ere, gabezia hori frogatu egin beharko litzateke, eta aztertutako arauean ez da egin». Auzitegiarentzat, ingelesesaren irakaskuntzan antzematen den desberdintasuna ez da katalanaren normalizazioari laguntzeko ekinaldi batean oinarritzen, baizik eta «ingelesezko eskola ordu gehiago eta maila altuago bat eskainiz, katalana gailentzeko estrategia batean».

Hortaz, ondorioztatu du gaztelania aukeratzen duten ikasleei «zeharkako zigor» bat ezartzen zaiela, eta arauak efektu «etsigarri eta estimulu gabea» sortzen duela. Nagusiak gaineratu du ez dagoela «konstituzionaltasun kanonaren» barruan, eta «orekaren balantza» apurtzen duela, gaztelaniaren kalterako. Sententziak sindikatuak helarazitako beste asmo batzuk gaitzetsi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.