Lehen Hezkuntzako proba egiteko ardura ikastetxeen gain utziko du Jaurlaritzak

Hirugarren mailako proba barrukoa dela eta, gobernuak dio ikastetxeek erabaki behar dutela zer egin.Uko egiten diotenak ez dituzte zigortuko

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ikastetxeen esku egongo da Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketaren ardura Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. LOMCEren barruan jaso zuten proba hori, eta Heziberri egitasmoko curriculum dekretuetan ere bai. Iaz, 30 ikastetxetan probako azterketa egin zuen Eusko Jaurlaritzak; komeria handiak izan zituen egiteko, hala ere, eskola askotan uko egin ziotelako. Aurten proba hori ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoa du Jaurlaritzak. Derrigortasunik ez du ezarriko, nolanahi ere. Esan du eskolen «barne ebaluazioa» dela hirugarren mailakoa, eta, hortaz, haiek erabaki behar dutela zer egin. Muzin egiten dioten gurasoen kontrako neurriak hartzea ere baztertu du Hezkuntza Sailak. Ziurtatu du proba horrek ez duela izango zuzeneko eragin akademikorik, eta emaitzak ez dituztela inolaz ere argitaratuko. Beste maila batzuetako ebaluazio diagnostikoen tankera izango du.

Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan egiten dituzte ebaluazio diagnostikoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan azken ikasturteetan. Emaitzak argitaratu egiten ditu gobernuak, baina ez ikastetxeka, ranking estiloan: emaitza orokorrak eta eredukakoak bakarrik ematen ditu. ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundearen bitartez egiten dituzte bi azterketa horiek.

Dekretuek zer dioten

Hirugarren mailako proban ez dute hori egingo. Jaurlaritzaren jarraibideen arabera, barne ebaluazioa izango da, eta, beraz, eskola bakoitzak erabakiko du nola egin. Derrigortasunik ez du aipatu Hezkuntza Sailak: «Barne ebaluazioa ikastetxe guztietan egin ahal izango da». Curriculum dekretuek ez diote hori, edonola ere: «Diagnostiko ebaluazioak osatzen dituzten probak funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztiek egingo dituzte». Hirugarren mailako eta seigarren mailako probak jaso dituzte dekretuan.

Dekretuan zehaztutakoa ez da erabat beteko aurten. Seigarren mailako azterketa ez dutela egingo jakinarazi du Cristina Uriarte sailburuak. «Diseinua» oraindik egin gabe dagoela, argudio hori eman du. LOMCEren arabera, aurtengo udaberrian egin behar da seigarren mailako probarekin.

Hirugarren mailako proba egitearen aldeko da Jaurlaritza; Heziberri planean ageri dela ohartarazi du. Ikasleen egoera ahalik eta azkarren diagnostikatzea du helburu, «behar diren neurriak hartzeko». Familiei ere mezu hori emango die gobernuak: «Ebaluazio diagnostikoa egitearen onurarekin beharrezko informazioa familia guztiei emango zaie». Hortik aurrera, eskolen esku geratuko da dena: noiz eta nola egin, zer egin muzin egiten dioten familiekin... «Erabakia hartzea ikastetxeari dagokio», dio Hezkuntza Sailak zabaldutako jarraibideak.

Erabakia eskolena izan arren, probak zentralizatzeko eredu bat aurkeztu du Jaurlaritzak; ISEIk egingo ditu ereduak, eta emaitzen informazioa ere hark jasoko luke. Beste mailetako ebaluazio diagnostikoekin ere berdin egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.