Ali Khameneiren arabera, «Iranen etsaiak» ari dira protestak hauspotzen

Mobilizazioetan hogeitik gora pertsona hil dituzte. Atxilotutakoei zigor «gogorrak» ezarriko dizkietela ohartarazi die epaile batek manifestariei

Igor Susaeta.
2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Segurtasun indarren eta manifestarien arteko borrokak gertatu ziren Irango Isfahan eskualdean herenegun gauean, eta bederatzi pertsona hil zituzten. Pairatzen ari diren egoera ekonomikoa salatzeko asmoarekin, herritarrak mobilizatzen hasi ziren joan den ostegunean, eta orduz geroztik hogei lagunetik gora hil dituzte Iranen eta Irango Kurdistanen gertatutako istiluetan, eta atxilo hartu dituztenak mila dira gutxienez. Ali Khamenei Irango Errepublika Islamikoko lider gorenaren esanetan, «Iranen etsaiak» dira gertatzen ari den horren erantzuleak, eta haiek hauspotu dituzte protestak. Eta Musa Ghazanfarabadi Teherango Auzitegi Iraultzaileko presidenteak ohartarazpen bat egin die manifestariei: «Egunak pasatu ahala, ezarritako zigorra gogortuko diete atxilotutakoei. Guretzat jada ez dira beren eskubideengatik protestatzen ari direnak, erregimenari kalte egin nahi diotenak baizik».

Izan ere, hasierako mobilizazioak Hassan Rohaniren gobernuaren kontrakoak izan ziren—agindutako erreforma ekonomiko eta sozialak betetzeko eskatzen diote 2013tik presidente denari—, baina egunak pasatu ahala errepublika islamikoa, hau da, sistema bera ari dira zalantzan jartzen manifestariak, eta, esaterako, lau meskita erre dituzte Savadkuh eskualdean, herrialdearen iparraldean.

Khameneiren beraren kontrako leloak ere oihukatu dituzte manifestazioetan, baina aiatolak, zeina Ruhola Khomeini 1979ko iraultza islamikoaren liderraren ordezkoa den 1989tik, kanpora begiratu du, ez barrura. «Errepublika islamikoaren barrenean arazoak sortzeko asmoarekin, Iranen etsaiak hainbat tresna erabiltzen ari dira azken egunotan: dirua, armak, politikariak eta inteligentzia zerbitzuak», adierazi zuen atzo bere webgune ofizialean. Halere, oraindik ez zaie mintzatu herritarrei berei, «egoki denean» hitzegingo baitie.

Trump, gasolina botatzen

Rohanik ere kanpora begiratu zuen bezperan, eta iradoki AEBak eta Israel ari direla protestak sustatzen. Ali Xamkhani Segurtasun Nazionalarerako Kontseilu Goreneko idazkaria, baina, areago joan da, eta atzo nabarmendu zuen AEBetako, Erresuma Batuko eta Saudi Arabiako administrazioak daudela mobilizazioen atzean. Donald Trump AEBetako presidenteak jarraitzen du suari su ematen, eta, Twitter bidez, adierazi du Iranen «jateko gutxi» dutela, «giza eskubideak» ez dituztela errespetatzen, eta AEBak gertatzen ari dena «zaintzen» ari direla. Irango Atzerri Ministerioak erantzun dio arduratu dadila «AEBetan etxerik ez dutenez eta gose direnez». Hossein Zolfaghari Barne ministroaren esanetan, 25 urtetik beherakoak dira atxilotutakoen %90. Irango gazteen %30 inguru langabezian zeuden joan den urtean.

Barruan, bien bitartean, herritarrei sare sozialen erabilera murriztu die administrazioak, eta, Barne Ministerioaren baimenarekin soilik antola daitezke manifestazioak. Ghazanfarabadik argitu zuenez, segurtasun nazionalari «eraso» egitea leporatu ahal izango diete manifestariei, baita moharebeh delakoa ere, «jainkoarenganako etsaitasuna», alegia. Bi delitu horiengatik heriotza zigorra ezar dezakete Iranen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.