TTIPen aurka, kalera

AEBak eta EB lotzen ari diren merkataritza itunaren aurkako protestak egingo dituzte larunbatean, Donostian, Baionan, Iruñean eta Bilbon

Itunaren aurka otsailean Bilbon egindako protesta. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Hainbat eskubide garrantzitsu» arriskuan jarriko ditu TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoak. Hala azaldu du sarritan Euskal Herriak TTIPari Ez taldeak, TTIParen aurkako Nafarroako mugimenduak eta Ipar Euskal Herriko Stop TAFTA kolektiboak. Europako Batasuna eta AEBak negoziatzen ari dira merkataritza akordioa, eta haren kontrako protestak oihartzuna izango du Euskal Herrian ere. TTIPen aurkako nazioarteko protesta eguna izango da larunbata.

Pertsonak, ingurugiroa eta demokrazia, etekin ekonomikoen eta korporazioen eskubideen aurretik nahi dituzte Euskal Herriko taldeek; eta itunaren aurka kaleak betetzeko deia egin dute. Donostian elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Bulebarren. Baionan 14:00etan elkartuko dira, Askatasunaren plazan. Iruñean eta Bilbon, berriz, manifestazioak egingo dituzte. 18:00etan autobus geltoki zaharretik abiatuko da Iruñekoa; Moiua plazatik Bilbokoa, 20:00etan.

TTIParen aurkako Nafarroako mugimenduak Nafarroan TTIPari ez manifestua kaleratu zuen atzo. «Itzal handiko» itun bat dela salatu dute eragile sinatzaileek, eta erasoa «ikaragarria» izango dela. Nafarroako Parlamentuko taldeek hartutako jarrerak ere kezkatzen du taldea. Iazko azaroaren 6an Bildu, Aralar-Nabai eta Ezkerra taldeek mozio bat aurkeztu zuten ituna gaitzesteko. Baina UPN eta PP aurka azaldu ziren, eta PSN eta Geroa Bai taldeek abstentziora jo zuten.

«Prekaritate handiagoa»

Urtarrilean, berriz, Hego Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta gizarte taldeek agiri bateratu bat aurkeztu zuten. Itunak «burujabetzaren eta demokraziaren ukatzea, gizarte eskubide gutxiago, prekaritate handiagoa, eta ingurumen arrisku gehiago» ekarriko dituela azaldu zuten agirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.