Galesa, plazara bidean

Galesari buruz hizketan eman zioten hasiera Udaltopen hamargarren aldiari. Gaur aurkeztuko dute datorren urteko Euskaraldia

William H. Collins, atzo, Udaltop jardunaldietan. JON URBE / FOKU.
Lasarte-Oria
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Jendez lepo abiatu zuten atzo Udaltop topaketen hamargarren edizioa, Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak izenburupean. 270 lagun elkartu ziren Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean (Gipuzkoa). Goizeko lehen hizlaria Cardiff eta Cambridgeko unibertsitateetako Colin H. Williams izan zen: Galesen bertako hizkuntza sustatzeko abiatutako ekimenez aritu zen. Gaur, berriz, 2019ko Euskaraldia aurkeztuko dute.

Euskal Herrian gertatzen den bezala, Galesen ere eskola da hizkuntza transmisiorako gakoa, Williamsek aldarrikatu zuenez. Oso gutxi dira etxetik gales hiztunak; ez dira herritarren %20ra iristen. Horregatik, Williamsek aitortu zuen eskolaren egitekoa ezinbestekoa dela galesaren ezagutza eta erabilera bultzatu nahi badira.

Eskolaz gain, ordea, beste elementu batzuek ere garrantzia handia dute Galesko hizkuntzaren iraupenean: Williamsek errepaso historiko bat egin zuen, XX. mendeko bigarren erditik aurrera galesaren alde egiteko sortu ziren legeak aipatuz. Horrez gain, adierazi zuen han ere, Euskal Herrian bezala, hainbat eta hainbat proiektu egin dituztela hizkuntzaren erabilera sustatzeko.

Hala ere, aitortu zuen egungo datuak ez direla nahi bezain onak, eta argi zeukan zergatik: «Zergatik ez dugu lortu egoera gehiago hobetzea? Galesa ingelesaren pareko izatea? Galderan bertan duzue erantzuna: ia ezinezkoa da ingelesa bezalako hizkuntza baten pareko bihurtzea». Errealitate horrek badauka Euskal Herrian dagoenarekin nolabaiteko antzekotasuna.

Horrek ez du esan nahi, ordea, hizkuntza gutxituen alde lan egitea merezi ez duenik. Euskaraldia aitzakia hartuta, Williamsek galesa indartzeko oinarri diren hamar eremu zerrendatu zituen, eta oinarri horiek azaltzean oinarritu zuen bere hitzaldia.

Lehenik eta behin, familiaren garrantzia azpimarratu zuen. Gurasoek aukeratzen dute zer hizkuntzatan eskolatuko dituzten seme-alabak, eta bikote gazteei eleaniztasunaren onurez hitz egiteak emaitza onak izan zituen Galesen, matrikulazioak %30 handitu baitziren eskola elebidunetan.

Bigarren lekuan, hizkuntzaren estatusaz mintzatu zen, eta galesa eremu publiko eta formaletan erabiltzea zilegi dela aldarrikatzeaz. Hirugarren, tokian tokiko egitasmoak sustatzeaz aritu zen. Aldarrikatu zuten herritarrak «ahaldundu» egin behar direla, haiek salbatzen baitituzte hizkuntzak, «eta ez politikariek». Hurrena, ahalduntze hori gertatzeko enpresa txikien sorrera aipatu zuen , Menter Iaith delakoena. Beste elementu garrantzitsu bat «espazio seguruak» dira; bertan galesez bakarrik egiten da, eta hiztun berriek lotsarik gabe praktikatzeko aukera dute. Gazteentzako kultur txapelketak dira beste indargune bat, haurrek txiki-txikitatik ikasten baitute jendaurrean galesez egiten. Hedabideak eta hizkuntza babesteko legeak ere aipatu zituen; azkenik, Galesko Gobernuak 2050. urterako ezarri duen erronkaz aritu zen: hiztun kopurua bikoiztu nahi dute. Williamsek ohartarazi zuen egitasmoa hori ez dela porrot gisa hartu behar zifra horretara iristen ez badira. Izan ere, «hiztun kopurua handitzea da helburua».

Esperantzaren aldeko aldarri batekin bukatu zuen hizketaldia: «Herritarrek kontrolatzen dugu egoera; gu konbentzituta bagaude, proiektuan fedea badugu, besteak konbentzituko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.