Horlivka dute helburu

Ukrainako armadak Horlivka inguruan bildu ditu soldadu gehienak, hiria hartu eta Donetsk eskualdeko hiriburua guztiz bakartzeko asmoz
Bi haur, Donetsken, eraikin bateko leiho apurtuei begira.
Bi haur, Donetsken, eraikin bateko leiho apurtuei begira. I. KOVALENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 23
Armadaren ahaleginek ez dute etenik Ukraina ekialdeko Luhanks eta Donetsk matxinoen gotorlekuak hartzeko. Azken egunetako garaipen militarrek bultzatuta, aurrera egin du Kievek matxinoen kontrolpeko eremuan. Herenegun bi eskualdeetako hiriburuak are gehiago bakartu zituen, inguruko hiriak hartuta. Atzo, beste bi hartu zituen: Severodonetsk eta Lisitxansk, Donetsk hiriaren aurkako presioa handitzeko baliagarriak. Orain, Donetsk hiriburua itotzeko, Horlivka hiria hartu nahi du armadak. Bestalde, gutxienez bost zibil hil dituzte Luhansk hiria bonbardatzean. Matxinoek, berriz, hamahiru soldadu hil dituzte.

«Guardia Nazionala Severodonetsken sartu da, eta hiria terroristez garbitzen ari da», adierazi du Oleksandr Turtxinov Ukrainako Parlamentuko presidenteak. Errusiazaleek onartu egin dute bi hiriak galdu izana.

Donetsk hiriaren sarreran ere izan dira borrokak. Halere, eskualde horretan dauden soldadu gehienak Horlivka hirira bideratu ditu armadak, Donetsketik 40 bat kilometro iparralderantz. Hiri horretako matxinoen ordezkariek ohartarazi dute borroka gogorrak izan direla. Ria Novosti Errusiako albiste agentziaren arabera, Kievek Malaysia Airlines hegazkinaren ezbeharraren gunetik 30 kilometrora erasoa egin du, nahiz eta 40 kilometroko erradio batean su-etena ezarri.

Ukrainako ekialdearen kontrola berreskuratu ez eze, mugak zaindu nahi ditu Kievek. Horretarako, Ukrainako Parlamentuak onartu du erreserbisten zati bati deitzea. Tropa gehigarri horiek soldaduak ordezkatzeko ere erabili nahi dituzte. Izan ere, horietako batzuek ez dute atsedenik hartu apirilean matxinoen aurkako operazioa hasi zutenetik. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak erabakia babestu du, esanez Errusiako mugatik gertu «eraso ahalmen handiko tropak» bildu dituela Moskuk.

EB Europako Batasuneko Atzerri ministroek bilera egin dute Ukraina ekialdeko egoerari buruz mintzatzeko. Hainbat herrialdek eskatu dute Errusiari armen enbargoa ezartzea, matxinoak armaz hornitu dituelakoan. Erresuma Batuko, Lituaniako, Letoniako eta Suediako Atzerri ministroak egin dute Moskuri zigorrak jartzearen alde. Letoniako ministro Edgars Rinkevicsek proposatu du «edozein motako teknologiak» saltzea debekatzea eta akordio militar guztiak bertan behera uztea. «Zaila da gure herritarrei azaltzea Errusiari gerraontziak saltzen ari garela».

Izan ere, Frantziak bi gerraontzi saldu dizkio Errusiari 1.200 milioi euroren truke. Lehen ontzia urrian jasoko du Moskuk, François Hollande Frantziako presidenteak baztertu egin baitu akordioa haustea. Dena den, bigarren ontzia «Errusiaren jarreraren arabera» emango diete.

Bestalde, Ukrainako Polizia erreformatzeko bi urterako laguntza onartu dute EBko Atzerri ministroek. Kievek eskatuta, «aholkularitza estrategikoa» eskainiko dio EBk, «segurtasun zerbitzu eraginkor, arduradun eta iraunkorrak garatzeko».

Kaxa beltzak, Londresera

Ukrainako Gobernuaren kontrolpeko Kharkiv hirira iritsi dira Malaysia Airlines hegazkinaren ezbeharreko gorpuak, trenez. Hurrengo egunetan Herbehereetara garraiatuko dituzte, autopsia egin diezaieten. Kharkivera bidean, Donetsk hirian gelditu zen une batez trena, eta Malaysiako ordezkariek han jaso zituzten hegazkineko kaxa beltzak, «egoera onean». Erresuma Batuko talde batek ikertuko ditu kaxa beltz horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna